Zundaketen arabera NFP ezkerreko frontea litzateke lehen indarra Frantziako Asanblean

Ensemble koalizio presidentzialista izango litzateke bigarren indarra, eta RN eskuin muturrekoa, hirugarrena. 1981etik erregistratutako parte hartze datu altuenak izan dira egunean zehar.

NFPren aldeko zundaketaren berri izan duten momentua, Marseillako taberna batean. TERESA SUAREZ / EFE
NFPren aldeko zundaketaren berri izan duten momentua, Marseillako taberna batean. TERESA SUAREZ / EFE
mikel p ansa
2024ko uztailaren 7a
20:10
Entzun

NFP ezkerreko alderdien koalizio zabalari eman diote lehen postua zundaketek. Frantziako Asanblea Nazionalerako bigarren itzuliko azken bozkalekuak itxita, 20:00etan, Ipsos institutuaren zundaketa zabaldu dute, eta, horren arabera, NFPk 163 eta 179 diputatu artean izango lituzke legebiltzar berrian.

Beti zundaketa horren arabera, Ensemble koalizio presidentziala litzateke bigarren indarra, 150 eta 170 diputatu artean lortuta. Eta RN eskuin muturrekoa hirugarren tokian geratuko litzateke, 132 eta 152 diputatu artean lortuta. LR Errepublikanoek 57 eta 67 ordezkari artean lituzkete; eskuineko bestelako hautagaitzetakoak lirateke 13 eta 16 diputatu artean; eta tokikoak lirateke gainerakoak (8 eta 11 artean).

Ifop institutuak TF1 kate publikoarentzat egindako zundaketak ere ondorio berak berretsi ditu, diputatu kopuruak pixka bat aldatu arren: NFP litzateke lehen indarra —180 eta 215 diputatu artean—, Ensemble bigarrena —150 eta 180 artean— eta RN, berriz, hirugarrena —120 eta 150 artean—.

Emaitzak oso estuak dira, halere, eta zundaketek joera bat erakusten badute ere, zenbaketa adi jarraitu beharko da, hiru blokeak ere oso emaitza tarte estuan utzi baititu zundaketak. Dena den, Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko burua berehala zuzendu zaio Emmanuel Macron presidenteari: «Presidenteak Fronte Popular Berriari deitu behar dio gobernatzera».

Parte hartzea

Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzulian, %59,71ko parte hartzea izan da 17:00etarako, Barne Ministerioaren datuen arabera. Aurreko igandean, lehen itzulian, %59,4ko parte hartzea neurtu zuten ordu berean, eta igande honetan doi bat altuagoa izan da, beraz. 2022ko hauteskundeetan, bigarren itzulian, hautesleen %38,1ek eman zuten botoa ordu horretarako, eta aurten ia 22 puntu egin du gora parte hartzeak, beraz. 1981etik neurtu duten parte hartze altuena ere bada —%61,6koa izan zen ordu horretan—.

Frantzian baino parte hartze altuagoa izan da Pirinio Atlantikoetan, prefetaren datuen arabera: 17:00etarako, hautesleen %63,18k eman dute botoa; orain bi urteko bigarren itzulian ordu berean baino ia hemezortzi puntu altuagoa da parte hartzea, orduan 17:00etarako hautesleen %45,77k eman baitzuten botoa.

Ipar Euskal Herrian argitu dira emaitzak. NFPko hautagaiak aukeratu dituzte hiru barrutietan: Peio Dufau EH Baiko kidea seigarren barrutian, Colette Capdevielle PSkoa bosgarrenean, eta Iñaki Etxaniz PSkoa laugarrenean.

Gehiengo osoa, urrun

Zalantza gutxi ziren RNk hauteskundeak irabaziko zituela, eta galdera zein kezka nagusia zen ea gehiengo absolutua lortuko ote zuen. Zundaketek guztiz bestelako argazkia utzi dute, ordea.

Frantziako hauteskundeen sistemak eta alderdi, koalizio eta norbanakoen sare konplexuak ez du erraza egiten botoen kontaketa. 577 aulki daude Asanblea Nazionalean, eta joan den igandean, lehen itzulian, 76 hautagaik lortu zuten diputatu akta —boto emaileen %50 eta erroldatuen %25 baino gehiagoren babesa lortu behar da horretarako—. Hautetsi horietatik 39 dira RNko kideak, eta 31 NFPkoak; Ensemblek bi diputatu baizik ez ditu lortu lehen itzulian, eta LRk beste bat. Ezkerrekoak dira beste bi hautagai, eta tokiko hautagaitzetakoak beste bi.

Emaitzak barrutika aletzen badoaz ere, Frantziako Asanblearako hautesleku guztietako emaitzak itxitzat emateko ordu batzuk beharko dituzte agian, eta litekeena da diputatu kopuru zehatza ez argitzea gaur gauean.

Aurrez aurreko 409 lehia

Asteartean 18:00etan bukatu zen bigarren itzulirako hautagaiak aurkezteko epea, eta berrehun barrutitan baino gehiagotan atzera egin zuten hautagai batzuek, RNren aurkako botoa biltzeko —batez ere ezkerreko koalizioetakoek, baina baita Ensemblekoek ere, lan gehiagorekin—. Bi hautagai ziren barrutietako batean, berriz, bietako batek etsi zuen, eta hartara, gaur bostehun barrutitan egin dute bozketa.

409 barrutitan eduki dituzte bi alderdiren arteko aurrez aurreko lehiak. RN eta NFP aurrez aurre aritu dira 152 barrutitan, eta RN eta Ensemble beste 132 barrutitan. RNko eta LRko hautagaiak, berriz, 47 barrutitan lehiatu dira parez pare, eta Ensembleko eta NFPko hautagaiak, 30 barrutitan. RNkoak beste zerrenda batzuen kontra lehiatu dira 24 barrutitan, eta NFPkoak beste hautagaitza batzuen kontra hamahirutan.

Gainerako 91 barrutietan hiru alderdi edo gehiago lehiatu dira —zehazki, 89 barrutitan aurkeztu dira hiru alderdi, eta bi barrutitan lau—. Horietatik guztiz gehienetan, 70etan, RNko, NFPko eta Ensembleko hautagaiak lehiatu dira elkarren kontra.

RNren 444 hautagai

RNk lehen itzulian lortutako emaitza izugarrien ondorio dira bigarren itzuliko datuak: bostehun barruti horietatik 444tan aurkeztu dira RNko hautagaiak —pentsatu behar da ia barruti guztietan izan dela RNko hautagairen bat aukeran, eta bostehun barruti horietatik 409tan izan dituztela bi hautagairen arteko lehiak—. Gainera, gaur lehian diren 259 barrutitan lehen indarra izan zen RN lehen itzulian. Porrota are nabarmenagoa litzateke, beraz, zundaketen emaitzak berretsiko balira, berretsiko bailuke irabazteko aukera zuten barruti askotan galdu lukeela RNk.

NFPk 287 hautagai eduki ditu lehian bigarren itzulian, eta horietatik 130 barrutitan lortu zuen lehen indarra izatea lehen itzulian. Ensemblek, berriz, 239 hautagai izan ditu lehian gaur. Lehen itzulian, 67 barrutitan lortu zuen lehen indarra izatea. LRk, berriz, hemezortzi barrutitan soilik lortu zuen lehen indarra izatea lehen itzulian.

Kaledonia Berrian

Kaledonia Berriko emaitzak jakinarazi dituzte: Emmanuel Tjibaou independentista aukeratu dute bigarren barrutian, botoen %57rekin; lehen barrutian, berriz, Nicolas Metzdorf loialista hautatu dute, botoen %52,4 jasota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.