Aukera zuten hamar hautagaitik zazpik utzi dute bigarren itzulia Frantzian

Frantziako Asanbleako bozen bigarren itzulia 501 barrutitan egingo da, eta horietatik 95 ingurutan lehiatuko dira bi hautagai baino gehiago. Ezkerreko fronteko hautagaiek utzi egin dute aukerarik ez zuten leku gehienetan; Ensemblekoek, ez horren aise.

Emmanuel Macron, gaur, Aireko armadako indarrei harrera egiten, Eliseoan. AURELIEN MORISSARD / POOL / EFE
Emmanuel Macron, gaur, aireko armadako indarrei harrera egiten, Eliseoan. AURELIEN MORISSARD / POOL / EFE
mikel p ansa
2024ko uztailaren 2a
20:40
Entzun

Frantziako Asanblearako hauteskundeetako 311 barrutitan igaro ziren bi hautagai baino gehiago bigarren itzulira, baina hautesbarruti horietatik gehienetan —hamarretik zazpitan, gutxi gorabehera— atzera egin dute irabazteko aukera gutxien zuten hautagaiek, RN Batasun Nazionalari bidea ixteko. Guztira, 218 hautagai inguruk utzi dute bigarren itzulia bazterrera, Efe albiste agentziaren arabera. Baina ez da tentsiorik eta presiorik gabe gertatu, eta eskuin muturraren kontrako fronte errepublikanoa ahulduta dagoela agerian gelditu da berriro.

Igandean, lehen itzuliko botoak zenbatuta, 577 barrutietatik 76tan hautatu zituzten diputatuak zuzenean —botoen %50 baino gehiago eta erroldaren %25 baino gehiago lortu behar da horretarako—. 76 horietatik erdiak baino gehiago (39) RNko hautagaiak ziren, eta 30 bat, NFP Fronte Popular Berriko kideak. Eskuin muturrak Frantziako Asanblean gehiengo osoa lortzeko arriskua (289 diputatu) gertu sumatuta, ezkerreko fronteak berehala iragarri zuen irabazteko aukera gutxien zuten haren hautagaiek utzi egingo zutela lehia, ez zirela bigarren itzulira aurkeztuko, eta hala egin dute. Gaur, 18:00etan, itxi dute bigarren itzulirako hautagaiak aurkezteko epea, eta NFPko 130 bat hautagaik ez aurkeztea erabaki dute; egoera horretan zeuden guztiz gehienek utzi dute, beraz.

Bestela izan dira kontuak Emmanuel Macron presidentearen alderdikideen eta haren aliatuen artean. Azkenean, Ensemble koalizioko 82 hautagai inguruk utzi dute bigarren itzuliko lehia, baina ez gatazka gutxirekin, eta mezu kontrajarriekin. Eta koalizio horretako hamasei hautagaik behintzat erabaki dute bigarren itzulian jarraitzea, Le Monde-ren arabera. LR Errepublikanoek, berriz, ez dute boto agindu argirik eman, eta barruti bakoitzean beren kasa erabaki dute, baina gehienak —hamalautik hamabi, gutxi gorabehera— bigarren itzulian izango dira.

Zailtasunen seinale, Patricia Miralles Estatu idazkariarekin gertatu dena: Heraulteko lehen barrutian aurkeztu, eta hirugarren gelditu zen lehen itzulian, bigarrengora igarotzeko aukerekin. Aurkezteko asmoa zuela iragarri zuen, baina atzera egin du azkenean. X sare sozialean esan du «ehunka irain» jaso dituela. Barruti horretan NFPko hautagai bat izan da bigarren, RNko hautagaiaren ia parean. Dominique Faure Lurraldeko ministroak ere bertan behera utzi behar izan du bigarren itzulira aurkezteko asmoa: «Errepublikako presidenteak eta lehen ministroak eskatu didate hautagaitza uzteko». Garona Garaian hautagai zen; hirugarren sailkatu zen lehen itzulian.

Presioa ez da txikia, izan ere. Sindikatu nagusiek —CFDT, CGT, FSU, Solidaires eta Unsak— dei egin dute RNri bidea ixtera, eta, besteak beste, feministek Libération egunkarian eta ehunka historialarik Le Monde-n idatzi dituzte agiriak, eskuin muturrari atea ixteko eskatuz. Macronen zaleen artean ere ez dira eztabaidak falta: Herve Berville Estatu idazkariak mezu «argi bat» emateko eskatu du gaur, eta fronte errepublikanoaren alde egiteko, RNri boto bakar bat ere eman gabe. Edouard Philippe lehen ministro ohi eta Horizons alderdiko buruari —Macronen aliatua— erantzun dio, beraz: RNri botorik ez, baina LFI Frantzia Intsumisoari ere ez emateko eskatu baitu Philippek. Frantziako Gobernuko kide batzuek ere jarrera hori agertu dute: «Ez RN, ez LFI ere».

480

RNren hautagaiak bigarren itzulian. Lehen itzulian 76 diputatu izendatu zituzten zuzenean, eta 501 barrutitan egingo dute bigarren itzulia; horietatik gehienetan izango da RNko hautagairen bat: 480 ingurutan, gutxi gorabehera.

Hortaz, presioak eta eztabaidak gorabehera, azkenean 400 barruti ingurutan lehiatuko dira bi hautagaitza aurrez aurre, eta 95 barruti ingurutan lehiatuko dira hiru hautagaitza edo gehiago, pare bat barrutitan lau hautagaitza ere izango baitira. 501 barrutitan egingo dute bigarren itzulia, igande honetan, eta horietatik 440 ingurutan izango dira RNko ordezkariak; Fronte Popular Berriak 335 barrutitan izango ditu ordezkariak, gutxi gorabehera; eta Ensemble koalizioak, 255 barruti ingurutan.

Biren arteko lehiak izango direnetan, NFPko hautagaiak arituko dira RNkoen aurrean 155 barrutitan, eta ezkerreko beste hautagai batzuk hamar barrutitan; Ensemblekoak eta RNkoak lehiatuko dira 136tan; LRkoek lehiatuko dizkiete aulkiak 46tan. 27 barrutitan, berriz, NFPko eta Ensembleko hautagai bana izango dira aurrez aurre.

Marine Le Pen RNko buruak, bestalde, ziurtatu du prest dutela gobernua osatuko duten kideen zerrenda. 270 bat diputatu lortzeko aukerak ikusten dituela esan du, eta gehiengo absolutua lortzeko hemeretzi bakarrik beharko lituzketela, eta horiek LRko eta etiketarik gabeko diputatuen artean ager litezkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.