Tximist, ate bat erdi irekita

Gaur 50 urte, euskal mendizaleak Everest gailurrera iristeko zorian izan ziren: 8.530 metrora heldu ziren Angel Vallejo Rosen eta Felipe Uriarte baina haize bortitzak galarazi egin zien gorago jarraitzea. Historia oparo baten hitzaurrea izan zen.

1974ko Tximist espedizioa
Tximist espedizioko taldekideak, Izotz Jauzia gainditu eta Lhotseko hormarako bidean. LUIS MARI ABALDE / TXIMIST ESPEDIZIOA
ramon olasagasti
2024ko maiatzaren 13a
07:00
Entzun

1974ko maiatzaren 13a, gaur 50 urte. Haizea uluka dabil kanpoan. Everesteko Hego Lepoko ohiko bidean, balkoia esaten zaion lekuan (8.530 m), denda kozkor bat dago nola edo hala ainguratuta. Angel Vallejo Rosen eta Felipe Uriarte daude barnean. Goizaldean Everesteko gailurrerantz abiatzea da haien asmoa. 02:30 aldera mugitu dira –esnatu ez, ez baitute lorik batere egin–, eta aurrena bat eta gero bestea, dendatik atera dira, baina atera orduko haize bortitzaren zartakoak barrura bultzatu ditu berehala. Ez dago zutik irauterik. 11:00 aldera arte itxaron dute, orduak egin dituzte dendaren hagatxoei eusten, haizeak kanpalekua erauziko duen beldurrez, esperantzari eusten dionak nola. Ez dute bost urtetako lana haize kolpe batek braustadan eramaterik nahi, baina azkenean onartu egin behar izan dute han mendiak agintzen duela. «Zer, Felipe, behera egin beharko diagu, ezta?», esan du azkenean Rosenek, burumakur. «Zer egin zezakeagu besterik», ametitu du Uriartek, etsia harturik. Eta beherantz hasi dira.

«Hemen hasi zen dena», adierazi du Rosenek 50 urte geroago, bere etxeko korridorean zintzilik dagoen argazki bat erakutsiz. 1967an Andeetan artean inor igo gabeko hiru bosmilakotara igo zen taldearen zuri-beltzeko argazkia da. «Talde hauxe izan zen 1974ko Tximist espedizioaren bizkarrezurra: hemen gaude, goiko lerroan, ni neu, Juan Ignacio Lorente, Petxu [Luis Mari] Saenz de Olazagoitia, Pako Lusarreta, eta makurtuta, Rodolfo Kirch, Angel Landa eta Juan Mari Feliu», zerrendatu ditu Rosenek. Peruko Mendilerro Zuritik bueltan, ordea, azeria beti zelatan, norbaitek salatu egin zituen ikurrina haizatu zutelako Andeetako tontorretan, eta berealdiko kalapita sortu zen. «Angel Landa lauzpabost egun egon zen Basauriko espetxean; besteok komisariatik Madrilera eraman gintuzten, Ordena Publikoko Auzitegira, eta handik markatuta atera ginen, baina gutxienez ez ginen Carabanchelera joan», ekarri du gogora Rosenek.

Angel Vallejo Rosen
Angel Vallejo Rosen, 1967an Andeetan izan ziren taldekideen argazkia erakusten. RAMON OLASAGASTI

Andeetatik bueltan, 1969ko udako egun batez, Rosen bera, Lorente eta Juan Carlos Fernandez Gasteizko Dato kalean pasieran zebiltzala, Andeetatik goragoko gailurrekin hasi ziren ametsetan, Himalaiako menditzarrekin, eta, halako batean, hiruretako batek hordagoa bota zuen handira: «Aizue, eta Everest, zergatik ez Everest?». Beroaldian, Dato kaleko bertako paper denda batean karpeta urdin bat erosi, eta EVEREST idatzi zuten azalean. Hantxe hasi ziren biltzen ordura arte zegoen informazio apurra. Hilabete batzuen buruan Juanito Zelaia Cegasa enpresako zuzendariarekin bildu ziren haren bulegoan. Karpeta urdina ireki, eta Everesteko mapak eta logistikaren xehetasunak azaldu zizkioten taldekideek Zelaiari. «Everest, zuek burutik zaudete. Everest igotzeko gai zaretela uste duzue?», aurpegiratu zien burlaizez, baina euskal kulturaren mezenas oñatiarrak ondotxo zekien baietz, gai zirela, eta hala gehitu zien segidan: «Tira, ni arduratuko naiz diru kontuez. Zuek arduratu beste guztiaz». Garaiko 15 milioi pezeta, ez zuen nolanahiko aurrekontua bere gain hartu Cegasa etxeak. «Eta erantsi horri Larruquerten eta Lermaren filmak izan zuen kostua», gaineratu du Rosenek.

Everest ikusi zuen lehen euskalduna

Txomin Uriarte 1971. urtean abiatu zen Katmandu aldera, baimena Nepaleko hiriburuan bertan kudeatu behar baitzen orduan. Garai hartan, Txinako gobernuak itxiak zituen bere mugak Everest iparretik saiatzeko, eta Nepalgo Gobernuak urteko bi baimen baino ez zituen ematen hego isurialdetik saiatzeko, bat montzoiaren aurreko hilabeteetarako eta bestea montzoiaren osterako. «Katmandura baino lehen, Frantziatik, Suitzatik eta Alemaniatik egin nuen bidaia, Himalaian egondako jendearen eskutik informazioa jasotzeko. Suitzan Raymond Lambertekin egon nintzen. Lambert 1952an egon zen Everesten, Hillary eta Tenzing hara igo baino urtebete lehenago, eta 8.500 metrora iritsi zen Tenzingekin berarekin; informazio iturri oso ona izan zen guretzat. Ondoren, Karl Herrligkofferrekin bildu nintzen Munichen, Nanga Parbatera hainbat espedizio gidatu zituen mendizalearekin. Hark aholkatu zidan Everestera ez joateko, gehitxo izan zitekeela guretzat, eta zortzimilako txikiago batetik hasteko. Katmandura haien guztien gomendio eskutitzak eraman nituen, orduan jendearen babesa behar baitzen baimena lortzeko», gogoratu du Txomin Uriartek.

1974ko Tximist espedizioa
1974ko Tximist espedizioa osatu zuten taldekide guztiak. ANGEL LERMA / TXIMIST ESPEDIZIOA

Katmandun lehen izapideak egin eta Khumbu bailaran, xerpa herriaren erresuman, barneratu zen Txomin Uriarte. Ileak lazten zaizkio oraindik Namche Bazar atzean utzi eta Thyangbocheko monasteriotik gora Ama Dablam mendiaren soslai ederra agertu zitzaion une hartako zirrara gogora ekartzean. Pixka bat gorago, lehen aldiz begiztatu zuen Everest; Txomin Uriarte izan zen, 1971. urtean, munduko mendirik garaiena bere begiz ikusi zuen lehen euskalduna. «Urte hartan, Norman Dyhrenfurth estatubatuarrak zuzendutako nazioarteko espedizioa zegoen Everesten. Herrialde bakoitzeko izarrik handienak zeuden, baina nork bere astoari egiten zion arre, eta, azkenean, ez zuten ezertxo ere egin, ez zen inor igo». Argi geratu zitzaien euskaldunei talde lanaren garrantzia.

«Francoren hiru ministro kontseilutan hitz egin omen zen gure espedizioari buruz, joateko baimena eman, ez eman».

ANGEL VALLEJO ROSEN

Hala ere, Everestekoak baino malkar gaiztoagoak gainditu behar izan zituzten abiatu aurrean. Ardi beltzak ziren, Andeetako espedizioaren markarekin. «Francoren hiru ministro kontseilutan hitz egin omen zen gure espedizioari buruz, joateko baimena eman, ez eman», oroitu du Rosenek. Lorente eta Rosen bera, Marcelino Oreja garaiko Espainiako Kanpo Gaietarako ministroaren bulegora deitu zituzten. Marcelino Orejak galdetu zien: «Zuena zer izango da espedizio euskalduna edo espainiarra?». Eta Lorentek, diplomaziaz, erantzun: «Bueno, gu Gasteizkoak gara...». Azkenik, Juan Antonio Odriozola Espainiako Mendi Federazioko presidentearen esku-hartzeari esker, baimena eman zieten. «Juanito Zelaiaren pena izan zen Everesteko euskal espedizioa izena jarri ez izana. Jazarriak ginen, zelatatu, kontrolatu egiten gintuzten, eta, azkenean, horregatik jarri genion Tximist», gogoratu du Rosenek. Cegasa etxearen pila markarik ezagunena zen garai hartan Tximist, eta gaurdaino iraun du pila haren indarrak.

Baimena eman arren, Francoren erregimenak zelatari bat jarri zien kazetariz mozorrotua: Jose Maria Calle, Alfil agentziako erredaktoreburua. «Nolabait onartu, eta gurekin eraman egin behar izan genuen, baina kronika guztiak fiskalizatu egiten genizkion», azaldu du Rosenek, barrez.

1974ko Tximist espedizioa
Taldekideak, Julio Villar buruan, Izotz Jauzia prestatzeko lanean. ANGEL LERMA / TXIMIST ESPEDIZIOA

Hala, 1974ko martxoan, 16 taldekide abiatu ziren Nepal aldera: Juan Ignacio Lorente, Angel Vallejo Rosen, Luis Mari Saenz de Olazagoitia, Pako Lusarreta, Rodolfo Kirch, Angel Landa (hauek Andeetako espedizioko kideak), Felipe Uriarte, Txomin Uriarte, Julio Villar, Ricardo Gallardo, Luis Mari Abalde, Alfonso Alonso, Juan Kortazar, Juan Carlos Fernandez de la Torre, Fernando Larruquert eta Angel Lerma, azken biak filmaketa lanak egiteko.

Nepal garai hartan, «Erdi Aroko herrialdea» zen artean, Rosenen hitzetan. Felipe Uriartek ere gogoan du Katmandun ia argirik ez zegoela: «Gauetan petroliozko lanparak piztuta lortzen zuten argitasun apur bat. Hiriburuan aldaketa ikaragarria gertatu da ordutik hona, eta mendialdean ere gauza bera. Usainak, argiak, erritmoa... beste batzuk ziren orduan, zerikusirik ez gaur egungoekin. Luklako aireportuan, kanpaleku nagusira materiala eramateko zamak banatzen ari ginela garraiatzaile guztiak xerpak ziren, gizonezkoak eta emakumezkoak. Gaur egun, garraiatzaileak ez dira xerpak, tamang, chetri, rai eta maila apalagoko etnietakoak baizik. Xerpak mendi gidari bihurtu dira, eta kanpaleku nagusitik gora aritzen dira lanean», azaldu du Felipe Uriartek.

Arrisku biziko uneak

Everest, 1974an, erronka izugarria zen. Artean, 38 mendizale baino ez ziren igo munduko tontor gorenera. Martxoaren hondarrean heldu ziren kanpaleku nagusira taldekideak, xerpak eta material guztia, 17 tona osotara. Taldekide bat, Lusarreta, kanpaleku nagusira iritsi aurretik etxeratu beharrean izan zen, ameben infekzio batek jota. Saminez agurtu zuten lagunek donostiarra. Kanpaleku nagusira iritsi orduko hasi ziren mendian lanean, Izotz Jauzi beldurgarrian. «Bide osoa guk zabaldu genuen, eta gero xerpek materiala igotzen asko lagundu ziguten. Egoerak ez du batere zerikusirik gaur egungoarekin. Gaur egun, xerpek behetik goraino bidea sokaz ekipatu arte, mundu guztiak behean itxaroten du», nabarmendu du Txomin Uriartek.

«Bide osoa guk zabaldu genuen, eta gero xerpek materiala igotzen asko lagundu ziguten. Gaur egun, xerpek behetik goraino bidea sokaz ekipatu arte, mundu guztiak behean itxaroten du».

TXOMIN URIARTE

Zortzi egunetan ekipatu zuten Izotz Jauzia, sokaz eta Gasteizen bertan fabrikatutako eskailerez. 1.500 metro soka eta 60 zubi eta eskala jarri zituzten guztira. «Labirinto hartatik lehenbailehen atera nahi izaten genuen, arrisku bizian ginelako, izotz bloke erraldoiez jositako eremu arrakalatu hura bizirik zegoelako», oroitu du Txominek. Gorago ere, arrisku biziko uneak bizi izan zituzten. Lehen eta bigarren kanpalekuaren artean elur jauzi baten uberak Julio Villar eta Rodolfo Kirch harrapatu zituen, eta gerriraino hondoratu. «Bete-betean harrapatu izan balitu...», utzi du airean Txomin Uriartek. «Lhotseko hormaren azpiko kanpalekuan (7.450 m) ere izotz jauzi bat izan zuten, eta gaitz erdi, hutsik zegoen denda eraman zuen aurretik; gu ondokoan ginen», azaldu du Rosenek. Beldurrez, kanpaleku hartako dendak lekuz mugitu behar izan zituzten.

1974ko Tximist espedizioa
Zama lanetan, Lhotseko horma parez pare dutela. LUIS MARI ABALDE / TXIMIST ESPEDIZIOA

Mendiko lanean erakutsi zuten bazirela gai Everest hari aurre egiteko. «Beldurrik gabe esango nuke baietz, eta neurri handi batean talde bat izan ginelako gertatu zen hori. Espedizioburu bat zegoen, Juan Ignacio Lorente, eta zuzendari tekniko bat, Angel Landa, garai batean horrela ziren gauzak, eta denok onartu genuen egitura hori, errespetu handiz, eta talde gisa lan txukuna egin genuela uste dut. Kide guztiok urtetan eta urtetan jarraitu dugu harremana izaten gure artean, ia familia baten pare», nabarmendu du Felipe Uriartek.

Apirilaren hondarrean, Portugalen Krabelinen iraultza lehertu zen garaitsuan, Julio Villarrek eta hiru xerpak Hego Lepoko V. Kanpalekua ezarri zuten 8.000 metrotan, aurrez Lhotseko hormako zatirik zailenak eta arriskutsuenak sokaz finkatu ondoren. Lanik zailenak eginak zeuden; bidea prest zegoen gailurreko ekinaldietarako. Taldean esperantza beteko giroa zen nagusi. Maiatzaren 12an, Felipe Uriarte, Angel Vallejo Rosen eta hiru xerpa Hego Lepotik gorantz abiatu ziren. Arratsaldeko 16:00ak inguruan, balkoia esaten zaion lekuan (8.530) denda txiki bat paratu zuten, VI. kanpalekua, eta xerpak behera jaitsi ziren. Ordura arteko espedizio apurrek Hego Lepotik gailurrerako bidean kanpaleku bat ezarri izan zuten tartean, eta Tximisteko kideek ere halaxe egin zuten, burutik pasatu gabe Hego Lepotik zuzenean gailurrera igo zitekeenik.

1974ko Tximist espedizioa
Hego Leporako bidean. LUIS MARI ABALDE / TXIMIST ESPEDIZIOA

Maiatzaren 12 arratsaldean eguraldia bikaina zen artean. «Ilunabar ederra geratu zen, haizerik gabe, erabat izartua», oroitu du Rosenek. Felipek ere seigarren kanpaleku horretara «sasoiko eta fresko» iritsi izanaren akordua du. «Konfiantza osoa genuen hurrengo goizean gailurra joko genuela. Gogoan dut ez nuela txanorik jarrita. Esperientzia faltaren ondorioa zen, baina horrek adierazten du nola geunden: konfiantzaz lepo, pozik eta sasoian». Ilunabar ikusgarri haren oroitzapenak honela ekarri zituen hitzetara Rosenek, espedizioaren kronikan: «Gure azpian ikus genitzakeen Makalu, han urrunean, eta Lhotse eta Nuptse, gertuago. Nire ergelkerian, uste dut inportante sentitu nintzela halako handitasuna ederrets nezakeelako. Baina nago berehala pasatu zitzaidala; izan ere, nire larruan behin baino gehiagotan probatua nintzen zer gutxi den gizona naturari aurre egin behar dionean».

«Pare bat saiakera egin genituen kanpora ateratzeko, baina zutik irauteko ere lanak genituen. Bost urte eta hiru hilabeteko lanaren ondoren, etsipena sentitu genuen, baina ez zen tragedia bat izan».

FELIPE URIARTE

Haize ufada bortitzak

Halaxe izan zen. Gauak aurrera egin ahala, haize ufada bortitzak sumatzen hasi ziren, eta goi haietan haizeak morroiloz ixten ditu ate guztiak. Patuaren makurra: gaua erabat izarratua zen, laino izpirik ez zen zeruan, baina haizeak ez zien aukerarik txikiena ere eman. «Pare bat saiakera egin genituen kanpora ateratzeko, baina zutik irauteko ere lanak genituen. Bost urte eta hiru hilabeteko lanaren ondoren, etsipena sentitu genuen, baina ez zen tragedia bat izan. Han mendiak agintzen zuen, eta ez zegoen zereginik. Erabaki zentzuzko bakarra zen», onartu dute Uriartek eta Rosenek. Goizeko 11:00ak aldera arte itxaron zuten, baina alferrik, haizea ez zen baretu. Uriarteri, une batez, taldea etorri zitzaion burura, eta sentimendu baten azkura sumatu zuen barnean: lotsarena. «Angel eta biok izan ginen lehen saiorako aukeratuak, eta gailurrik gabe ari ginen jaisten. Nire sentimendua zen nola agertuko nintzen lagunengana nire lana bete gabe. Horrek nik uste adierazten duela gure artean genuen talde giroa eta harremana».

1974ko Tximist espedizioa
Felipe Uriarte, 8.300 metro inguruan. ANGEL VALLEJO ROSEN / TXIMIST ESPEDIZIOA

Rosenek eta Uriartek VI. kanpalekuan utzi zituzten lo zakuak, janaria, oxigeno bonbonak eta kamerak hurrengo saiakeretarako. Gallardo eta Abalde sokaldi batean, Kirch eta Villar bestean, Hego Lepoan zain egon ziren eguraldia noiz hobetuko (Gallardo lau gau eta lau egun oso egon zen 8.000 metrotan), baina montzoiaren lehen enbatek gogor jo zituzten saiakera haiek, eta, azkenik, jaitsi egin behar izan zuten guztiek.

Tximist espedizioak arnastu, igurtzi, ferekatu egin zuen Everest gailurra. Erakutsi zuen euskal mendizaletasunak bazuela ahala gailurrik garaienera iristeko. «Tximist espedizioak, nolabait, ateak ireki zituen. Himalaiako atea hortxe zegoen, atetzar bat, zabaltzean kirrinka egiten duena, eta guk, bultzaka-bultzaka, atea erdi irekita utzi genuen. Gerora, guk geuk, eta belaunaldi gazteagoek, ate hori erdi zabalik ikusi eta aurrera egin genuen, atea parez pare zabaltzeraino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.