Frantziako Asanblearako bozak

«1936ko Fronte Popularrean kapitalismoak lehertu jendea zen. Norbait izateko harrotasuna berreskuratu zuten»

Johann Chapoutot Parisko Sorbonako historialariak 1930eko hamarkadarekin egin alderaketak xehatu ditu: eskuin muturraren igoera, oligarkiaren rola, komunikabideena eta Fronte Popularraren apustua.

Fronte Popular Berriko partaideak
Fronte Popular Berriko talde buruzagiak, Parisen, ekainaren 14ko agerraldian. MOHAMMED BADRA/EFE
Iñaki Etxeleku.
2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Azken urteetan anitz alderatzen da Europa mendebaldeko egoera politikoa ordukoari, partikularki eskuin muturraren igoerarekin. Aste hauetan, eta Macronek legebiltzarra desegin geroztik, Frantzian are gehiago Fronte Popular Berriaren osatzearekin. Erreferentzia zuzena egiten baitio 1936ko Fronte Popularrari zeinetan orduko ezkerreko indarrek bat egin baitzuten, faxismoa Espainian eta Italian nagusitzen ari zelarik, eta nazismoa Alemanian.

Johann Chapoutot historialari frantsesa da, historiako agregatua, Parisko IEP Politika Ikasketen Institutuko diplomatua eta Historian doktore. 2016tik Historia Garaikideko irakasle da Parisko Sorbonako unibertsitatean. Historia garaikidean, nazismoaren historialari berezitu gisa ezaguna da. Doktoretza tesitik landa ere obra anitz badu argitaraturik gaiaz. Ikerketa gaia izanik 1930eko hamarkadako urteak ongi ezagutzen ditu Historiatik. Chapoutotek, ekainaren 11n, Liberation egunkarian iritzi artikulua argitaratu du, Botereak jasanarazten digun gohaindura beltza, 1930eko urteen irakaspenak izenburuarekin. Orduan bezala, gaur ere, bloke burgesaren edo liberalismo autoritarioaren jokamoldea aipatu du idazki horretan, baita haren ezaugarriak ere: «Hondamendi faxista eta nazia ahalbidetu duena beti hor dago: gizakiaren esplotazioa, munduaren suntsiketa, konkurrentziaren eta lehiakortasunaren darwinismo soziala, aberatsek egin hautua: hobeHitlerBlum baino». 1936ko Fronte Popularretik osatu baitzen Leon Blumek zuzendu zuen gobernua.

David Dufrene kazetari frantsesak, elkarrizketa luzea egin zion Chapoutoti, biharamunean, Au Poste Interneteko bere zuzeneko saioan. Bi garaiak alderatzeko ariketa egiten du historialariak, elementu konkretuak ekarriz horretarako. Besteak beste, kapitalik handienen jabe diren dirudunen jokoak konparatuz. «Faxismoaren igoera, gaur egun eskuin muturrarena bezala, miliardun batzuek zuten bultzatu orduan ere, Weimarko errepublikako politika eskuin muturrera ekarriz», esplikatu du historialariak.

Orduan bezala, gaur ere, Chapoutotek ez du uste jendeak etsaigoak sortzen dituen gizarte zatitu eta bortitzik nahi duenik: «Nehork ez du erraten: ‘jende batzuen bazterketa nahi dut’, ‘zanpaldiak bil ditzaten nahi dut’; nehork ez du erraten: ‘polizia izugarri bortitza nahi dut’, ‘trabarik gabeko lehia eta elkartasunik eza nahi ditut’. Macronistek eta eskuin muturrak garraiatu irudimen higuingarri hori, hots» nehork ez du nahi erran dio Dufrenei. Eta Weimarko agintepean gauza bera zela dio: «Nehork ez zuen nahi gerla; denek elkartasun handiagoa nahi zuten krisiaren parean».

Baina, komunikabideen erabilpena aipatu du nazien gailentzea ulertzeko mekanismoen artean. «Garaiko miliardun batek sistema mediatikoa erosi zuen —Alfred Hugenberg izena zuen—, eta eskuin muturrekoa zen». Ehun bat aldizkari eta orduko telebistaren funtzioa zuen zinema estudio nagusia erosi zituen. «Hugenberg, 1920ko urteetan, gaurko Bolloreren mailakoa zen». Vincent Bollore industrialaria Frantziako hamar fortunarik handienetan da, azpiegitura anitzen jabe da Afrikan eta komunikabide asko bereganatu ditu: Canal+, Europe1, RFM, le JDD, Gala, Femme Actuelle, Paris Match eta beste franko, baita edizio etxeak ere. Bolloreren gisan, Higenbergek ere eskuin muturreko ideien hedatzeko bere meneko zituen komunikabide aurkezle berak bazituela dio Chapoutorek. Gisa horretako inperio komunikatiboari buru egitea neke dela gehitu du. «Halako testuinguruan biziki zaila zaio ezkerrari existitzea. Aski da ikustea zer menskeria uholdea jasaten dugun ekainaren 10az geroztik; telebistetako platoek ezkerreko antolakundeek Fronte Popular Berrian bat egiten zutela jakinarazi dutenetik».

Johann Chapoutot Wiki
Johann Chapoutot.

Ezker zintzoagoa

Alta, alderaketarekin segituz, Chapoutotek oroitarazi du gaurko Fronte Popularra, ordukoa baino lainoagoa dela. «Zerga justizia gehiago, justizia soziala eta zerbitzu publiko gehiago eskatzen ditu. 1936ko Fronte Popularra aise urrunago joan zen». Baina Fronte Popular Berriko programako neurriek ikerlari batzuek bloke burgesaren erradikalizazioa deitzen dutena pairatzen dutela dio. «1936an kasik zentristatzat ekarriko ziren jende batzuk, troskistatzat, estalinistatzat jotzen dituzte gaur egun». Bollore eta eskuin muturraren apustua «adimen edo inteligentzia apalaren parioa» dela dio.

Horregatik, Chapoutoti iruditzen zaio Fronte Popular Berria adosteko Frantziako ezkerreko mugimenduek «heldutasuna» eta «kuraia» erakutsi dutela. Horretan, 1936ko garaiarekin konparagarria zaio. «Jakizu 1936an, SFIOren, Edouard Daladieren Alderdi Erradikal Sozialistaren eta Maurice Thorezen PCFen artean —ikaragarri lerro estalinista zuena— hitzartzea, gaur baino askoz zailagoa zela».

Mehatxu faxista hor zutela kontatu du historialariak. 1934ko otsailaren 6an liga faxistek manifestazio «antiparlamentarioa» egin zuten Parisen. 15 lagunez goiti hil ziren, eta Edouard Daladier buru zuen gobernuak dimisioa eman zuen. «Ezkerra biziki zatitua zen. Gaurkoa baino askoz gehiago. CGT bitan zatitua zen; SFIO alderdia ere. Erreformisten eta iraultzazaleen arteko hozka izugarria zen; gaurko LFIren eta PSren artekoa baino aise handiagoa». Batuketa herritarren akuiluz gertatu zen. «Aparatuek ez zuten batu nahi. Oinarriko militanteek dituzte behartu, 1934ko otsailaren 9 eta 12ko manifestazioekin, non CGTko bi aldeetako manifestariak batu ziren, eta, halaber, sozialistenak eta komunistenak». Ondoko asteek erranen dute, baina ez dirudi ber mailako mobilizazioak direnik egun hauetan.

«Fronte Popularrak hauteskundeak irabaztea lortu zuen, baita ezkerreko programa egitea ere; eta programa horrekin bizi gara oraindik, gaur egun. Opor ordainduak haiei esker ditugu. Lortu zen mugimendu sozial oso indartsua gertatu zelako: grebak, fabrika okupazioak... Osotasun bat izan zen». Opor ordainduez gain, 40 orduko astea eta eskubide sindikalen finkatzea ere ekarri zuen Fronte Popular haren programak, besteak beste.

Chapoutotek dioenez, beste elementu inportantea ekarri zuen: langile klasearentzat «duintasunaren eta harrotasunaren» berreskuratzea. «Kapitalismoak lehertu jendea zen, krisiak umiliatuak. Norbait izateko harrotasuna berreskuratu zuten».

Burgesek Hitler nahiago

Lehen bezala, orain ere, Chapoutotek dio bloke burgeseko liberalek aberastasunak ez dituztela partekatu nahi. «Beti baduzu burgesia bat —industrialena, bankariena, mediatikoa—, agenda bat daukana, eta ez duena inondik ere deus partekatu nahi». Eta ez dutela sekula aski dio. «So egin zein heinetaraino aseezinak diren: 160-200 miliar euro diru publiko eman zaio ekonomia pribatu bati, zeinek 100 miliar euro birbanatu dizkien bere akziodunei. Eta horiek berak orroaz hasi dira ezkerrak berriz plantan eman nahi duelako fortuna handien gaineko zerga edo Macronek kendu flag-tax delakoa».

Horregatik, eskuin muturra nahiago dutela adierazi du. «Arras ongi moldatzen dira liberalismo politikorik ezarekin. 1970eko urteetan pentsalari neoliberalek Pinochet txalotzen zuten. Eta lehenago ere; 1922an, nork zuen Mussolini boterean ezarri? Eskuin muturra ez da boterera heltzen hauteskundeei esker. Beti norbaitek ezarri du boterean. Mussolini Italiako liberalek, Hitler von Papenen inguruko liberal autoritarioek ezarri zuten bezala Alemanian».

1938an ez zen gehiago Fronte Popularrik eta Blumen gobernua erori zen. Daladierek eta Alderdi Erradikal Sozialistak eskuinaren aldea hartu zuten, faxismoa gora ari zelarik Europan.

Chapoutotek Liberationeko artikuluan beste abisu bat eman nahi izan du, bereziki, eskuin muturra gobernuan ezarriz sinesgarritasuna galdu eta ahulduko dela diotenei. «Botereko giltzak ematen badizkiegu, txarrak direla erakutsiko dute, eta etorkizunean sinesgarritasuna galduko dute; hipoteka hori ken dezagun burutik», dio historialariak. «Gogoeta hori jada entzun zen 1922an eta 1932an, eta hobe eginen zuten Goebbelsek erran zuena entzun balute, hala aitortu baitzuen bere egunkarian: ‘Sartzen gara eta inoiz ez gara aterako, ez bada hilik’. Hitza atxiki zuen, ezen bere haurrak eta emaztea hil zituen bunker aitzinean bere buruaz beste egin baino lehen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.