Al-Xifa ospitaleko zuzendaria askatzeak krisi politikoa eragin du Israelen

Zenbait hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, toki faltagatik askatu dituzte 50 palestinar inguru. Preso palestinarrek nozitzen dituzten baldintzak salatu ditu Gazako ospitalerik handieneko buruak.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, ekitaldi batean, ekainaren 18an. SHAUL GOLAN / EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, ekitaldi batean, ekainaren 18an. SHAUL GOLAN / EFE
Igor Susaeta.
2024ko uztailaren 1a
11:00
Entzun

Zazpi hilabete pasako kartzelaldiaren ondoren, Israelek aske utzi ditu Gazako Al-Xifa ospitaleko zuzendari Muhammad Abu Salmiya eta beste 50 palestinar inguru. Eta horrek krisi politikoa eragin du Israelgo Gobernuan. Izan ere, hainbat ministrok kontuak eskatu dizkiote Benjamin Netanyahu lehen ministroari eta Yoav Galland Defentsa ministroari. Israelgo zenbait hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, espetxeetako zuzendaritzak hartu du erabakia, kartzelak beteta daudela argudiatuz.

Eta Israelen kartzelatuta dauden palestinarrek nozitzen dituzten baldintzak salatu ditu Abu Salmiyak, gaur, Khan Yuniseko Nasser ospitalean egin duen agerraldian. «Atxilotuta dauden palestinar guztiak sufritzen ari dira. Egoera oso larrian utzi nituen. Nire mezua da haien arazoa aintzat hartu behar dela edozein negoziazio egitean». Zerrendako ospitalerik handieneko zuzendariak zehaztu du preso batzuk torturatuta hil direla. «Pozik gaude askatu gaituztelako, baina atzean utzi ditugu deskribaezina den sufrikario bat jasaten ari diren milaka pertsona». Giza eskubideen defentsan lan egiten duten Palestinako taldeen arabera, 9.000 palestinar inguru daude Israelgo kartzeletan preso.

Joan den azaroaren 23an atxilotu zuten Abu Salmiya. Israelgo armada Al-Xifa ospitalea setiatzen ari zen orduan, argudiatuta Hamasek instalazioa baliatzen zuela Tel Aviven kontra «ekintza terroristak» prestatzeko. Horien inguruan «galdekatzeko» hartu zuten atxilo. Zazpi hilabete geroago, ospitaleko burua eta beste preso batzuk aske uztea «segurtasun arduragabekeria bat» iruditzen zaio Segurtasun Nazionaleko ministroari, Itamar Ben-Gvir ultraeskuinekoari. X sare sozialean idatzitakoa mezu batean eskatu dio Gallanti auzi horretan joka dezala gobernuak agindutakoaren «kontra». Defentsa ministroak ohar batean jakinarazi du, ordea, ez duela zerikusirik erabaki horrekin, eta espetxe zuzendaritzaren teilatuan utzi du pilota; baita lehen ministroak ere. Netanyahuren bulegoak , ohar batean nabarmendu duenez, ikerketa bat abiatu du, baina erabaki horiek «segurtasuneko funtzionarioek» hartzen dituzte, Auzitegi Nagusiaren ebazpenei jarraikiz.

Beste ministro batzuek ere erabakiaren kontra egin dute, baita duela hilabete bat arte gerra kabineteko kide izandako Benny Gantzek ere. Ohar batean nabarmendu du «hutsegite moral eta etiko bat» egin duela erabakia hartu duenak, eta horren arduradunaren dimisioa eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.