Israelek 1.200 hektarea desjabetu ditu Zisjordanian: azken 30 urteetako konfiskaziorik handiena

Urriaren 7az geroztik, 2.370 hektarea konfiskatu ditu Israelek Zisjordanian; aurten, beste inoiz baino gehiago.

Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa. ABIR SULTAN / EFE
Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa. ABIR SULTAN / EFE
2024ko uztailaren 4a
15:38
Entzun

Zisjordaniako Jordan haraneko 1.200 hektarea desjabetu zituela iragarri zuen Israelek, atzo. 1993an Osloko Ituna sinatu zutenetik kolpe bakarrean egin duen lur konfiskaziorik handiena da. Jada 2.400 hektarea palestinar ingururen jabetza aldarrikatu du Israelek iazko urriaren 7an Palestinaren aurkako erasoak areagotu zituenetik, Israelgo Peace Now gobernuz kanpoko erakundeak argitaratutako datuen arabera. Israelek Zisjordaniako biztanle palestinarrak kanporatzeko erabiltzen duen prozedura da lurren desjabetzea. 

Israelgo agintariek aurten egin duten gisa horretako hirugarren iragarpena da atzokoa; martxoaren nahiz otsailaren amaieran 800 eta 260 hektarea, hurrenez hurren, desjabetu zituztela berri eman zuten. Hainbat ikerketak diotenez, egun 700.000 kolono israeldar inguru bizi dira Zisjordania okupatuan, 300 eremu ilegaletan banatuta. Gainera, Zisjordaniako lur okupatuetan beste 6.000 etxebizitza eraikiko dituztela jakinarazi zuen Plangintza Kontseilu Gorenak, astelehen honetan.

1993an sinatutako Osloko Itunean Israelgo Gobernuak eta Palestinaren Askapenerako Erakundeak (PAE) Zisjordania hiru eremutan banatu zuten: A eremua, Palestinako Aginte Nazionalaren (PAN) administraziopean; B eremua, PANen administraziopean, baina Israelen kontrol militarrarekin; eta C eremua, guztiz Israelen eskuetan. Ordutik, Zisjordanian okupatutako eremuen hedapena ohikoa izan den arren, 2022aren amaieran Benjamin Netanyahuk lehen ministro kargua berriro hartu zuenetik nabarmenki handitu da, nahiz eta nazioarteko legediaren arabera legez kanpokoak izan.

«Netanyahuren helburu nagusia da israeldarrek eta palestinarrek konponbide politiko bat iristeko aukera oro ezabatzea», salatu du Peace Nowek, ohar batean. Bestalde, Europako Batasunak Israelen desjabetzeak «gaitzetsi» ditu, eta Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak adierazi du ez duela onartuko 1967ko Palestinako mugen aldaketarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.