Azken hamarkadako emaitzarik txarrena lortu du SNPk Eskozian

Lehen arabera, egun dituen 48 eserlekutatik 39 galduko ditu Eskoziako Alderdi Nazionalak Erresuma Batuko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Laboristek ordezkari bakarra zuten orain arte Eskozian, eta 35 izango dituzte aurrerantzean.

John Swinney, Eskoziako Alderdi Nazionalistako buruzagi eta Eskoziako lehen ministroa, kargua hartu berritan. ROBERT PERRY / EFE
John Swinney, Eskoziako Alderdi Nazionalistako buruzagi eta Eskoziako lehen ministroa, kargua hartu berritan. ROBERT PERRY / EFE
arantxa elizegi egilegor
2024ko uztailaren 5a
09:53
Entzun

Lehen emaitzak ikusita, kolpea latza izango dela onartua du jada SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruzagi nagusi eta egungo lehen ministro John Swinneyk. «Emaitzak zailak eta kaltegarriak» izango direla aitortu du gobernuburuak gaur goizaldean. Izan ere, zundaketen arabera alderdi independentistak bederatzi eserleku eskuratuko ditu Erresuma Batuko Legebiltzarrean, lehen zituenak baino 39 gutxiago. Iragarpena betez gero, 2010etik izandako emaitzarik txarrenak lirateke.

Hiri nagusietan, laboristek hartu dute independentistek utzitako tokia —Keir Starmerren alderdiak gehiengo osoa izango du Westminsterren—. Londresen SNPren buru den Stephen Flynnek hala onartu du: «Gaua zaila eta penagarria izan da. Starmerrek tsunami bat eragin du. Jendeak aldaketa nahi zuen Downing Streeten [Erresuma Batuko lehen ministroaren egoitzan], eta nahi horren biktima izan gara gu». Horren froga da laboristek 35 eserleku lortu izana, 2019an bakarra baino ez baitzuten. Glasgow hirian, esaterako, Alderdi Laboristarenak izango dira lehen SNPk zituen sei ordezkariak. Antzera gertatu da Edinburgon ere: han laboristek eskuratu dituzte bost ordezkarietatik lau, eta liberal demokratentzat izan da azkena.

«Halako galerak ez dira berehalakoan gainditzen. Ez dugu asmatu hauteskunde kanpaina honi eusten, eta benetan da tamalgarria egoera honetan egon behar izatea», aitortu du Swinneyk. Antzeko hitzak erabili ditu Nicola Sturgeon lehen ministro ohiak ere, eta «lurrikara» gisa deskribatu ditu laboristen emaitzak: «Ez da gau ona SNPrentzat. Zundaketek iragarritakoa betetzen bada, gau iluna izango da».

Emaitzak eskuetan, testuingurua ez da aldatu SNPrentzat. Swinneyren beraren esanetan, zenbakiek argi uzten dute independentzia dagoeneko ez dela eskoziarren lehentasun nagusia: «Saiatu gara jendeari ulertarazten independentziaren beharra dugula, baina argi dago huts egin dugula». Baina orain aurrera begira jartzeko unea dela nabarmendu du Eskoziako lehen ministroak: «Denbora gutxi geratzen zaigu 2026ko bozetarako prestatzeko, eta gauzak zuzentzeko, baina, batez ere, garai bateko konfiantza berreskuratzeko».

«Denbora gutxi geratzen zaigu 2026ko bozetarako prestatzeko, eta gauza zuzentzeko, baina, batez ere, garai bateko konfiantza berreskuratzeko».

JOHN SWINNEYSNPko burua eta Eskoziako lehen ministroa

Bi urte zail

Azken 24 hilabeteak zailak izan dira SNPrentzat. Hiru buruzagi izan dituzte tarte horretan. Sturgeonek iazko otsailean eman zuen dimisioa, argudiatuta «akituta» zegoela. Haren senarra, Peter Murrell, alderdiaren funtsak bidegabe erabiltzeagatik galdekatua izan baino aste batzuk lehenago utzi zuen kargua. Urte hasieran atxilotu zuten Murrell bera, eta, handik gutxira, baita Sturgeon ere, nahiz eta berehala aske utzi kargurik gabe.

Humza Yousafek hartu zuen Sturgeonen tokia, baina hark ere dimisioa eman zuen maiatzean, Eskoziako Alderdi Berdearekin zuten gobernu akordioa bertan behera utzi eta lau egunera. Klima aldaketari aurre egiteko hartu beharreko neurriak eta generoaren autodeterminazioaren aferaren inguruko politikak izan ziren alderdien artean desadostasunak eragin zituzten puntuetako bi. Gobernu akordioa bertan behera uzteak, baina, berdeen sostengua galtzea eragin zuen, eta hasieran Yousaf prest agertu zen arren «gutxiengoan» gobernatzeko, lau egunen buruan iritzia aldatu zuen, eta kargua utzi.

Swinneyk ordezkatu zuen Yousaf, eta bi hilabeteren ostean hartu du lehen kolpe bortitza. Espero izatekoa zen SNPk emaitza onik ez eskuratzea Erresuma Batuko Parlamenturako bozetan, baina alderdiak bazuen itxaropena hogei bat ordezkari lortzeko. Westminsterrera aldaketa eramateko nahiak, ordea, laboristen alde eginarazi die eskoziar askori, nazionalisten kalterako.

Aldiz, 2015ean eta 2019an eskuratu ezinezkoa izan zitzaien garaipena lortu dute laboristek Eskozian. Izan ere, 2014ko independentziari buruzko erreferendumak izugarrizko bultzada eman zien independentistei, eta hurrengo urteko bozetan 59 eserlekutatik 56 eskuratu zituzten, gainontzeko alderdiak ezerezean utzita. 2017an, zazpi ordezkari lortu zituzten laboristek, baina, bi urte geroago, galdu egin zituzten horietatik sei, eta bakarrarekin geratu. Atzoko emaitzek, ordea, ahulduta utzi dute alderdi nazionalista. Orain, galdera nagusia da nola irauliko duten egoera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.