Frantziako Asanblearako bozak

Fronte Popular Berria: momentu «historiko» baterako aliantza «ahula»

Eskuin muturra Frantziako agintera iristeko aukerak berriz elkartu ditu ezkerreko alderdiak. NUPESekin gertatu bezala, aurtengo koalizioak ere oinarri desegonkorra du, eta ez dago argi Asanblearako bozen ondoren iraungo duen.

Manuel Bompard LFIren koordinatzaile nazionala, hilaren 14an, Fronte Popular Berriaren programa aurkezten. Atzean ditu, besteak beste, aliantzaren parte diren alderdien buruzagiak. MOHAMMED BADRA / EFE
Manuel Bompard LFIren koordinatzaile nazionala, hilaren 14an, Fronte Popular Berriaren programa aurkezten. Atzean ditu, besteak beste, aliantzaren parte diren alderdien buruzagiak. MOHAMMED BADRA / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 27a
05:15
Entzun

Duela bi aste pasatxo Emmanuel Macron presidenteak Asanblea desegin eta hauteskundeak aurreratzea erabaki zuenetik, maniobra politikoetarako eta erabaki azkarrak hartzeko egunak izan dituzte Frantzian. Eta, beraz, baita ezkerrean ere. Desadostasunez beteriko legegintzaldi gatazkatsuaren ondoren (2022-2024), LFI Frantzia Intsumisoak, PS Alderdi Sozialistak, EELV Europa Ekologia-Berdeek eta PCF Frantziako Alderdi Komunistak berriz ere elkartzea adostu dute, beste alderdi txikiago batzuekin batera. Baina oraingoan ez dago NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berriaren arrastorik; NFP Fronte Popular Berria da aliantza. Zeren eta 2022tik hona gauza asko aldatu dira, eta ezer ez da lehen zen bezalakoa. Eta horrek, ezinbestean, formula bera eguneratzea eskatzen zuen.

NUPES Macronen eta bere aliatuen gehiengo osoa eragozteko tresna bat izan zen. NFPk, berriz, helburu bera du, baina aurten parean duena ez da Frantziako presidentearen koalizioa, RN Batasun Nazionala baizik, eskuin muturrak gobernura iristeko egiazko aukerak baititu, V. Errepublikaren historian lehen aldiz. Fronte errepublikanoaren herrialdea momentu «historiko» batean dago egun, Aldo Rubert doktoretza ikertzaile eta Lausanneko Unibertsitateko (Suitza) Soziologia Politikoko irakaslearen ustetan, eta RN bozetan gelditzeko «erronka oso zaila» izango da. Hori da, hain justu, ezkerreko alderdiak berriz ere elkartu dituen kola, haien arteko desadostasunak desagertu ez diren arren. Eta horrek agerian uzten du aliantza «ahula» dela, eta ez dagoela ziurtasunik koalizioak bizirik iraungo duela datorren legegintzaldia hastean; edonola ere, NFPkoek «ardura» eta «erantzukizuna» argudiatu dituzte batasun hori justifikatzeko.

Lehia politikoa bestelakoa da, eta aliantza ere desberdina da. Ezkerreko koalizioaren barnean indar korrelazioa aldatu egin da, eta hori da NUPESekiko «aldaketarik handiena», Ruberten arabera. Hilaren 9ko Europako Parlamenturako bozetako emaitzen ondorioz, PSk pisu handiagoa du 2022an baino, LFIk baino emaitza hobeak lortu baitzituen, baina Jean-Luc Melenchonen alderdia da, oraindik ere, koalizioaren zutabea. Asanblearako bozen hautesbarrutien banaketari erreparatzea besterik ez dago: LFIren hautagaiak izango dira 229tan —duela bi urteko hauteskundeetan baino 97 gutxiagotan—, PSrenak 175etan (+105), EELVrenak 92tan (+15) eta PCFrenak 50etan (=); gainontzeko 31k «alderdi txikientzat» dira, koaliziokideen hitzetan.

Gainera, duela bi urte NUPESekin gertatu ez bezala, aurten NFPk politikari moderatuagoak erakarri ditu. Kasurik argiena François Hollanderena da, Frantziako presidente izandakoa (2012-2017) eta politikara itzuli dena, Corresako lehen hautesbarrutian (Okzitania) lehiatzeko. Horrek balio behar luke hautesle zehatz batzuk erakartzeko, Soziologia Politikoko irakaslearen arabera; are gehiago aintzat harturik 2022an PSren eta EELVren oinarri elektoralek izan zituztela zalantzarik handienak NUPESen alde bozkatzeko.

«[Fronte Popular Berriaren programak] Anbizio nahiko eraldatzailea du. Sozialdemokrata da, berrogei urtean ikusi ez dena».

ALDO RUBERTDoktoretza ikertzaile eta Soziologia Politikoko irakaslea

Programan ere izan dira berritasunak, batez ere neurri ekonomikoetan. «Moderatuagoa» da, Ruberten esanetan, baina LFIren «ideiek markatua» oraindik ere: «Anbizio nahiko eraldatzailea du. Sozialdemokrata da, berrogei urtean ikusi ez dena». Hori bai, konparaketa egitearren, PSk eta PCFk 1972an adostu, eta François Mitterrand 1981 eta 1995 bitartean Frantziako presidente izandakoaren 1981eko kanpainaren oinarri izan zen Programa Komuna «erradikalagoa» zen NFPrena baino.

Erabakitzeko geratu den afera bakarra lehen ministrogaiarena da. Hori nor den zehaztu gabe aurkeztu da kanpainan NFP, eta Rubertek ez du argi hori egitea estrategia ona izan den ala ez. Duela bi urte Melenchon izan zen gobernuburu bilakatzeko NUPESen hautagaia, inork ez zuen zalantzan jarri hori, Asanblearako bozak baino hilabete batzuk lehenago gutxigatik ez baitzen sailkatu presidentetzarakoen bigarren itzulirako —2017an gertatu bezala—. «Aurten ez dute arriskatu. Aktibo garrantzitsu bat den arren, zatiketa handia eragiten du herritarren artean».

Bigarren itzuliaren erronka

2022ko Frantziako Asanblearako hauteskundeek errealitate bat finkatu zuten ezkerreko alderdientzat, emaitzei dagokionez: koalizioaren formula eraginkorra da bigarren itzulira pasatzeko, baina egiazko erronka bigarren bozketa horietan irabaztea da. Horren erakusle, duela bi urte NUPES izan zela bigarren itzulian toki gutxienetan irabazi zuen indar politikoa.

2017ko eta 2022ko presidentetzarako bozetako, eta 2022ko Asanblearako hauteskundeetarako emaitzak aztertuz gero, agerian geratzen da ezkerraren zailtasunetako bat dela bere oinarria geografikoki sakabanatuta dagoela, eta bigarren itzulian bere sostenguez harago joan behar duela irabazteko aukerak izateko. Rubertek beste faktore bat gehitu du: «Aurten RNren eta Fronte Popularraren arteko lehia asko espero dira bigarren itzulian. Horren aurrean, fronte errepublikanoak funtzionatzeari utzi dio; besteak beste, gobernuak maila berean jarri dituelako ezker muturra eta eskuin muturra [Estatu Kontseiluak iragan martxoan ebatzi zuen arren LFI ez dela muturrekoa]. Ezkerrak Macronen boto emaileak behar ditu bigarren itzulian, baina ezkerraren kontra bozkatzeko [ministro batzuek eta gobernuko eledunak] egindako deiek ez dute horretan laguntzen».

Bigarren itzulirako sailkatuko ez diren hautagaien jarrera izango da giltzarri, hortaz, 577 hautesbarrutietan, bi itzulien artean —astebeteko epean— zaila baita boto emaile kopuru esanguratsu bat mobilizatzea. Eta horrek guztiak erakutsiko du, finean, NFPren egiazko aukerak zeintzuk izango diren hauteskundeotan; eskuin muturraren gehiengo osoa eragoztea, ordezkaritzarik handiena lortzea, ala diputatuen gehiengo osora iristea. Noiz eta faktore ezezagun gehien dauden eta ziurgabetasuna handiena den honetan.

Hori bai, Soziologia Politikoko irakasleak uste du aurten «maila lokaleko hautagaitzetan zuzenketak» egin dituela NFPk, eta hori estrategia egokia izan dela. Kasurako, PSren diputatugaiak izango dira lehian duela bi urte LFIrenak izan ziren zenbait barrutitan; eta hautagaiaren profilaren eta alderdiaren arabera, hori ezkerreko aliantzaren mesederako izango da.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.