Ezkerra eta Macronen koalizioa hasi dira hautagaiak erretiratzen RNren aurka egiteko, baina irizpide bateraturik gabe

Frantziako presidenteak esan du «boto bakar batek ere ez» duela izan behar ultraeskuinarentzat; ez du beste alderdien alde bozkatzera deitu esplizituki. Diputatugaiek bihar 18:00ak arte dute bigarren itzulirako hautagaitzak erregistratzeko.

Marine Le Pen buruzagi ultraeskuindarra, herenegun gauean, RN Batasun Nazionalaren emaitzak ospatzen. EFE
Marine Le Pen buruzagi ultraeskuindarra, herenegun gauean, RN Batasun Nazionalaren emaitzak ospatzen. EFE
ander perez zala
2024ko uztailaren 1a
16:50
Entzun

RN Batasun Nazionala Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzulirako sailkatu da 577 hautesbarrutietatik 485etan, eta lehen itzulian bertan gailendu da beste 39tan, Frantziako Barne Ministerioaren behin-behineko datuen arabera. Agertokia, hortaz, argia da: kopuruei erreparatuz gero, eskuin muturrak oraindik ere aukera handiak ditu aulkien gehiengo osoa lortzeko (289 eserleku). Horiek hala, bai NFP Fronte Popular Berria ezkerreko aliantza bai Ensemble Emmanuel Macron Frantziako presidentearen koalizioa gaur bertan hasi dira bigarren itzulirako zenbait diputatugai erretiratzen, RNk ez dezan irabazi, eta, batez ere, ez dezan gehiengo osoa eskuratu. Baina NFP eta Ensemble osatzen duten alderdiek irizpide desberdinak dituzte hori egiteko, eta, beraz, norbere estrategiek eta boto taktikoek zaildu egin dute ultraeskuinari gobernuaren ateak ixtea, batez ere Macronen koaliziokideen jarreren ondorioz.

Ezkerreko aliantzako alderdiak eta buruzagiak argi mintzatu dira, eta, atzo gauean eta gaur egindako adierazpenen bidez jakinarazi dutenez, prest daude atzera egin eta hautagaiak erretiratzeko baldin eta besteren batek aukera handiagoak baditu RNri aurre egiteko. Macronisten kasuan, denetarik entzun da egunotan, eta badirudi kasuan-kasuan aztertzen ari direla zer egin, hautesbarruti bakoitzaren errealitatearen arabera. Frantziako presidenteak berak ez du boto agindu zehatzik eman gaurko gobernu bilkuran, eta adierazi du «boto bakar batek ere ez» duela izan behar eskuin muturrarentzat, BFMTV telebista kateak argitaraturikoaren arabera.

Berez, hau zen, gaur goizean, Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzulirako egoera: bost hautesbarrutitan lau diputatugai sailkatu dira; 306 hautesbarrutitan hiruren artekoa zen lehia, eta beste 190 hautesbarrutitan, berriz, biren artekoa. Behin ezkerreko aliantzak eta Macronen koalizioak lehen hautagaiak erretiratuta, nabarmen aldatu da logika, eta, lerro hauek idazterako, 361 dira jada buruz burukoak (+171), eta 140 baino ez hiruren arteko lehiak (-170) —lauren artekoak, hiru (-2)—; moldaketa horiek balio behar lukete, hortaz, eskuin muturrak gehiengo osorik ez lortzeko, baina ezer ez da ziurra datorren igandeko emaitzen berri jakin arte.

Macronek Frantziako presidentetzarako 2022ko hauteskundeetako bi itzulien artean adierazi zuen eskuin muturraren kontrako fronte errepublikanoa «jada» ez dela existitzen, eta aurtengo Asanblearako bozen lehen itzuliak agerian utzi du hori egia dela, edo, behintzat, nabarmen ahulduta dagoela.

Horren erakusgarri, hiru blokeetako bakoitzak hartutako jarrera: batetik, NFPko alderdiek atzo gauean azaldu zuten beren hautagaiak erretiratuko dituztela hirugarren postuan sailkatu diren hautesbarrutietan; bigarrenik, Frantziako presidentearen koalizioa osatzen duten indar politikoak ez dira hain argi mintzatu, eta gaur esan dute, oro har, hautagaiak erretiratuko dituztela, betiere bigarren sailkatua RNren diputatugaia garaitzeko moduan badago, eta «errepublikaren balioak» errespetatzen baditu —erreferentzia bat da LFI Frantzia Intsumisoaren alde ez bozkatzeko—; eta, hirugarrenik, LR Errepublikanoak alderdi eskuindarrak ez du boto agindurik eman, eta  oinarriaren esku utzi du erabakia —101 hautesbarrutitan sailkatu da bigarren itzulirako—.

Praktikan, jarrera horiek aintzat harturik, ezkerreko aliantza litzateke hautagai gehien erretiratuko lituzkeena, 129 hautesbarrutitan sailkatu baita hirugarren —lerro hauek idazterako, 120 erretiratu dira—. Eta horrek agerian utzi du, beraz, NFPk ez duela ia aukerarik ere aulkien gehiengo osoa eskuratzeko, behin-behineko datuen arabera datorren igandean 300 bat lehiatan egongo bailitzateke; hau da, ia denetan irabazi beharko luke.

Ensembleren kasuan, 90 hautesbarrutitan pasatu da bigarren itzulira hirugarren izanda, eta horietan, berez, haren hautagaiak erretiratu egin beharko lukete —lerro hauek idazterako, 52k egin dute—; denek, ordea, ez dute hori egiteko asmorik, eta horren adibide da Loic Signor, Macronen alderdi Renaissanceren bozeramailea, erabaki baitu Marne Haraneko hirugarren hautesbarrutiko bigarren itzulian aurkeztea, «muturrei» aurre egiteko —lehena LFIko hautagai bat delako, eta bigarrena, RNkoa—, gaur azaldu duenez.

Diputatugaiek bihar 18:00etara arte dute datorren igandeko lehiarako hautagaitzak aurkezteko, eta horren ondoren geratuko da argiago zein izango den bigarren itzuliko egoera eta fronte errepublikanoaren osasuna.

Korsikan ere, RNren olatua

Eskuin muturraren olatua Korsikan ere nabaritu dute, hango lau hautesbarrutietan sailkatu baitira diputatugai ultraeskuindarrak bigarren itzulirako. Eta egoera ikusita, Gilles Simeoni uharteko gobernuburuak ere deitu du RN ez beste hautagaien alde bozkatzera, France3 Corse ViaStella telebista katean adierazi duenez.

Korsika Garaiko lehen hautesbarrutian Michel Castellani Femu a Corsica autonomistakoa (%31,74) eta Jean-Michel Marchal RNkoa (%28,8) lehiatuko dira datorren igandean; bigarren hautesbarrutian, berriz, hiruren arteko lehia izango dute, François-Xavier Ceccoli eskuindarra —etiketarik gabe— (%34,05), Jean-Felix Acquaviva Femu a Corsicakoa (%28,63) eta Sylvie Jouart ultraeskuindarra (%25,42) pasatu baitira bigarren itzulira. Hego Korsikako lehen hautesbarrutian, aldiz, RNko Ariane Quaran Nataliren (%31,2) eta Horizonseko Laurent Marcangeliren (%30,7) arteko buruz burukoa izango dute, eta bigarrenean, RNko François Filoniren (%35,1) eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdia autonomistako Paul-Andre Colombaniren artekoa (%26,45).

Simeonik, hortaz, ez du zalantzarik izan: Castellaniren, Acquavivaren, Marcangeliren eta Colombaniren alde bozkatzera deitu du, hurrenez hurren. Hain justu, horiek dira Frantziako Asanblearako 2022ko hauteskundeetan boto emaileek hautatu zituzten lau diputatuak.

Kaledonia Berrian, bestalde, bi blokeen logikari eutsi zaio aurtengo bozetan ere. Lehen hautesbarrutian, Nicolas Metzdorf loialista —hilabeteotan Frantziaren menpeko uhartedian haserrea eta liskarrak eragin dituen hautesle erroldaren erreformaren txostengilea da— (%39,81) eta Omayra Naisseline independentista (%36,34) lehiatuko dira datorren igandean; eta bigarren hautesbarrutian, Emmanuel Tjibaou independentista (%44,06) eta Alcide Ponga loialista (%36,18) izango dira aurrez aurre bigarren itzulian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.