Hamar eguneko erasoaldiaren ondoren, Israelgo tropak Zisjordaniako Jenin hiritik irten dira

Israelgo armadak ez du baieztatu Jeningo operazio militarra bukatu duenik. Palestinako iturrien arabera, soldadu israeldarrek ekintzaile estatubatuar bat hil dute, tiroz, Nablusen.

Zenbait palestinar, Israelgo erasoetan birrindutako eraikinak inguruan dituztela, gaur, Jeninen, Zisjordanian. ALAA BADARNEH / EFE
Zenbait palestinar, Israelgo erasoetan birrindutako eraikinak inguruan dituztela, gaur, Jeninen, Zisjordanian. ALAA BADARNEH / EFE
maddi iztueta olano
2024ko irailaren 6a
16:20
Entzun

Israelek Zisjordaniako Jenin hirian zituen tropak atera ditu gaur goizaldean, Palestinako Wafa berri agentziak jakinarazi duenez. Israelek iragan abuztuaren 28an jarri zuen abian aspaldian Zisjordanian egindako esku hartzerik handiena; horren erakusle da, hain justu, Israelgo soldaduak Jeninen izan diren hamar egunetan 21 palestinar baino gehiago hil izana, PAN Palestinako Aginte Nazionalak emandako datuen arabera. Nolanahi ere, goizean prentsa ohar bat kaleratu du Israelgo armadak, eta mezu horretan ez du baieztatu Jeningo operazio militarra bukatu duenik.

Dena den, Jenindik harago, Israelgo armadak Zisjordaniako beste eremu batzuei eraso egiten jarraitzen du, hala nola Nablusko eta Balatako errefuxiatuentzako kanpalekuei; baita Hebron eta Ramallah hirietan sarekadak egiten ere. Hain zuzen, AEB Ameriketako Estatu Batuetako ekintzaile bat hil dute gaur goizean, Nablus hiriaren kanpoaldean. Wafa berri agentziaren arabera, ekintzaile hori kolono israeldarren aurkako protesta batean parte hartzen ari zen, eta soldadu israeldarrek hil dute, tiroz.

Israelgo armadak esan du ikerketa bat abiatuko duela zer gertatu den argitzeko, baina, komunikatu baten bidez, argudiatu du manifestarietako batek soldadu israeldarren aurka egin duela, harriak botaz. Hamasek, berriz, AEBei leporatu die ekintzailearen hilketaren erantzukizuna, argudiatuta eurek bidalitako ekipamendu militarrarekin egin diotela tiro. Washingtonek gertatutakoa «ikertu» behar dutela esan du; eta, ikertu ondoren, «behar bezala jokatuko» dutela ohartarazi du AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek.

Astero egin ohi dituzte Nablusen gisa horretako protestak, eta, ekintzailearen hilketaren harira, Israelgo armadak horiek «gogor» erreprimitzen dituela salatu dute gobernuz kanpoko zenbait erakundek. «Astero egiten dugun protesta honetan beti dago arriskua. Zisjordanian, Israelgo erregimen militarraren kontrolpean, ez dago bakean manifestatzeko modurik», esan du Standing Together erakundeko zuzendari eta ekintzaile israeldar Alon Lee Greenek.

Bide beretik, Gazako zerrendan egin duen «suntsiketa masiboa» Zisjordanian ere egin nahi izatea leporatu dio Israeli PANeko Atzerri Ministerioak, prentsa ohar baten bidez. Hain justu, Zisjordania Israelen «helburu militarren parte» bilakatzeko eskatu dio gaur ere Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri, X sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez.

«Israelgo Gobernuko zenbait kide eskatzen ari dira Gazan egiten ari diren operazio militarraren antzeko zerbait abiatzeko Zisjordanian. Baina hain justu horrexek jarriko luke arriskuan Israelgo segurtasuna»

ANNALENA BAERBOCKAlemaniako Atzerri ministroa

Alemaniako Atzerri ministro Annalena Baerbock Israelen izan da gaur, eta, Ben-Gvirren adierazpenen harira, Gazan egiten ari direnaren neurriko ekintza militar bat Zisjordanian abian jartzeaz ohartarazi dio Israelgo Atzerri ministro Israel Katzi, harekin bildu ondoren: «Israelgo Gobernuko zenbait kide eskatzen ari dira Gazan egiten ari diren operazio militarraren antzeko zerbait abiatzeko Zisjordanian. Baina hain justu horrexek jarriko luke arrisku larrian Israelgo segurtasuna».

Egoera «katastrofikoa»

Bihar beteko dira 11 hilabete Israelek Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, eta zerrendako erronka humanitarioak gero eta handiagoak dira, OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak gaur salatu duenez. Organismo horrek jakinarazi du prestatutako otorduen banaketak %35 egin duela behera abuztuan, uztaileko datuekin alderatuta: egunean 450.000 otordu banatu zituzten joan den hilean, eta 700.000 inguru uztailean.

Horiek horrela, Gazako egoera «katastrofikoa» dela azpimarratu du Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresen bozeramaile Stephane Dujarrickek. «Oraindik ez daude bermatuta zerrendako biztanleei laguntzeko beharrezkoak diren baldintzak», salatu du.

Baldintza kaskarren ondorioz zabaldu da, besteak beste, polioaren birusa. Gaur abiatu dute horren aurkako txertaketa kanpainaren bigarren fasea, zeina igandean bukatuko den, eta, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, jada 355.000 haur txertatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.