Alberto Fujimori Peruko presidente ohia hil da

Bere agintaldian gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita, hamalau urte egon zen preso, eta duela bederatzi hilabete atera zen espetxetik. Minbiziak jota hil da, 86 urterekin.

Alberto Fujimori, auzitegian. ERNESTO ARIAS / EFE
Alberto Fujimori, auzitegian. ERNESTO ARIAS / EFE
Oihana Elduaien Uranga - Ekhi Erremundegi Beloki
2024ko irailaren 12a
07:30
Entzun

Alberto Fujimori 1990. eta 2000. urteen bitartean Peruko presidente izandakoa hil da bart, Liman, minbiziak jota, 86 urterekin. Keiko Fujimori alabak eman du haren heriotzaren berri, X sare sozialean, eta «estimatzen zutenei» dei egin die «haren arimak betiko atseden hartzearen alde» errezatu dezaten. Peruko Gobernuak hiru eguneko dolu nazionala ezarri du, eta herrialdean presidente kargua izan dutenei egin ohi zaien ohorezko hileta prestatuko diote. Fujimoriren familiari, lagunei eta haren aldekoei doluminak adierazi dizkie Gustavo Adrianzen Peruko Ministroen Kontseiluko presidenteak.

Gizateriaren kontrako krimenak leporatuta, 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Fujimoriri; baina, hamalau urte egon zen preso. Duela bederatzi hilabete atera zen espetxetik, gaixo zegoela eta Peruko Auzitegi Konstituzionalak haren aldeko «indultu humanitarioa» onartu ondoren. Erabaki horrek kritika asko piztu zituen, izan ere, Fujimorik errepresio gogorra ezarri zuen gobernuan izan zen garaian.

Estatu kolpe bat emanda, botere guztiak bereganatu zituen 1992an. Indar armatuen laguntzarekin Diputatuen Kongresua itxi, eta botere judiziala ere bere esku hartu zuen. Sendero Luminoso talde armatuaren kontrako borrokari ekin zion, baina, horretarako, giza eskubideak urratzea egotzi diote gerora: kasurako, Barrios Altoseko (1991) eta La Cantutako (1992) sarraskien egile gisa zigortu zuten, baita 1992ko estatu kolpearen ostean enpresaburu bat eta kazetari bat bahitzeagatik ere. Horrez gain, salatu dute 300.000 emakume inguruk eta 22.000 gizonezkok esterilizazio behartuak jasan zituztela haren agintaldian. 

Bada, alderdi kontserbadoreak bultzatuta, joan den uztailean lege berri bat onartu zuten Peruko Kongresuan, eta, hala, 2002ko uztailaren 1a baino lehenagoko gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ezingo dira zigortu, eta preskribatu egingo dute. Horren ondorioz, Peruko barne gatazka armatuko hilketak ezingo dira ikertu, eta, hortaz, zapuztu egin dute Fujimori presidente izan zen garaian gizateriaren aurka egindako krimenak zigortzeko aukera ere. 

Miguel Jugo Peruko Giza Eskubideen Koordinazio Nazionaleko idazkari exekutiboak hala esan zion BERRIAri: «Kongresuarentzat errugabea» da, eta horren adibide da kartzelatik ateratzean Peruko Gobernuak ordaindu zizkion zerbitzuak: «3.000-4.000 dolarreko pentsioa, zazpi langile haren zerbitzura, eta mugitzeko askatasuna».

Japoniarekin konexioa

Japoniar jatorriko familia batean sortu zen Fujimori; ingeniari agronomoa zen, eta unibertsitateko errektore ere aritu zen, harik eta 1990ean presidente hautatu zuten arte. Ordura arte, ez zuen eskarmenturik politikan, baina hauteskundeen bigarren itzulira lortu zuen, eta presidentegai zen Mario Vargas Llosa idazleari gailendu zitzaion. Auzo txiroetako botoak bereganatu zituen Fujimorik.

Hala, hamarkada batez eutsi zion botereari Perun, harik eta 2000. urtean Japoniara ihes egin, eta presidentetza utzi zuen arte. Izan ere, garai hartan haren aholkularia zen batek bideo bat grabatu eta zabaldu egin zuen, eta hartan ikusten zen Fujimorik 15.000 euro eman zizkiola oposizioko kide bati. Ustelkeria kasu horrek hautsak harrotu zituen herrialdean, eta, hargatik, Japoniara ihes egitea erabaki zuen. Handik Txilera joan zen, eta, 2007an, Txiletik estraditatu zuten.

Tokioren eta Limaren harreman diplomatikoa gora beheratsua izan da: batetik, Fujimori presidente zen garaian, harremana estutu zuten, haren jatorri japoniarra zela eta; bestetik, ordea, Peruk ez zuen begi onez ikusi Japoniak Fujimoriri erbestealdian adierazitako babesa. Eta horren erakusle dira, hain justu, gaur emandako prentsaurreko batean Japoniako Gobernuko bozeramaile Yoshimasa Hayashik egindako adierazpenok: «Japoniak ezin du ahaztu Fujimorik nola erantzun zion Liman geneukan enbaxadak jasan zuen erasoari». Tupac Amaru Mugimendu Iraultzaileko gerrilla bat enbaxada hori bereganatzen saiatu zen, 1996an, eta hamazazpi hildako izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.