Olatz Arrieta

Tentsioen areagotzea eremu digital europarrean

2024ko ekainaren 30a
05:05
Entzun

Apple enpresa teknologikoa albiste izan da azken egunotan Bruselan, Europako Batasunean (EB) indarrean sartu berri baita MDA Merkatu Digitalen Araua. Batetik, enpresa estatubatuarrak iragarri du Europako Batasunean atzeratu egingo dituela adimen artifizialarekin lotuta martxan jarri nahi zituen hainbat produktu, MDA araudiarekin talka egiten baitute. Bestetik, Europako Batzordeak erabaki du Apple izango dela, MDA araudia aintzat hartuta, sakonki ikertuko duten lehenengo enpresa teknologikoa, eta, behar izanez gero, zigortu egingo dutela. Enpresa estatubatuarrak salatu du Bruselaren arauek berrikuntza oztopatzen dutela eta, ondorioz, kontsumitzaileei kalte egiten dietela. Europako Batzordearen arabera, ordea, onartezina da Applek jarraitzea lehiakideak legez kanpoko jokaerekin zapaltzen, berrikuntzaren monopolioari eusteko.

Araudi berriak direla medio, urte gatazkatsuak aurreikusten dira EBko eremu digitalean. Neurriak aspaldi hasi ziren prestatzen, eta asko kostata onartu dira; hain zuzen ere, Bruselak hamarkadak behar izan ditu Googleren, Metaren, eta Microsoften presioak gainditzeko, eta, bereziki, konturatzeko enpresa teknologikoen autorregulazioa ez dela eraginkorra kontsumitzaileen eskubideak babesteko.

Nazioartean merkatu digitalak kontrolatzen dituzten enpresa teknologiko monopolisten aurrean, Europako Batasuna izan da egoera aldatu nahian lehen neurriak hartu dituena; EBko enpresa teknologiko nagusienak ez dira bertakoak, Ameriketako Estatu Batuetakoak baizik. Jakina da kanpotarren aurka neurri zorrotzak hartzea beti izaten dela errazagoa. Washingtonen ere horixe gertatzen da; orain arte, Txinako Tiktoken aurka hartu dituzte neurririk zorrotzenak, segurtasun nazionalaren izenean badira ere.

Enpresa teknologikoentzat, Europako Batasunean munduko beste herrialde batzuetan saltzen dituzten produktu berriak eskaintzea geroz eta zailagoa da; azken hamar urteotan, EBko esparru digitala arautzeko aurrekaririk ez duten araudiak onartu direlako. Europako Batasunak Mendebaldeko beste herrialdeetatik geroz eta gehiago aldentzen ari den jurisdikzio digitala sortu du, enpresen irabazien %20rainoko isunak aurreikusten dituena eta lehengo aldiz zerbitzuak eteteko ahalmena duena. Enpresa teknologikoak haserre daude, urteetan mantendu duten negozio eredua aldatzera behartu nahi dituztelako EBn. Ehunka abokaturekin epaitegietan borrokatzeaz gain, erabiltzaileen laguntza erabiliko dute Bruselari aurre egiteko. Hori izan da, alegia, Tik Tokek AEBetan erabili duen estrategia; erabiltzaileen protestak bultzatzea, Kongresuari presioa egin eta debekuaren proposamenean atzera egin zezaten.

Applek ez du hain garbi egin, baina zeharka mezu hori zabaldu du: Europako Batasuneko neurri berrien ondorioz europarrek ez dute adimen artifizialaren onurak jasotzeko eskubiderik izango, Mendebaldeko beste herrialde batzuetan bezala. Bruselan onuren arriskuak aztertzen hasi dira zerbitzu digital berriak indarrean sartu aurretik. Horrez gain, jurisdikzio digital europarra bertako enpresak bultzatzeko erabili nahi du EBk: besteak beste, AEBtako enpresa handien monopolioa apurtzeko eta europarrak baldintza berdinetan lehian aritu ahal izateko. Dena den, AEBen nagusitasun teknologikoaren iturria ez da kontrolik gabe mundu digitalean ezarri duten monopolioa bakarrik; sistemikoak diren eta jurisdikzio berriekin bakarrik konpondu ezin diren beste faktore garrantzitsu batzuk daude jokoan: inbertsio eta talentu gabezia.

AEBetako Gobernuak bere enpresa teknologikoen defentsa sutsua egiten du atzerrian, eta azken urteotan arau teknologiko berriak tentsiorako arrazoi izan dira Bruselarekin. Tentsio horiek areagotu egingo dira; merkataritza gerra berri bat ere eragin lezakete errepublikanoak Etxe Zurira itzultzen badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.