Europako Parlamentuak indarkeria matxista arautzeko legea onartu du

Legeak delitutzat joko ditu mutilazio genitala, ezkontza behartua eta ziberjazarpena. Bortxaketa, ordea, ez. Europako Batasunak indarkeria matxista borrokatzeko onartuko duen lehenengo legea izango da.

Indarkeria matxista salatzeko kontzentrazio bat iaz, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat iaz, Irunen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 24a
15:15
Entzun

Europako Parlamentuak indarkeria matxista arautzeko legea onartu du gaur. Arauak delitutzat joko ditu mutilazio genitala, ezkontza behartua eta ziberjazarpena. Halere, ez du delitutzat joko bortxaketa. 522 parlamentarik bozkatu dute alde, 27 kidek kontra eta 72 abstentzio egon dira. Parlamentuak onartu ostean, Europar Kontseiluak berretsi beharko du. EB Europako Batasunak indarkeria matxista borrokatzeko onartuko duen lehenengo legea izango da.

Indarkeria matxista arautzeko lehenengo zuzentaraua 2022ko martxoaren 8an onartu zuen Europako Batzordeak. Hasieran, onespenik gabeko ekintzak bortxaketa gisa hartu nahi izan zituzten, horiek delitutzat joz, eta biktimek mehatxu edo derrigortze frogarik aurkezteko beharrik gabe. Soilik baietz da baietz kontzeptuan oinarritu ziren horretarako; besteak beste, Espainiako eta Herbehereetako legeek jasotzen dute hori.

Halere, negoziazioetan ibili ostean, otsailean onartutako legeak ez du delitutzat jo bortxaketa. Hamahiru estatu kidek delitu izendatzearen alde egin bazuten ere, ez zen nahikoa izan; gutxienez hamabost estatuk eman behar zuten baiezkoa. Frantziak, Alemaniak eta Hungariak horren kontra egin zuten. Argudiatu zutenez, bortxaketa delitutzat jotzea ez dagokio Europako Parlamentuari, estatu bakoitzaren eskumena baita.

Negoziazioen buru izan diren Frances Fitzgerald Irlandako EPP alderdi popularreko kideak eta Evin Incir Suediako S&D Sozialista eta Demokraten Aliantza Aurrerakoia alderdiko kideak aitortu zuten «dezepzionatuta» zeudela erabakiarekin. Haien ustez, ezinbestekoa da bortxaketa delitutzat jotzea. Halere, Fitzgeraldek adierazi zuen legea «hasiera bat zela, eta ez amaiera bat». «Lehen aldiz, Europako Batasunak mezu argi bat bidali du: emakumeon aurkako indarkeria gure segurtasunerako mehatxutzat hartzen dugu», erantsi zuen.

Horri lotuta, Incirrek adierazi zuen ez zuela ulertzen hainbat estatu kideren jarrera: «Ez dut ulertzen hainbeste estatu kidek zergatik jartzen dituzten oztopoak indarkeria matxistari aurre egiteko; dezepzionatuta nago, batzuek historiaren alde okerrean kokatzea erabaki dutelako». Haatik, erantsi zuen legeak erakusten duela EBk «etengabe hobetzeko konpromisoa» duela.

Justiziarako sarbide errazagoa

Mutilazio genitala, ezkontza behartua eta ziberjazarpena zigortzeaz gain, legeak justiziarako sarbidea errazagoa izateko modua egingo du. Horrez gain, prebentzio kanpainak sustatuko ditu, eta biktimentzako babes handiagoa eskainiko du.

Osasun arretan artatuta izateko prozedurak hobetu nahi ditu arauak, baita txostenen aurkezpena eta frogen bilketa ere. Batzordeak bost urtean behin emango du arauen berrikuspenaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.