Sirian «eraso kriminal bat» egitea egotzi dio Iranek Israeli

Israelgo armadak Siriako Masyaf hiriko zenbait eremu bonbardatu ditu, eta gutxienez 25 lagun hil ditu eraso horietan. Libanoko lehen ministroak eskatu dio nazioarteari Tel Avivi presio handiagoa egiteko, Libanoren aurkako erasoak eten ditzan.

Siriako presidente Baxar al-Assad —ezkerrean— eta Irango lider goren Ali Khamenei —eskuinean—, iragan maiatzean, Teheranen. EFE
Siriako presidente Baxar al-Assad —ezkerrean— eta Irango lider goren Ali Khamenei —eskuinean—, iragan maiatzean, Teheranen. EFE
maddi iztueta olano
2024ko irailaren 9a
13:20
Entzun

Siriako ipar-mendebaldeko Masyaf hiriko zenbait eremu bonbardatu zituen atzo gauean Israelgo armadak, argudiatuta bere asmoa zela Iranen babespeko hainbat miliziaren «eraikin militarrei» eraso egitea. Siriako SANA berri agentziaren arabera, gutxienez 25 lagun hil zituzten, eta 43tik gora zauritu. Nolanahi ere, Teheranek ukatu egin du bonbardatutako eremuekin neholako loturarik izatea, eta Siriako Gobernuaren kontrolpeko lurretan «eraso kriminal bat» egitea leporatu dio Israeli, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Nasser Kanaanik emandako prentsaurreko baten bidez. Are, Israelen aliatuei eskatu die utz diezaiotela herrialdea diplomatikoki eta militarki babesteari. 

Siriako Atzerri Ministerioak ere gaitzetsi egin du erasoa, gaur kaleratutako prentsa ohar baten bidez. Komunikatu horretan, zehaztu du zibilen eraikin batzuk ere hondatu dituztela bonbardaketa horietan, eta hiriko zenbait azpiegituratan kalteak eragin dituztela. Ildo beretik, Hamasek Siriako Gobernuaren subiranotasunaren aurkako «urraketa larritzat» jo du Israelgo armadaren erasoa. Bonbardaketen ondorioz, bi sute handi ere piztu zirela jakinarazi du SANA berri agentziak; horiek itzaltzeko lanetan dihardute.

Iragan urriaren 7az geroztik, Israelgo armadak areagotu egin ditu eskualdean jarduten duten Iranen babespeko milizien aurkako erasoak, batez ere Sirian eta Libanon. Eraso horiek kezka nagusi bat zabaldu dute: Gazaren aurkako erasoaldia Ekialde Hurbileko beste eremu batzuetara zabalduko ote den. Gainera, azkenaldian gero eta Israelgo paisaia politikoko kide gehiagok ireki diote atea aukera horri, hala nola Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek eta Israelgo Defentsa ministro ohi (2020-2022) eta gerrarako kabineteko kide izandako Benny Gantzek —joan den ekainean utzi zuen, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin zituen desadostasunak tarteko—.

Azken horrek gaur egin ditu aukera horri buruzko adierazpenak, Washingtonen (AEB), Ekialde Hurbilaren inguruko foro batean: «Iparraldearen aurka egiteko ordua iritsi da; are, berandu goaz. Israel gai da Libanoko Estatuari eraso egiteko, hori beharrezkoa balitz». Hain justu, Libanoren aurkako erasoak eta mehatxuak hizpide, Mendebaldeko hainbat diplomaziabururekin elkartzekoa da, asteon, Libanoko lehen ministro Najib Mikati. Haren arabera, bilkura horren helburua da nazioarteak Israeli «presio handiagoa» egitea, Libanoren aurkako erasoak eten ditzan. 

«Nazioarteko estatuek ezin dute onartu Israelek nazioarteko zuzenbidea urratzea» 

VOLKER TUERKOHCHRko goi mandataria

Antzera mintzatu da OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatari Volker Tuerk, Genevan (Suitza), gaur hasi den NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen inguruko Kontseiluan: «Nazioarteko estatuek ezin dute onartu Israelek nazioarteko zuzenbidea urratzea, ezta NBEko Segurtasun Kontseiluaren eta Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpenei eta aginduei jaramonik ez egitea ere». Israelen «mespretxuen» aurrean, «zerbait» egin dezatela eskatu die haren aliatuei. 

Jordaniako mugetan ere, tentsioa

Israelgo Gobernuak Jordaniarekin dituen muga guztiak itxi zituen atzo, behin-behinean, Jordaniaren eta Zisjordaniaren arteko Hussein Erregea Zubian atzo goizean izandako erasoaren harira. Jordaniatik kamioi batean sartu zen gizon batek tiroz hil zituen Israelgo armadako hiru soldadu. Palestinako Jihad Islamikoak txalotu egin zuen erasoa, komunikatu baten bidez, eta Hamaseko adar armatuko Al-Qassam Brigadek abagunea probestu zuten Jordaniari Israelen aurkako «erresistentzia» areagotu zezala eskatzeko. 

Netanyahuk, berriz, erasoa gaitzetsi zuen, eta Irani egotzi zion horren erantzukizuna, argudiatuta berak hornitzen dituela Israeli eraso egiten dioten «talde terrorista guztiak». Nolanahi ere, Jordaniako iturri ofizialek argitu zuten, atzo gauean, erasotzaileak bere kabuz jardun zuela. 

Jordaniako Barne Ministerioak gaur jakinarazi du berriro ere irekita dagoela pasabide hori, baina oinezkoentzat bakarrik. 

%80

Zenbat eskola suntsitu dituzten Gazan. NBE Nazio Batuen Erakundeak gaur emandako datuen arabera, Gazako eskola guztien %80 baino gehiago suntsitu ditu Israelgo armadak iragan urriaren 7az geroztik. Ondorioz, hezkuntzarako sarbiderik gabe gelditu dira 625.000 haur eta nerabe baino gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.