Errusian kazetari aritzeko zailtasunak

Garai bihurriak dira azken urteak kazetaritzako profesionalentzat, are okerragoak 2022ko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik.

Kazetari batzuk, poliziek manifestari bat nola atxilotzen duten grabatzen, Moskun, 2022ko irailean. MAXIM XIPENKOV / EFE
Kazetari batzuk, poliziek manifestari bat nola atxilotzen duten grabatzen, Moskun, 2022ko irailean. MAXIM XIPENKOV / EFE
Alex Bustos
2024ko irailaren 8a
05:05
Entzun

Mugarik Gabeko Kazetariak gobernuz kanpoko erakundeak aurten 162. postuan jarri du Errusia, prentsa askatasunari buruz osatu duen zerrendan. Zerrendaren azken postuetan dago, beraz, Azerbaijanen eta Djibutiren ondoan, «atzerritarren agenteen» eta «erakunde arbuiagarrien» zerrenda beltzak osatzeagatik, atxiloketak egiteagatik, berriemaile atzerritarrak estu hartzeagatik, zenbait hitz erabiltzea galarazteagatik, eta komunikabide independenteak erbesteratu eta ixteagatik, batez ere. Informazioaren munduko profesionalek dituzten zailtasun guztiak gorabehera, oraindik badira kazetariak Errusian, modu anonimoan lanean, eta gairik minberenei ihesi eginda, nagusiki gerrarekin eta Errusiako ekipamendu militarrarekin zerikusia dutenak.

Ukrainako gertaerak definitze hutsak badu bere koska. Errusiako komunikabideek «operazio militar berezia» deitzen diote beti gatazkari, edo horren errusierazko sigla erabiltzen dute, SVO. Nahiz eta herritar errusiarrek badakiten gerra bat dela, egunkariek, irratiek, webguneek eta telebista kateek terminologia berezi hori darabilte, ia hori bakarrik, eta lapsusen bat baino ez da izaten, normalean barkatzen dutena, batez ere ikus-entzunezkoetan. Itxita edo erbestean daude «gerra» aipatzen ausartu ziren komunikabideak, hala nola Novaja Gazeta, Dozhd eta Meduza hedabide independenteak: denei ere «atzerritarren agente» izatea leporatu diete Errusiako agintariek.

Komunikabide horietako askok erbestera jo dute, edo moldaketak egin dituzte prentsarentzat abegikorragoak diren herrialdeetatik aritzeko; esaterako, Estoniatik, Letoniatik, Lituaniatik, Georgiatik eta Armeniatik. Komunikabide horietako batean lan egiten du Liubov-ek —izena ez da egiazkoa—. «Atzerritarren agentetzat» hartutako komunikabide horietako batean aritzeaz gainera, luzaro aktibismoan ibilitakoa da, eta, beraz, pentsatu zuen Errusiatik alde egitea izango zuela onena. «Gure komunikabidearen jarduera eta nire aktibista ibilbidea kontuan hartuta, zuhurrena zera zen, Errusiara ez itzultzea otsailaren 24tik aurrera [2022ko otsailean hasi baitzen gerra]». Egun gutxi batzuetako bidaia zelakoan zegoen, baina erabateko ihesa izan da azkenean, eta Liubovek bezala egin dute beste lankide batzuek ere. Horren ondorioz, komunikabidea atzerrian sustraituta dago orain. «Oraindik badaude lankide batzuk Errusian, baina ondo babestuta dauzkagu, jakina, eta ezin dugu esan nola, haien segurtasuna arriskuan ez jartzeko», azaldu du. Harremanetan egoten dira, haiek baitira komunikabideak orain Errusian dituen «begiak».

Kanpoan audientzia dutenen kontrako presioa

Errusiako pasaportea duten kazetariek hartu dute traturik okerrena, baina atzerritarrak ez dira erabat libratu. Errusiako botereguneak beldurra die Kremlinen intereseko gai delikatu batzuei, hala nola militarren kasuari eta soldaduen amen eta emazteen elkarteen kasuari. Horregatik ez dute ia zirrikiturik uzten halako gaiak jorratzeko. Atzerriko kazetari batzuek salatu dutenez, soldadu errusiarren amen eta emazteen protesten berri eman eta gero Polizia joan zaie etxera, eta eskatu gai delikatu horiek ez lantzeko. Halaxe kontatu zuen X sare sozialean Christina Hebel kazetariak. Profesional aleman horrek sare sozialetan salatu zuenez, Polizia etxera joan zitzaien berari eta beste berriemaile batzuei, eta eskatu ez joateko manifestazio batera.

«Oraindik badaude lankide batzuk Errusian, baina ondo babestuta dauzkagu, jakina, eta ezin dugu esan nola»

LIUBOVKazetaria

Errusiak behin baino gehiagotan erakutsi du ez diola lotsarik ematen kazetari atzerritarrak kanporatzeak, eta halaxe egin zuen Xavier Colas espainiarrarekin eta Maria Knips-Witting austriarrarekin. Halako ahots deserosoak kanporatzea zuritzeko, gogora ekartzen dute kazetari errusiarrak ere kanporatu izan dituztela haien herrialdeek, eta bestelako zuribideak ere aipatzen dituzte.

Badira kazetariak estu hartzeko beste bide batzuk ere. Esaterako, Telegram mezularitza aplikazioko txatak: bertan, espioiak izatea leporatzen diete kazetariei, non dauden jakinarazten dute, eta tokiko agintarien aurrean salaketa jartzeko eskatzen. Halaxe egin zuen Ural Live kanalak Christian Esch kazetaria Jekaterinburg hirira joatekoa zenean. Kasurik nabarmenena Ivan Gerxkovitx eta Alsu Kurmaxeva errusiar-estatubatuarrena da: preso zeuden biak, espioitzan ibili eta atzerriko agenteen legea urratu izana egotzita, baina abuztuaren 1ean aske utzi zituzten preso truke bat eginda. Truke berean askatu zuten Pablo Gonzalez kazetaria ere, zeina Polonian zegoen preso Errusiarentzat espioitzan aritzea egotzita —Errusian da orain Gonzalez, aske—.

Are estuago hartzen dituzte atzerriko komunikabideentzat lan egiten duten kazetari errusiarrak. Apirilean, agintari errusiarrek Sergei Karelin, Konstantin Gabov eta Sergei Mingazov atxilotu zituzten. Hirurak kanpoko hedabideetan ari ziren, hala nola Associated Press-en, Alemaniako Deutsche Welle-n eta Forbes-en. Alec fotokazetariak lanean segitzen du atzerriko eta atzerriratutako komunikabideentzat, eta, azaldu duenez, «kontuak okerrera egin du, ikaragarri». «Gaur egun, Poliziak badaki libre dela zure telefonoa eta kamera miatzeko atxilo hartzen zaituenean, baita lege guztiak bete badituzu ere eta akreditazioa eta prentsaren jaka badaramatzazu ere».

Zerrenda beltzak

Dmitri Muratov kazetariak Bakearen Nobel saria irabazi zuenean, Kremlinek oharpen bat egin zion. 2021ean, Vladimir Putin presidenteak berak ohartarazi zion ez zezala saria «ezkutu» moduan erabili Errusiako legea urratu eta arreta erakartzeko: «Errusiako legea hausten ez badu, eta atzerritarren agente izendatzeko motiborik ematen ez badu, ez da halakotzat joa izango». Geroztik urte batzuk pasatu dira, eta GKEen, komunikabide independenteen eta pertsona deserosoen zerrendan ageri da Muratov.

«Gaur egun, Poliziak badaki libre dela zure telefonoa eta kamera miatzeko atxilo hartzen zaituenean»

ALECFotokazetaria

Teorian, norbait zerrenda horretan sartzeko, frogatu beharra dago atzerritik finantzatzen dutela, eta, zerrendan sartuz geroztik, abisu batek agertu behar du erakunde edo pertsona horrek sortutako edukian.

Zerrenda beltz horietako batean agertzea ezin ezabatuzko marka bat da, eta hala da Errusiatik kanpo ere. Horixe gertatu zaie Ilia Krasilstxik eta Maxa Gessen kazetariei: zigor arloko auziak dituzte beren herrialdean, «Errusiako armadaren izena zikintzeagatik», nahiz eta urteak diren Errusian sartu ez direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.