Juan Rodriguez Teruel
Politologoa. Analisia

Bestelako Irailaren 11 bat

2024ko irailaren 11
05:05
Entzun

Aurten, 2024an, Kataluniako Diada Nazionalaren testuingurua erabat bestelakoa izango da azken hamar urte pasatxoan izandakoaren aldean, batez ere 2012tik aurrera izandakoaren aldean; izan ere, independentismoak jauzi kualitatibo handia egin zuen urte hartako Irailaren 11ko manifestazio entzutetsuan. Batzuentzat, PSC boterera itzuli izana Kataluniako prozesua zuzentzeko saio bat da, eta hiruko gobernuaren garaira bueltatzea dakar. Beste batzuei, noski, iruditzen zaie desbide independentista azkartu baizik ez duela egin horrek, eta Espainiaren batasunaren kontrako Kolpe Handian beste etapa bat hasi berri dela. Interpretazio horiek guztiz kontrakoak badira ere, denak bat datoz zerbaitetan: déjà vu itxura hartu diote Kataluniako politikak azkenaldian izandako bilakaerari.

Nolanahi ere, okerrekoa litzateke ez kontuan hartzea Katalunian hasi berria den etapak dituen berezko elementuak, aurrez ikusi gabeak. Hasteko, badago zerbait begi bistakoa dena, baina garrantzitsua hala ere: Kataluniako autogobernuaren historia garaikidean lehen aldiz —1914an hasi zen, Kataluniako Mankomunitatea sortu zenean, eta 1978tik aurrera segitu, Generalitate errepublikanoa berrezartzen hasi baitzen orduan—, autonomia gobernatzeaz esklusiboki arduratzen den alderdiak ez du subiranismoa ordezkatzen, ezta independentismo katalana ere, nahiz eta katalanismo modernoaren tradizioarekin bat egiten duen.

Aurkarien lehen erreakzioek aditzera ematen dute nolabaiteko desorientazioa dagoela PSCrekin lotutako egoera berria interpretatzeko orduan: independentista askoren ustez, PSCk ñabardurarik gabeko espainolismoa dakar autonomiara, eta, eskuin espainiarraren ustez, independentismoaren Troiako zaldia da.

Egiatan, prozesua bultzatu zuten alderdien hutsegiteei ere zor die arrakasta PSCk. Gehiengo parlamentarioa galdu dute Kataluniako ganberan, eta galdu gabea zuten 1984tik orain arte —neurri handi batean, behin-behineko hauteskunde lege bati esker, zeina gaur egun ere indarrean baitago boz autonomikoetan—. Baina, batez ere, oinarri soziala ahuldu zaie. 2017 eta 2024 artean, prozesuari bide eman zioten alderdiek —CiU-Junts, ERC eta CUP— 800.000 boto baino gehiago galdu dituzte —hauteskunde erroldaren %15 inguru—. ERCkoentzat, inoizko emaitzarik onenak izan zituztenean lortutako botoen erdiak galtzea ekarri du. Juntsekoentzat, 1980tik izandako emaitzarik txarrenetan bigarrena da aurtengoa —2021ekoaren ondoren—, eta oso urrun dago CiUk prozesuaren aurretik zeukan babes sozialetik.

Hauteskundeetako hondamendi horrekin bukatu da azken 15 urteetako aro politikoa. Baina okerrekoa litzateke hori independentismoaren gainbeheratzat hartzea. Izan ere, beste zerbait ere aldatu da aurreko garaien aldean, eta aldaketa hori esparru sozialari dagokio: gaur egun, Kataluniako gizartea erabateko autogobernuaren eta sezesioaren aldekoagoa da, baina ez horiek nagusitzeko behar bezainbeste.

Katalunian independentismoak indar handiagoa izatea bateragarria da esparru hori gehiago zatitu izanarekin: batetik, batzuek diote prozesuari berriz heldu behar zaiola eta 2017ko urrian etenda geratutakoa hartu behar dela abiapuntutzat; beste batzuek, berriz, nahiago dute gogoeta egin, dezepzionatuta baitaude ikusita buruzagiek zer jarrera hartu duten eta prozesuak zenbateko kostu kolektiboa izan duen. Azken horiek abstentzionismoaren alde egin dute azkenaldian, eta horrek PSCri egin dio mesede.

Gaur egun, Kataluniako gizartea erabateko autogobernuaren eta sezesioaren aldekoagoa da, baina ez horiek nagusitzeko behar bezainbeste

Beste nobedade handi baten emaitza ere izan da: Espainiako jokaleku politikoaren zatiketarena. Egia da PSOE ahulago dagoela orain lehen baino, baina ikasi du ahultasun horri probetxua ateratzen, Espainiako periferiako indar subiranistekin elkarlanean arituz; orain, Bildu ere batu zaie aliatuei. Horri esker, sistemaren federalizazioan aurrera egitearen aldekoago azaldu da.

Bide hori hartuta, PSOE eta PSC inoiz baino lerrokatuago daude estrategikoki. Pujolen nazionalismoak bere garaian kritikatu egin zuen biak horren gertu egotea, eta sukurtsalismoa leporatu zien, baina orain, berriz, gobernu zentralak mekanismo hori darabil Katalunian normalizazio politika bultzatzeko. Ikusteko dago horrek zenbateraino eragingo dion autonomia ereduaren bilakaerari.

Parametro berri horiek zenbateraino baldintzatuko dute Kataluniako politika eta, ondorioz, Espainiakoa, Irailaren 11tik aurrera? Beti bezala, ikusi beharko da zer ematen duen Sanchezen gobernuaren agenda politikoak, baita Salvador Illaren gobernu berriarenak ere.

Independentzia azkar eta minik gabe lortzeko ideia luzarorako bazter utzita, ikusteko dago independentismoko sektore pragmatiko eta dezepzionatuenek zer balorazio egiten dioten Kataluniako gobernu berriaren lanari. Finantzaketaren erreforma, estatuko eta Europako instituzioetan hizkuntza pluraltasuna sustatzea, eta plurinazionaltasuna aitortzea aldaketa esanguratsuak izango dira, baina, paradoxikoki, baliteke horrek desaktibazioa eragitea Katalunian, eta hark Espainian polarizazioaren motorra izateari uztea.

Era berean, litekeena da lerro politiko horri uko egiteak giroa are gehiago gaiztotzea oposizioan. Ez bakarrik eskuin espainiarrean. Orain, eskuin katalanean ere bai; hain zuzen, esparru horretan diskurtso xenofobo eta esentzialistak izaten hasiak dira konplexurik gabe, eta hori da jokaleku berri honetako azken nobedade handia. Beraz, horra galdera: Espainiako politikaren eskema tradizionalak egokiak izango al dira horrenbeste berrikuntzari heltzeko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.