Bide bat irekitzen duen ituna

Kataluniak finantzaketa eredu propio bat edukitzeko akordioak «Espainia eraldatzea» eragingo du, Miquel Puig ekonomialariaren esanetan. Ohartarazi du estatuak «diru dezente» jarri beharko duela.

SANCHEZ ETA ILLA. KATALUNIA.
Salvador Illa eta Pedro Sanchez Kataluniako hauteskundeetarako kanpainan, maiatzaren 9an. ANDREU DALMAU / EFE
Igor Susaeta.
Berriemaile berezia - Bartzelona
2024ko irailaren 10a
05:05
Entzun

Kataluniak finantzaketa eredu propio bat edukitzeko akordioa egin dute PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak eta ERC Esquerra Republicanak. Miquel Puig ekonomialariak telefonoz esan duenez, «oso anbiziotsua» da adostutakoa. «Egiazki, Espainiaren eraldaketa bat da, zeren, Kataluniari solik ez baizik eta erkidego bati edo biri baino gehiagori emango zaie gaitasuna zerbitzu publiko transzendental bat, hau da, zerga sistema kudeatzeko». Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berak joan den astean agindu zuen estatuko finantzaketa eredu bateratua erreformatzea hauspotuko duela, erkidegoen finantzaketa «justuagoa» izan dadin. Puigek, hortaz, argi dauka: «Ondorio arrazionala da itun hau ona dela beste erkidegoentzat, bide bat irekitzen du eta». Hori bai, erreformak aurrera eraman ahal izateko, estatuak «diru dezente» jarri beharko du, ohartarazi duenez.

Badu oinarririk auzi horretaz hitz egiteko: Kataluniako Generalitateko Ekonomia eta Europako Funtsen idazkaria izan zen aurreko legegintzaldian, baita Kataluniako Gobernuak martxoan, hauteskundeen aurretik, aurkeztutako finantzaketa eredua diseinatu zutenetako bat ere. «Akordioan jasota dagoena eta guk aurkeztu genuena ia gauza bera dira. Negoziazio politikoen esparrura eraman dute auzia, eta ordinalitate printzipioa gehitu».

Kataluniaren eskaera historiko bat

Itunak dioenez, «behar baino finantzaketa apalagoa» du Kataluniak aspalditik. Puigek azaldu du 1990eko hamarkadatik Generalitateak modu sistematikoan kalkulatzen duela zerga defizita, eta batez beste Kataluniaren barne produktu gordinaren %8koa izan ohi dela. Espainiako Gobernuak Generalitateari eman dizkion azken datuekin ere egin dute kalkulua, eta portzentaje hori ateratzen da. «Kataluniak, historikoki, %8 hori beste herrialde batzuetako esperientziarekin konparatzen du; batez ere, Kanadakoarekin eta Alemaniakoarekin [estatu federalak dira]. Eta ikusten du han gehienez ere %4ko defizita dagoela gaizkien tratatzen dituzten estatuetan, eta, normalki, horiek dira aberatsenak». Generalitateak iazko irailean kaleratu zuenez, katalanek 20.000 milioi euro baino gehiago ordaintzen dizkiote zergetan estatuari, eta hark, berriz, Kataluniatik kanpoko diru sailetan inbertitzen du hori. Salvador Illa PSCko kide eta Generalitateko presidenteak bere egin du ERCren diskurtsoa: «Ez da posible Katalunia izatea estatuko finantzei ekarpenik handiena egiten dioten erkidegoetan hirugarrena, eta baliabideak jasotzeko orduan hamalaugarrena».

Ezartzeko pausoak

Formalki, PSCk eta ERCk izenpetu dute akordioa; «egiazki», baina, PSOEren eta ERCren artekoa da, Puigen hitzetan. «Negoziazio betean, PSOEren zuzendaritza propio bildu zen oniritzia emateko». Itunean adierazita dago Generalitatearen eta Moncloaren arteko aldebiko batzordeek gauzatuko dutela akordioa, 2025eko lehen seihilekoan. Jasotakoa ezartzeko eman beharreko pausoetako bat da. «Maria Jesus Monterok [Ogasun ministroa] oso argi esan du akordioa bere hartan betetzea dela bere asmoa. Beraz, logikoki, batzordean ez litzateke arazorik egon behar».

Katalunia finantzaketa eredu bateratutik ateratzeko ondorengo urratsa Espainiako Kongresuan egin beharko dute, LOFCA Autonomia Erkidegoen Finantzaketarako Lege Organikoa erreformatuz. «Gehiengo osoa behar da horretarako. Horrek esan nahi du inbestidurako bloke deitzen zaion horrek alde bozkatu beharko duela». Eta Compromisek, Chunta Aragonesistak —Sumarren barruan daude— eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak, besteak beste, «kezka» adierazi dute. «Compromiseko diputatuek alde bozkatu dezaten, zera esan behar zaie: 'Katalunia ez da Kantabria baino okerrago geratuko; zu ere ez'. Hori esaten ez bazaio, ezin du alde bozkatu, absurdoa litzateke», azpimarratu du Puigek. Compromis eta Kantabria aipatu ditu adibide berean, «ziurrenik» Valentzia delako finantzaketaren esparruan «gaizkien» tratatutako erkidegoa, eta Kantabriarekin kontrakoa gertatzen delako.

Galtzailerik gabe

«Zuk esaten baduzu: 'Hamar ditugu banatzeko. Kataluniari bat gehiago tokatzen bazaio, beste bati gutxiago tokatuko zaio'. Horrela begiratuz gero, noski, norbaitek galdu egingo du. PP horrela aurkezten ari da auzia», esplikatu du ekonomialariak. Gogoratu du, baina, finantzaketa sistema bateratua bost aldiz gainbegiratu dela azken berrogei urteetan, eta «beti-beti» estatuak diru gehiago agindu duela inork gal ez dezan. «Orduan, ematen du arau hori berriro aplikatuko dutela eta inork ez duela galduko. Hau da, estatuko gobernuak badaki, Kataluniarekin ituna egin edo ez, finantzaketa eredu bateratua gainbegiratzen den hurrengo aldian diru gehiago jarri beharko duela mahai gainean».

«Ordinalitate printzipioa erabakigarria da: unibertsalki oso onartua dago fiskalitate konparatuan»

MIQUEL PUIGEkonomialaria

2012koaren aldean, juridikoki landuagoa

2012an Kataluniako Parlamentuak onartu zuen zerga itunaren eta PSCk eta ERCk berriki adostutakoaren artean ez dago alde handirik. «Ezberdintasun handiena da oraingoa juridikoki landuago dagoela. Orduan ez zuten aztertu talka egiten ote zuen Espainiako Konstituzioan edo Europako Batasuneko hitzarmenetan jasotakoarekin». Puigentzat, konstituzioak ez du eragozten hitzartutakoaren moduko eredurik ezartzen, «lausoa» delako arlo horretan. «Orduan, ez dago arazorik». 2012an Generalitateko presidente zenak, Artur Masek, orduko Espainiako presidente Mariano Rajoyri aurkeztu zion ituna, baina hark ez zuen hitz egin nahi izan horri buruz.

Ordinalitate printzipioaren garrantzia

Akordioa gauzatzen badute, Generalitateak bilduko eta kudeatuko ditu Kataluniako zerga guztiak. Halere, estatuko finantzei ekarpena egingo die aurrerantzean ere. Itunaren arabera, bi modutan. Batetik, estatuak Katalunian ematen dituen zerbitzuen kostuarengatik, negoziatu beharreko portzentaje baten bidez. Bestetik, «ekarpen solidario bat» eginez, ziurtatu dadin beste erkidegoetako zerbitzu publikoen maila Kataluniakoenaren «antzekoa» dela, besteek, betiere «ahalegina» egiten badute zergen arloan.

Ordinalitate printzipioak zehaztuko du elkartasun hori zenbatekoa izango den. «Printzipio oso garrantzitsua da, erabakigarria, oso ohikoa eta unibertsalki onartua fiskalitate konparatuan. Esan nahi du, finean, lurralde batek beste batek baino gehiago ordaintzen badu ezingo duela jaso besteak baino gutxiago», azpimarratu du Puigek, eta adibide bat jarri: «Esaterako: 'Zuk Kantabriari laurogei eman dizkiozu eskumen batzuetarako, eta nik 160 bildu ditut. Ados. Nik ez dizkizut laurogei baino gehiago emango, hala eginez gero laurogei baino gutxiagoarekin geratuko bainintzateke, eta, beraz, Kantabria baino okerrago'».

Prozesu motela

Ekonomialariaren ustez, «hamarkada bat» inguru beharko da akordioa ezartzeko. Orduan, prozesua «motela» izango delakoan dago. Zehaztu du, bide batez, Kataluniako Zerga Agentziak ez duela gaitasunik zerga guztiak biltzeko. «Urte batzuk beharko ditu horretarako». Akordioan zehazten da 2025eko zerga aitorpena —2026an egingo dute— agentzia horrek egin beharko duela 2026an. «PFEZ [pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga] inportantea da, baina ez dakar zailtasun handirik. Zailagoa da beste zergak —adibidez, BEZa eta sozietate zerga— biltzeko egituratzea eta horretarako funtzionario talde bat edukitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.