Dariengo oihana zeharkatzea debekatzeko akordio bat sinatu dute Panamak eta AEBek

Ameriketako Estatu Batuetara iristeko milaka migrantek urtero zeharkatzen duten ibilbidea itxiko duela hitzeman du Jose Raul Mulinok, Panamako presidente berriak.

Jose Raul Mulino, Panamako presidente berria, atzoko bere inbestidura saioan. BIENVENIDO VELASCO / EFE.
Jose Raul Mulino, Panamako presidente berria, atzoko bere inbestidura saioan. BIENVENIDO VELASCO / EFE.
2024ko uztailaren 2a
15:30
Entzun

Kolonbia eta Panama arteko Dariengo oihana zeharkatzea debekatzeko memorandum bat sinatu zuten atzo Panamak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek. Hego Amerika eta Erdialdeko Amerika bereizten dituen muga natural horretatik igarotzen dira AEBetara iritsi nahi duten migranteak. Aurten, jada 200.000 pertsona inguru dira ibilbide hori zeharkatu dutenak, eta iaz milioi erdi pertsonak baino gehiagok zeharkatu zuten —2022an 248.000 izan ziren—, Panamako Migrazio Zerbitzu Nazionalak emandako datuen arabera. 

Han nabarmena da talde kriminalen jarduna, Kolonbiak eta Panamak ez baitute kontrolik eremuaren gainean. Muga gurutzatu duten hainbatek emandako testigantzaren arabera, haien «miseriari etekina» ateratzeko arauak ezartzen dituzte talde kriminalek. HRW Human Rights Watch erakundeak txosten bat argitaratu zuen iragan apirilean; hartan, salatu zuen Hego Amerikatik Ipar Amerikara igarotzen diren migratzaileak «babesik gabe» daudela, eta Panamari eta Kolonbiari eskatu zien «esku hartze gehiago» egiteko.  

AEBetako Gobernuak Panamara iristen diren migratzaileen «aberriratzeko gastuak babesteko» konpromisoa hartu du, akordioaren arabera. Bestalde, Jose Raul Mulinok, atzo Panamako presidentearen kargua hartu zuenak, Panamak «migratzaile ilegalak igarotzeko herrialdea» izateari utziko diola adierazi zuen bere inbestidura saioan: «Ez dut onartuko Panama bide irekia izatea gure herrialdean legez kanpo sartzen diren milaka lagunentzat, narkotrafikoarekin eta giza trafikoarekin loturiko nazioarteko erakunde oso batek lagunduta».

Alejandro Mayorkas AEBetako Segurtasun Nazionaleko idazkaria Mulinoren atzoko inbestidura saioan egon zen, eta hark sinatu zuen hitzarmena Panamarekin Washingtonen izenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.