Biden babes bila ari da, geroz eta presionatuago

Hiru gobernadore demokratak babesa adierazi diote AEBetako presidenteari. Inkesta baten arabera, hiru puntutik seira handitu da Trumpek hauteskundeei begira ateratzen dion aldea.

Joe Biden Etxe Zurian agerraldi bat egiteko pronto, aurreko astelehenean. AMUEL CORUM / EFE
Joe Biden, Etxe Zurian agerraldi bat egiteko prest, aurreko astelehenean. AMUEL CORUM / EFE
Igor Susaeta.
2024ko uztailaren 4a
16:00
Entzun

Geroz eta gehiago dira Joe Biden AEBetako presidenteari eskatzen ari zaizkionak uko egin diezaiola azaroko presidentetzarako hauteskundeetan Alderdi Demokrataren hautagai izateari. Izan hedabideak, Kongresuko kide demokratak edo, besteak beste, haren hautagaitzari dirua ematen diotenak. Baina, onartu duen arren joan den ostegunean Donald Trump presidentegai errepublikanoarekin izandako telebistako debatean ez zela fin aritu —ahanzkor, zalantzati eta, batzuetan, galduta agertu zen—, Etxe Zuriko maizterrak babes bila jarraitzen du.

Alderdi Demokratak 23 gobernadore dauzka, eta atzo iluntzean, esaterako, horietako dozena bat pasarekin bildu zen Etxe Zurian. Bileran hitz egindakoaren berri eduki zuten iturriak aipatuz, zenbait hedabide horren inguruan aritu dira, eta, haien arabera, presidentearen osasun egoeraz mintzatu ziren batez ere —82 urte egingo ditu azaroan—. Esan zien, adibidez, debatearen ondoren osasun azterketa bat egin ziotela, eta hartan ondorioztatu dutela ondo dagoela. Aintzat hartu behar da, baina, Etxe Zuriko prentsa idazkari Karine Jean-Pierreri atzo bertan galdetu ziotela ea noiztik ez dioten Bideni osasun azterketa bat egin, eta erantzun zuela otsailean egin ziotela azkenekoa.

Eta bileraren ondoren, horretan parte hartu zuten hiru gobernadorek —Tim Walzek (Minnesota), Wes Moorek (Wisconsin) eta Kathy Hochulek (New York)— agerraldi bat egin zuten adierazteko Biden babestuko dutela. «Trump mendean har zezakeela pentsatzen genuen eta azkenean mendean hartu zuen morroia ikusi dugu gaur», azpimarratu zuen Waltzek, 2020ko bozetan gertatutakoari erreferentzia eginez. Zehaztu zuen, hori bai, «lehentasun nagusia» bozak irabaztea dela. Alderdi Demokratako erreferentziako beste pertsona batek ere, Barack Obamak, Biden babestu du, publikoki. «Debate batean edonork eduki dezake gau txar bat», idatzi zuen AEBetako presidente izandakoak (2009-2017) X sare sozialean, joan den ostiralean. The Washington Post-ek kaleratu du, ordea, era pribatuan beste zerbait pentsatzen duela.

Harrisen kontra

Eta azkeneko inkestek adierazi dute, gainera, debatean gertatutakoak eragina izango duela botoa ematerakoan. Siena Unibertsitateak (AEB) egindako inkesta bat kaleratu zuen atzo The New York Times-ek, eta, horren arabera, Trumpek Bideni ateratako aldea lehen halako bi da orain: hiru puntukoa zen lehen, eta seikoa orain. Beraz, bi hautagaien artean, %49k Trump aukeratuko lukete, eta %43k, Biden. Egunkari horrek aurtengo presidentetzarako bozei buruz kaleratutako inkestetan, Trumpek inoiz ez dio alde hain handia atera Bideni.

Bidenek hautagaitzari uko eginez gero, Kamala Harris AEBetako presidenteordea dago ondoen kokatuta hura ordezkatzeko. Demokraten Ordezkarien Ganberako lider Hakeem Jeffrieek, esate baterako, adierazi du hura babestuko lukeela. Kongresuko kide izandako Tim Ryanek ere, kasurako, gauza bera planteatu du Newsweek astekarian kaleratutako gutun batean. Horiek horrela, errepublikanoak hasi dira haren kontrako kanpaina egiten. Bideo bat argitaratu dute lelo honekin: Azaroan, Kamala gelditu. Errepublikanoen alde bozkatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.