Gutxienez 109 pertsona hil ditu Israelek Gazan, eraikin bat bonbardatuta

Zerrenda iparraldeko Beit Lahia hirian desplazatuak aterpetzen zituen eraikin bati egin dio eraso Israelek. UNRWAk herrialdean zein Palestinan ekitea eragozteko, Israelgo Parlamentuak bi lege onartu ditu, eta biharamunean heldu da erasoa.

Khan Youniseko eraikin bat (Gaza), Israelgo armadak bonbardatu ostean, artxiboko irudi batean. HAITHAM IMAD / EFE
Khan Yunisko eraikin bat (Gaza), Israelgo armadak bonbardatu ostean, artxiboko irudi batean. HAITHAM IMAD / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urriaren 29a
11:17
Entzun

Beit Lahiako eraikin bati egin dio eraso Israelgo armadak gaur goizean. Erasoan gutxienez 109 lagun hil dituztela adierazi du eskualdeko Al-Awda ospitaleak. Zenbait hedabidek zerrenda barruko iturriak aipatuta kaleratu dutenez, ehun pertsona baino gehiago zeuden eraikinean erasoa egin dutenean; izan ere, barne desplazatuek babesleku gisa baliatzen zuten. Gauzak horrela, eta erasoak eraikina suntsitu duenez, hondakinen azpian hildako gehiago egotea aurreikusten dute. Israelek UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari herrialdean sartzea eragozten dioten bi lege onartu eta biharamunean heldu da desplazatuen babeslekuaren aurkako erasoa.

Hildakoez gain hainbat zauritu ere badaudela adierazi dio Gaza iparraldeko Kamal Adwan ospitaleko zuzendari Hussam Abu Safiak Al-Jazeera hedabideari: «Zaurituetako asko hil egingo dira, ospitaleak ez baitu nahikoa baliabide». Langileak ere faltan dituzte Kamal Adwanen. Abu Safiak salatu duenez, azken egunetan ospitaleko hainbat langile atxilotu ditu Israelgo armadak, «hiru mediku soilik» uzteraino. «Nazioarteari dei egiten diogu espezializatutako medikuen delegazioak bidaltzeko Gaza iparraldera, zaurituak artatu ahal izateko», eskatu du ospitaleko zuzendariak.

Geroago, eremu berean, beste bonbardaketa bat egin du Israelek. Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, hamar lagun hil dituzte bigarren eraso horretan. Beste zenbait gune ere bonbardatu ditu Tel Avivek eta, guztira, gutxienez 143 herritar hil ditu gaur zerrendan eginiko erasoetan. Gainera, Al-Jazeera egiten ari den kontaketaren arabera, jada, 43.000 baino gehiago dira iazko urritik Israelek Gazan hil dituen palestinarrak.

Izan ere, Beit Lahiako eraikinaren aurkako erasoa ez da kasu berezi bat. Euro-Mediterranean Human Rights Monitor GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, urrian 39 babeslekuri egin die eraso zerrendan, «Gaza husteko eta palestinarrak lekualdatzeko» helburuarekin. Eraso horietan 188 lagun hil dituztela salatu dute, ohar bidez. Are gehiago, iragan abuztutik 65 babeslekuri egin diote eraso Israelgo soldaduek. «Hustu eta gero babesleku gisa erabiltzen dituzten eskolak erre edo beste nolabait suntsitu egiten dituzte, bizigaitz bihurtu eta desplazatutako lagunak haietara itzul ez daitezen», gaitzetsi du GKEak.

Babesleku horietako asko UNRWAren eskolak dira. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek, baina, geroz eta zailagoa du Palestinako herritarrak laguntzea. UNRWAko langileak iazko urriaren 7ko erasoarekin lotu eta herrialde askok behin-behinean finantzaketa eten izana eragin zuen Israelek urte hasieran. Agentziak erasoekin zerikusirik izan zuela ezin izan zuten frogatu —ez zuten frogarik aurkeztu—, eta finantzaketaren zati handi bat bere horretara itzuli zen. Atzo, Knesset Israelgo Parlamentuak berriz egin zuen agentziaren aurka, eta Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean lan egitea galarazi zion.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek erabakia gaitzetsi du, argudiatuta parlamentuak ezin duela aldatu «Israelen nazioarteko ezein betebehar». Salaketa NBEren Batzar Nagusira eramango duela jakinarazi du gaur goizaldean, eta UNRWAren garrantzia azpimarratu du: «Ez dago beste aukerarik».

Segurtasun Kontseiluari eskaera

«Salaketak, gaitzespenak eta adierazpenak baino gehiago» egiteko eskatu dio PAE Palestina Askatzeko erakundeak nazioarteari. NBEren Segurtasun Kontseilua jarri du eskariaren jomugan erakundeko idazkari nagusi Husein al Xeik: «Erakundearentzat [NBErentzat] orbain lotsagarri bat da Segurtasun Kontseilua isilik geratzea palestinarren sarraskia eta UNRWAren egoera ikusita». Tel Aviv NBEren ebazpenak ezartzera behartu dezala eskatu dio Segurtasun Kontseiluari.

PAN Palestinako Aginte Nazionalak eta hura osatzen duten alderdietan handiena denak ere, Al-Fatahk, Israelen erabakia gaitzetsi dute gaur goizaldean. PANeko presidente Mahmud Abbasen bozeramaileak esan du Israel «estatu faxista» bat dela azalarazi duela UNRWAren inguruko erabakiak: «Knesseten gehiengo ikaragarri horrek erakusten du Israel estatu faxista bat bihurtzen ari dela». Al-Fatahko presidenteorde Mahmud al-Alul, bestetik, UNRWA desagerrarazteko Israelen «nahi sistemikoa» erakusten duela adierazi du: «Errefuxiatu palestinarren auzia alde batera uzteko eta itzultzeko eskubidea bertan behera uzteko urrats bat da».

Israelek, bestalde, erabakia argudiatu du UNRWAko kideek «kontuak eman» behar dituztela esanez, «ekintza terroristetan» hartu baitzuten parte. Tel Aviven aburuz, UNRWAko langileen %10ek —guztira 30.000 dira— parte hartu zuten iazko urriaren 7an milizia palestinarrek Israeli egindako erasoan. Hala ere, ez du inoiz horren frogarik aurkeztu. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, nazioarteko gaitzespena baretze aldera, adierazi du UNRWA gabe Israelek berak laguntza humanitarioa erraztuko diela palestinarrei. X sare sozialean zabaldutako mezuan, Gazara laguntza humanitarioa eramaten jarraitu behar dela idatzi du. Are gehiago, NBEren agentziak lanak utzi baino 90 egun lehenago bilerak hastera gonbidatu ditu Israelen nazioarteko kideak, «laguntza humanitarioa koordinatzeko».

Naim Qassem izendatu dute Hezbollahko buruzagi

Irailaren 27an hil zuen Israelek Hezbollah Libanoko talde xiitako buruzagi Hassan Nasrallah. Naim Qassem izendatu dute buruzagi berri gisa, Nashrallahren ondorengoa hura hil eta astebetera erail baitzuen Tel Avivek. Taldeak ohar bidez jakinarazi du erabakia, gaur. Qassem 1991n izendatu zuten taldeko zuzendariorde, eta kargu horretan egon da gaur arte.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.