Eskoziako erreferenduma, «kale itsuan»

2014ko galdeketa egin zenetik hamar urtera, beste kontsulta bat egiteko aukera urrunago dago. SNP eta oro har mugimendu independentista ez daude garairik onenean, eta 2026ko bozak erabakigarriak izango dira aldarrikapenaren indarra bermatzeko.

All Under One Banner (Denok Bandera Bera) plataforma independentistak antolaturiko manifestazio bat, Glasgown (Eskozia), 2021eko apirilean. ROBERT PERRY / EFE
All Under One Banner (Denok Bandera Bera) plataforma independentistak antolaturiko manifestazio bat, Glasgown (Eskozia), 2021eko apirilean. ROBERT PERRY / EFE
ander perez zala
2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Eskozian 2014an egin zuten independentzia erreferenduma eta horren inguruko hilabeteak oroitzean, Michael Keating «aktibitate biziaz» mintzatu da. «Engaiamendu zibikoko ariketa bat» izan zen garai hura, Aberdeengo Unibertsitateko (Eskozia) Zientzia Politikoetako irakasle emerituaren ustetan: «Eskozian lehen aldiz ikusi nuen hainbeste jende nazioaren etorkizunaz mintzatzen». Ezezkoak irabazi zuen azkenean —botoen %55,3 bilduta—, baina Erresuma Batuan geratzearen aldekoak «galdu egin balute bezala» jokatzen hasi ziren; kontrara, baiezkoa defendatu zutenak, galdeketan galdu zuten arren, «garaileak balira bezala» jokatzen hasi ziren.

Independentistek «politikoki irabazi» zuten duela hamar urteko galdeketan —datorren asteazkenean beteko du urteurrena—. Eta olatu hori baliatuta, urteotan presio egiten aritu dira, besteak beste brexit-a argudiotzat hartuz, Erresuma Batuko Gobernuari beste erreferendum bat eskatzeko. Hamarkada baten ondoren, ordea, bilana ez da baikorra: ez dute «aurrerapauso nabarmenik» egin beste kontsulta batera deitzeko aferan, eta, egun, badirudi inoiz baino urrutiago dagoela galdeketa hori egiteko ametsa. Garaile izate horrek sortu zuen sentsazioaren arrasto gutxi, alegia.

Auzia «kale itsuan» dago. Ez dago momentum-ik hamargarren urteurrenean, eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalean eta Eskoziako Alderdi Berdean horren jakitun daude, baina ezin dute aitortu, Keatingen arabera. Ez dakite zer egin, gainera; Kataluniarenaren antzeko aldebakarreko bidea baztertuta dago —ez da inoiz aukeratzat hartu—, eta Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak 2022ko azaroan ebatzi zuenez Eskoziak ezin duela independentzia erreferendumik egin Erresuma Batuaren baimenik gabe, independentistei ez zaie geratzen Londresen oniritzia jasotzea beste aukerarik. Modu batean edo bestean, hasierako puntuan daude.

Zeren eta Erresuma Batuko Gobernuak 2014tik hona behin eta berriz adierazi du ez duela beste galdeketarik onartuko epe luzera begira. «Azken gobernuak, kontserbadoreak, muscular unionism delakoa erabili du [Erresuma Batuko Parlamentuaren nagusitasuna finkatzea erresumako beste gauza guztien gainetik]. Hori jarrera berria da, Espainiak duen berbera», azaldu du Keatingek.

Eta oraingo gobernuari, hau da, laboristek osatu dutenari dagokionez, Zientzia Politikoetako irakasle emerituak ez du aldaketarik espero: «Afera konstituzionala ez da lehentasun bat izango; uste du badirela premiazko beste gauza batzuk. Dena den, zaila da asmatzea laboristek zer egingo luketen, ez baitira asko mintzatu horretaz. Behintzat, hitzeman zuten modura, harremanak hobetu egin dituzte Edinburgorekin, Londresek ez baitu jarrera oldarkorrik orain».

«[Erresuma Batuko Gobernuarentzat] Afera konstituzionala ez da lehentasun bat izango; uste du badirela premiazko beste gauza batzuk. Dena den, zaila da asmatzea laboristek zer egingo luketen, ez baitira asko mintzatu horretaz»

MICHAEL KEATINGZientzia Politikoetako irakasle emeritua

Hortik aurrera, gauza gutxi, oraingoz bada ere. Eta zer esanik ez datozen urteetara begira, mugimendu independentistaren egoerak ez baitu batere laguntzen. Alderdiei dagokienez, SNPn bada «eztabaida sutsu bat», zer estrategia erabili erabakitzeko, eta erreferendumaren eskarian aurrera egiteko. «Halere, horri itzal egin dio finantza publikoetan dagoen krisiak, bai Eskozian, bai Erresuma Batuan. Orain, joko moduko bat izango da, ea nor den murrizketa horien erantzule: Eskozia ala Erresuma Batua. Horretan jarrita dago arreta».

Alderdi horrek, gainera, «sekulako kolapsoa» izan du, Nicola Sturgeonek dimisioa eman ondoren izaten ari den barne eta kanpo arazoengatik, eta, uztailean, gainera, urteotako hauteskunde nagusitasuna galdu zuen, Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozetan 39 diputatu galdu eta bederatzi eskuratuta.

Eskoziako Alderdi Berdearen kasuan, koalizio gobernuaren parte izan ziren 2021etik 2024ra bitartean, baina Humza Yousafek lankidetza akordioa bertan behera utzi zuen apirilean. Halere, Keatingek uste du Berdeak «oso gaizki» aritu direla agintean egon diren aldian; «gutxi» mintzatu ziren ingurumenaz, kasurako, eta «iparra galdu dute». Eta Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak (2007-2014) sortu zuen Alba alderdiari dagokionez: «Ez doa inora».

Mugimendu sozialek, aldiz, bere hartan eusten diote. Oraindik ere badira manifestazioak, erregularki, baina «presentzia apala» dute; eta pisua ere bai, Eskozian prozesu independentista «beti izan baita klase politikoak gidatua».

Baina dena ez da kontrakoa

Datozen urteetan garrantzitsua izango da Londresen jarrera. Horren inguruan, laboristen ideia zera da: Erresuma Batuko Gobernua laborista denez, Eskoziako «arazoa desagertu» egingo litzatekeela, arazoa toryak zirelakoan. Keatingek uste du ikuspuntu hori okerra dela, auzia ez baita soilik alderdi politikoei buruzkoa, auzi nazionalaren ingurukoa ere bai baita. «Europako Batasuneko afera tartean dago. Laboristak brexit-aren aldekoak dira orain, eta Eskoziako herritar gehienei ez zaie gustatu brexit-a. Hor aukera bat dago nazionalistentzat».

Independentistek, behintzat, lortu dute hamar urteotan Erresuma Batutik ateratzearen aldekoen kopurua handitzea, eta, batez ere, egonkortzea, %50 ingururaino. Hori gehienbat brexit-ari esker izan da, boto emaile askok EB Europako Batasunera itzultzearekin lotzen baitute independentzia lortzea.

«Eta belaunaldien afera ere hor dago: gazte gehien-gehienak independentziaren aldekoak dira. 2014an ohartu ginen horretaz, eta esan genuen agian, zahartzean, ez zirela hain independentista izango; ez da halakorik gertatu. Eta oraingo gazteak independentistak dira, deskonexio moduko bat baitute Erresuma Batuko politikarekin. Faktore hori erabakigarria izan liteke, epe luzera begira», azaldu du Keatingek.

John Swinney Eskoziako lehen ministro eta SNPren buruzagia, alderdiaren kongresuan, hilaren 1ean, Edinburgon. SUSANA BLAYA / EFE
John Swinney Eskoziako lehen ministro eta SNPren buruzagia, alderdiaren kongresuan, hilaren 1ean, Edinburgon. SUSANA BLAYA / EFE

Epe ertainez arituta, berriz, Eskoziako Parlamenturako 2026ko hauteskundeak izango dira giltzarri. SNPk hamazazpi urte bete ditu agintean, eta, «normala den bezala», ospea galdu du; hain justu, laboristak piztu diren honetan. Hortaz, independentistek boz horietan gobernua galduz gero, beste erreferendum bat egiteko eskariak indarra galduko luke, eta «kausa ahuldu» egingo litzateke.

Hori bai, Keatingek ez du baztertzen SNPk boterean jarraitzea —gobernua gutxiengoan egonda ere—, 2026ko bozetarako Alderdi Laboristak agintaldiaren erdia egina izango baitu Erresuma Batuko Gobernuan. Hori mesedegarria izan liteke Eskoziako alderdi independentistarentzat, aintzat harturik Keir Starmer lehen ministroak murrizketak iragarri dituela. Hortaz, «hutsegite bat litzateke SNP lehiatik baztertzea».

Eskoziako alderdi independentista nagusia eta independentziaren afera, ezinbestean, lotuta daude. Eta, hortaz, erabakigarria izango zaio uztailean galdu zituen boto emaileak berreskuratzea. Horiek galdu bai, baina independentziaren aldeko jarrera ez baita apaldu. Batzuek, gainera, Alderdi Laboristaren alde egin dute; horiek berreskuratzea garrantzitsua izango da, eta laboristen artean Eskoziaren subiranotasuna defendatzen dutenak konbentzitzea. «Guk egindako inkesten arabera, laboristen boto emaileak funtsezkoak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.