Israelek esker ona adierazi die AEBei eta EBri, Iranen aurkako zigorrak onartzeagatik

EBk eta AEBek erabaki dute, nork bere aldetik, zigor ekonomikoak ezartzea material militarra ekoizten duten Irango konpainiei.

G7koen Atzerri ministroak eta Jossep Borrell EBko diplomaziaburua, gaur, Caprin, Italian. ALESSANDRO DI MEO/EFE
G7koen Atzerri ministroak eta Josep Borrell EBko diplomaziaburua —ezkerrean—, gaur, Caprin, Italian. ALESSANDRO DI MEO/EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 18a
14:45
Entzun

Iranen erasoaren harira, Israelen aldeko elkartasuna areagotu du Mendebaldeak, noiz eta, urriaren 7tik Gazaren aurka egiten ari den sarraskiagatik, nazioarteko babesa galtzen ari zenean. Berriro indartutako babes horren adierazle da EB Europako Batasunak atzo gauean onartutako zigorra, droneak eta misilak ekoizten dituzten Irango konpainien aurkakoa. Hori «ahalik eta lasterren» indarrean jartzea da EBren asmoa; eta, Josep Borrell EBko diplomaziaburuak atzo aurreratu zuenez, horretan lan egiten has dadila eskatu diote Kanpo Harremanetarako Europako Zerbitzuari. Erabaki hori hartu izanagatik, talde komunitarioari eskerrak eman dizkio gaur Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek: «[Neurria] Urrats garrantzitsu bat da Teherango erregimena berandu baino lehen gelditzeko».

Talde komunitarioak Bruselan hartu zuen erabakia, atzo, eta handik ordu gutxira antzera egin dute AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak ere. Batetik, Irango drone militarren aurkako zigorra ezarriko du Washingtonek; zigorrak drone horien ekoizpenean lan egiten duten dozenaka langileri eta bi enpresari eragingo die, baita enpresa horiek ekoizpenerako osagaiekin hornitzen dituzten zenbait konpainiari ere. Bestetik, Irango Guardia Iraultzaileko hainbat sailen aurkako zigorrak ezarriko ditu Londresek, hala nola Irango Guardia Iraultzaileko itsas armadaren aurka.

AEBetako presidente Joe Bidenek eman du erabakiaren berri, eta talde komunitarioari  bezala, Washingtoni ere eskerrak eman dizkio Katzek. «Zorionak ematen dizkiot Bideni, Israelen segurtasunarekiko erakutsi duen konpromiso irmoarengatik, eta Irango Guardia Iraultzailearekin lotutako zenbait konpainia eta pertsonari ezarriko dizkioten zigorrengatik», idatzi du X sare sozialean.

Halere, orain arte ezarritako zigorrak areagotu egin behar lituzketela esan du, gaur, Borrellek. Italian bilduta daude G7koen Atzerri ministroak, eta hara iritsi ondoren emandako hitzaldian egin ditu adierazpenok: «Dagoeneko indarrean dago Irango drone eta misilak fabrikatzeko osagaien kontrako zigorren sistema, baina, sistema hori eraginkorragoa izatea nahi badugu, berrikusi eta areagotu egin behar da».

Bigarren eskaera

Iragarritako zigorraz gain, Europako blokeak beste eskaera bati zer erantzungo dion jakiteko zain dago Tel Aviv. Talde komunitarioko bilera hasi baino lehen, Israelgo Atzerri ministroak gutun bat bidali zien 32 herrialderi —horietatik ia guztiak, Europako estatuak—, eskatzeko Irango Guardia Iraultzailea «talde terrorista» izendatu dezatela. AEBetako presidente zen garaian, 2019ko apirilean, hori egin zuen Donald Trumpek, eta Europako Parlamentuak ere gauza bera egiteko eskatu zuen Mahsa Aminiren hilketaren ondoren. Oraingoz, baina, EBk ez du hartu erabaki bateraturik horren inguruan.

Asteon, Tel Avivek baieztatu du erantzun egingo diola Iranek joan den larunbatean egindako erasoari—Teheranek hirurehun drone eta misil baino gehiago jaurti zituen Israelera—, eta horrek zertxobait gehiago areagotu du gatazka Ekialde Hurbilera zabalduko den kezka. Mendebaldeko aliatuen arabera, erasoa «neurtua» izango da, nahiz eta Israelek oraindik ez duen zehaztu erasoa nolakoa izango den. Horren harira, Borrellek bere atzoko hitzaldia probestu zuen berriro ere bi aldeei —Irani eta Israeli— eskatzeko ez dezatela areagotu eskualdeko tentsioa.

Sei hilabete pasatxo igaro dira Israelek Gazaren aurkako oldarraldia hasi eta zerrenda erabat setiatu zuenetik, eta, ondorioz, gero eta egoera larriagoan daude han bizi diren palestinarrak. Horren inguruan, Borrellek atzo berretsi zuen EBk aurrerantzean ere emango duela laguntza humanitarioa, Gazako «katastrofe humanitarioa arintzeko». Gazan ezarritako setioak eragindako krisi humanitarioaz gain, ordea, Zisjordanian nabarmen egin dute gora kolono israeldarrek palestinarren aurka egindako erasoek.

UNRWA-k ohartarazi du erakundea bertan behera uzteak GAZAko krisia areagotuko lukeela

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa bertan behera uzteak azkartuko egingo luke Gazan gosete bat hasteko arriskua, erakundeko buru Philippe Lazzariniren arabera. Iragan urtarrilean, erakundeko zenbait langilek urriaren 7ko erasoan parte hartu zutela salatu zuen Israelgo Gobernuak, eta, horren harira, hainbat herrialdek bertan behera utzi zituzten, behin-behinean, erakundera bideratzen zuten laguntza ekonomikoa. Gaur emandako prentsaurrekoan, Israelen akusazioak «azpijokotzat» jo ditu Lazzarinik. «Halako salaketen helburua da milioika palestinarren errefuxiatu estatusa bertan behera uztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.