AEBek ere Israel ohartarazi dute Libanon erasoaldirik egin ez dezan

Pentagonoko buruzagiek uste dute Iranek esku hartzea ekarriko lukeela horrek. Netanyahuk esan du Gazako eraso «gogorrenak» amaitzear daudela.

Emakume batzuk Hezbollahren aldeko banderak astintzen, ostiralean Yarounen (Libano). EFE
Emakume batzuk Hezbollahren aldeko banderak astintzen, ostiralean, Yarounen (Libano). EFE
Igor Susaeta.
2024ko ekainaren 24a
17:40
Entzun

Zer adierazpen egin dituzten kontuan hartuta behintzat, ematen du Israelgo agintariek erabakita daukatela Hezbollah milizia xiitaren kontrako erasoaldi bat hastea Libanon. Azken asteetan areagotu egin dira bi aldeek elkarri egindako erasoak. Larunbatean, NBE Nazio Batuen Erakundeak Tel Avivi eskatu zion halakorik ez dezala egin, eta AEBek ere ohartarazi dute azken orduetan; are, nabarmendu dute Iran esku hartzera bultzatuko lukeela horrek, eta iradoki, gainera, ez lioketela lagunduko.

Hori uler daiteke, gutxienez, Charles Brown jeneralak, AEBetako Estatu Nagusi Bateratuko buruak, atzo gauean esandakoak lerro artean irakurrita. «Hezbollahk gaitasun handiagoa du Hamasek baino, oro har. Eta esango nuke Iranek arrazoi gehiago edukiko lituzkeela laguntzeko»; horixe azaldu zien atzo kazetariei, Botswanara egindako bidaia ofizial batean, AEBetako hedabideek jaso dutenez. Washingtonek azken hilabeteetan adierazi izan du ez dela komeni eskualdean beste gatazka bat piztea.

Baina Israel prest dago, Benjamin Netanyahu lehen ministroak duela bi aste pasa azpimarratu bezala, Hezbollahren kontra «ekintza bortitz bat» egiteko. Eta atzo esan zuen tropen parte bat Israel iparralderantz eramatekoak direla —Libanorekin muga egiten du han—. Urriaren 7an Israelek Gazako setioa hasi zuenez geroztik lehen aldiz, elkarrizketa bat eman dio hedabide bati. Canal 14 telebista katean adierazi zuenez, zerrendako «eraso gogorrenak» bukatzear dira, eta horrek modua emango lieke soldaduak lekuz aldatzeko.

Eta Gazako erasoaldiaren harira —urriaz geroztik 38.000 pertsona hil ditu Israelek zerrendan—, Netanyahuk elkarrizketa horretan esan du prest dagoela Hamasekin «akordio partzial bat» sinatzeko baldin eta horrek aukera ematen badie talde islamistak bahituta dauzkan 120 israeldarrak Israelera eramateko. Argi utzi zuen, hori bai, «eten» horren ondoren borrokan jarraituko luketela «Hamas txikitzeko». Ordu batzuk geroago, lehen ministroaren bulegoak ohar bat kaleratu zuen, eta azpimarratu Hamas dela akordio baten kontra dagoena, ez Israel.

Erantzun gisa, Hamasek ohar bat argitaratu zuen, eta eskatu su etenak behin betikoa izan beharko lukeela, eta Israelgo tropek zerrendatik atera beharko luketela. Bide batez, talde islamistak Netanyahuren esanak kritikatu zituen testu horretan, iruditzen zaiolako behin bahituak askatuta «zibilak deuseztatzen» jarraitu nahi duela.

Bahituen senideek ohar bateratu bat kaleratu dute, eta Netanyahuri ohartarazi diote «porrot nazional bat» litzatekeela bahituak askatu gabe «Gazako gerra bukatzea». Bahituak hain zuzen, «abandonatuta» daude, Israelgo Gobernuaren aurka ari den Bandera Beltzak taldeak komunikatu batean azpimarratu duenez.

21.000

Gazan desagertuta dauden adingabe palestinarrak. Save The Children-ek gaur adierazi duenez, 21.000 adingabe inguru desagertuta daude Gazan. Gobernuz kanpoko erakundeak aintzat hartu ditu galduta daudenak, familiengandik banandutakoak, atxilotuak, hondakinen artean harrapatutakoak, eta hobi komunetan hilobiratutakoak.

Joe Biden AEBetako presidenteak egindako planteamendua onartu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak duela bi aste. Proposamen horrek sei asteko behin-behineko su eten bat aurreikusten du, helburu izango lukeena menia iraunkor bat adostea. Hamasek ontzat eman zuen proposamena, eta Israelgo agintarien artean ere adostasun handia dago, Washingtonek adierazi izan duenez. AEBen, Egiptoren eta Qatarren bitartekaritzarekin ari dira negoziatzen bi aldeak, baina ez dute itunik sinatu.

Gallant, AEBetan

Netanyahu ez dago guztiz pozik AEBak, bere aliatu nagusia, militarki ematen ari zaizkion laguntzarekin. Aurreko astean egin bezala, atzo ere salatu zuen, ministroen kontseilua hasi aurretik, «asko apaldu» dela AEBetatik Israelera iristen den arma kopurua. Ekainaren 18an azpimarratu zuen «ulertezina» dela hori. «Zenbait astez bidalketa horiek azkartzeko eskatu genien geure lagun estatubatuarrei», esan zuen Netanyahuk atzo, Israelgo hedabideen arabera.

Joan den astean, AEBek argitu zuten ez zekitela Netanyahu zertaz ari zen, eta azpimarratu zuten, hori bai, maiatzean jakinarazi bezala, 3.500 bonbako sail baten bidalketa eten zutela, arriskua zegoelako Rafahn dauden 1,5 milioi palestinarren kontra erabiltzeko.

Horiek horrela, Yoav Gallant Israelgo lehen ministroa bidaia ofizialean dago Washingtonen. Bisita hori egin du, hain zuzen, noiz-eta Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak setioa hasi zenez geroztik Ekialdeko Hurbilera egindako zortzigarren bidaiatik astebetera.

Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak eskatua du Netanyahu eta besteak beste Gallant atxilotu ditzatela, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatuta. Maiatzaren 19an egin zuen eskaera, eta ohikoena izaten da auzitegiak hilabete batzuk behar izatea erabaki bat hartzeko. Dena den, atxilotzeko agindua emanda ere, ez Gallant ez Netanyahu ezingo lituzkete AEBetan atxilotu, AEBek ez baitzuten berretsi Erromako Estatutua, eta, horrenbestez, ez daude behartuta atxiloketak egitera.

Finantza ministroa, erasoaren alde

Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrich, berriz, Libanori eraso egitearen alde mintzatu da bere alderdiaren bilkura batean. Libanon «Hezbollahren kontrako defentsa gerra» egitea eta Israelen «segurtasun eremua» Libanoko hegoaldera hedatzea proposatu du eskuin muturreko buruzagiak: «Bukatu da mehatxuen aroa: ekiteko garaia da». Zisjordanian kolonia gehiago sortzea ere proposatu du, eta Netanyahuri eskatu dio onar ditzala Zisjordanian duela gutxi eraikitako bost kokaleku. Esan duenez, haren xedea da «herrialdearen bihotzean Palestinako estatu bat sortzeko edozein aukera galaraztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.