Erresuma Batuko Gobernuak bertan behera utzi du Ruandarako deportazio plana

Milaka asilo eskatzaile kanporatzeko egitasmoa onartu zuen Komunen Ganberak urtarrilean. Mugetako kontrolak gogortuko ditu Starmerrek.

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, larunbat honetan. CHRIS J. RATCLIFFE / POOL
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, larunbat honetan. CHRIS J. RATCLIFFE / POOL
jokin sagarzazu
2024ko uztailaren 6a
17:00
Entzun

«Plana hilda eta lurperatuta zegoen hasi baino lehen». Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministro hautatu berriak, hitz horiekin, behin betiko itxi du migratzaileak Ruandara deportatzeko plana. Alderdi Laborista gobernura iritsiz gero hori egingo zuela hitzeman zuen, eta hala berretsi du larunbat honetan, bere gobernuko kideekin eginiko lehen bileraren ostean.

Rishi Sunak lehen ministro kontserbadorearen ikurretako bat izandako egitasmoak, hortaz, ez du aurrera egingo, baina Starmerrek ez du azalpen gehiago eman gaiari buruz. Horren ordez, eta hauteskunde kanpainan aurreratu zuen moduan, haren asmoa da mugako kontrolak indartzea eta Europako beste herrialde batzuekiko lankidetza handitzea, Frantziarekikoa bereziki, «pertsonen trafiko sareak desegiteko». Aurreko gobernuak emandako datuen arabera, urteko lehen erdian 12.600 migratzailek igaro dute Mantxako kanala legez kanpo, eta 70.000 pertsona inguru daude asilo eskaerari noiz erantzungo dieten zain.

Brexit-aren aldekoen promesetako bat izan zen Erresuma Batuak bere mugen «kontrola berreskuratzea» eta «legez kanpoko immigrazioari aurre egitea». Mantxako kanala gurutzatzen duten eta Erresuma Batura iristen diren asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzeko plana Boris Johnsonek jarri zuen mahai gainean, 2022an, baina ez hark, ez Liz Trussek eta azkenean ezta Sunakek ere ez dute lortu aurrera ateratzea. 

Gorabehera eta kritika asko

Johnsonek 2022an Ruandarekin egindako akordioa bost urterako zen, eta deportatuen truke 600 milioi libera inguru jasoko lituzke Kigaliko gobernuak. Asmoa zen plana uztail honetan indarrean jartzea eta deportazioekin hastea, baina hauteskundeak aurreratu izanak eta laboristen garaipenak geldiarazi dute.

Dena den, aurretik Johnsonek beste saio bat egin zuen, baina horrek ere ez zuen aurrera egin. Ruandarako migratzaileen lehen hegaldia debekatu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. 

Beste saio bat egin ere zuen gobernu kontserbadoreak, baina Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zuen.

Sunaken gobernuak, hori moldatu, eta testu berri bat aurkeztu zuen aurreko urtarrilean Komunen Ganberan, eta aurrera egin zuen, Alderdi Kontserbadoreko diputatu ia guztien babesarekin eta oposizio guztiaren aurkako botoarekin. Sunaken alderdikide askok plan gogorragoa eskatu zuten, eta, aurka bozkatzeko asmoa agertu bazuten ere, azkenean gutxi batzuk baino ez zuten hala egin.

Nazioartetik ere kritika gogorrak jaso zituen egitasmoak, besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundearenak.

 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.