Pirinioak alderik alde, oinez eta hegan

Ekainaren 23tik 29ra x-Pyr proba egin da Pirinioetan, Hondarribitik Port de la Selvara. Munduko parapente hegalaririk onenak aritu dira lehian, Iñigo Ais eta Ane Intxaurraga haren laguntzailea tartean. «Esperientzia gogorra eta emozio handikoa izan da».

x-Pyr 2024 proba
Ekainaren 23an partaideak Hondarribiko hondartzatik abiatu ziren unea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ramon olasagasti
2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

Mendi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik. Hondarribian (Gipuzkoa) abiatu eta Port de la Selvan bukatu (Herrialde Katalanak), Pirinioak alderik alde. Oinez eta hegan. Hike & fly. Tartean nahitaez igaro beharreko sei mugarri edo koordenatu, gehienak airean bertan. Horiek probaren zenbait joko arau; hortik aurrera, norberaren abilezia, Pirinioetako ibarretan nahiz aireko laino kaleen artean zer bide hartu, nondik aireratu, non lur hartu, non pausatu lotarako... Abentura erabatekoa. Hitz batean, horixe da x-Pyr: mendia eta parapentea uztartzen dituen abentura ikaragarria. Gaur egungo Ikaro hegodunen amets betea. Mundu zabaleko hegalaririk onenak biltzen dituen proba.

Bigarren etapa, Ipar Euskal Herrian. Bideo guztiak x-Pyrren youtubeko kanalean.

Ekainaren 23an Hondarribitik abiatu ziren berrogei partaideen artean, euskal hegalari bakarra zen: Iñigo Ais Wito (Murgia, Araba, 1981) eta haren taldean, laguntzaile, Ane Intxaurraga (Orozko, Bizkaia, 1990), biak ala biak parapentezale amorratuak. Duela aste batzuk alderantziz izan zen: Ais izan zen Intxaurragaren laguntzaile modalitate bereko Pyrenees Open proban, eta bikain moldatu ziren. Intxaurraga hamabigarren geratu zen, 35. partaideen artean, eta nesketan, Espainiako txapeldun. «Oso gustura bukatu nuen, helmugatik oso gertu eta aurreikuspen guztiak gaindituta», oroitu du Intxaurragak. Hala, Aisek x-Pyr probarako laguntzaile izatea proposatu zionean, ez zuen zalantza zirkinik egin.

Iñigo Gabiria hegalari elorrioarra hegan
Iñigo Gabiria hegalari elorriarra, 2012ko lehen x-Pyr probaren irabazlea. IÑIGO GABIRIA

«Ordu asko dira oinez eta korrika, ordu asko airean, egunero inprobisatu egin behar da, erabakiak hartu... Badakizu eguna non hasiko duzu, baina inoiz ez non bukatuko duzun»IÑIGO GABIRIALehen X-Pyrraren irabazlea

Iñigo Gabiria (Elorrio, Bizkaia, 1970) eskarmentu handiko hegalaria da; 33 urte daramatza hegan, eta bera izan zen x-Pyr probaren lehen aldiko irabazlea, 2012an. «Lehen x-Pyr hartan, oinez eta parapentean hegan egiteko diziplina hau artean ez zen oso ezaguna, eta materiala ere ez zen hain egokia. Gaur egun, batez beste, derrigorrez eraman beharreko material guztia kontuan hartuta –parapentea, arnesa, segurtasuneko paraxuta, sakelakoa, trackerra, kaskoa eta motxila–, 6 eta 8 kilo artean eramaten dituzte bizkarrean. Nik, duela hamabi urte, 15 kilo eraman nituen». Pirinioak zeharkatzea «izugarria da, erronka handia», Gabiriaren esanetan. «Baldintzak gogorrak izaten dira. Ez da berdina piragua batean ur bareko urtegi batean ibiltzea edo ur bizietan sartzea. Eskarmentu pixka bat behar da Pirinioak zeharkatzeko. Fisikoki eta buruz oso ondo egon behar da. Ordu asko dira oinez eta korrika, ordu asko airean, egunero inprobisatu egin behar da, erabakiak hartu... Badakizu eguna non hasiko duzun, baina inoiz ez non bukatuko duzun».

Aurten parte hartzekoa zen Mattin Iñiguez (Zegama, Gipuzkoa, 1985), baina, hilabeteren faltan, istripu bat izan zuen lurreratze batean, eta orno bat apurtu zuen. Sasoi betean eta oso ondo prestatuta zegoen Iñiguez; horren erakusle, maiatzaren 2an hegaldi historiko bat egin zuen: Nafarroako Larraintza mendian aireratu zen, eta Kataluniako Organya herrian lurreratu, 300 kilometro osotara. Parapentearen magia: etxe ondoan abiatu, aireko autobide ikusezinei antzeman, termiken kulunkan ibar bat eta bestea gurutzatu, Telera eta Tendenera mendilerroetan lehertutako ekaitzei itzuri egin, eta Kataluniaraino iritsi. «Oso gustura bukatu nuen. Pirinioetan ez da inoiz 300 kilometroko hegaldirik egin, eta Euskal Herriko errekorra ere izan da», jakinarazi du Iñiguezek. Hodei aparretatik, ordea, errealitate gordinean lur hartzera behartu zuen istripuak. Akabo x-Pyr. «Pena handia hartu nuen; lasterketa ondo prestatu nuen, hegan egin beharreko eremuak oso ondo aztertuta eta ikasita neuzkan; hegan ere ondo ari nintzen...». Hala ere, antolakuntzak eskatuta, x-Pyrren Youtubeko kanalean aritu da esatari. «Gazi-gozo puntu horrekin, oso gertutik bizi izan dut proba, eta oso aldi interesgarria izan da, emozio handikoa», azaldu du.

Mattin Iñiguez hegalaria Kataluniako Organya herrian
Mattin Iñiguez hegalaria, pozik, 300 kilometroko hegaldia egin ondoren, Kataluniako Organya herrian lur hartu berritan. MATTIN IÑIGUEZ

«Pena handia hartu nuen [ezin parte hartzeagatik]; lasterketa ondo prestatu nuen, hegan egiteko eremuak oso ondo aztertuta neuzkan, hegan ere ondo ari nintzen...»MATTIN IÑIGUEZHegalaria

Emozio handikoa eta gogorra. Hondarribitik abiatu ziren egun berean, euria izan zuten atergabe, eta Larrun tontorreko balizatik ezin izan zuten hegan atera. Lehen egun horretan, batzuek 75 kilometro egin zituzten korrika edo oinez, motxilatzarra bizkarrean. Hurrengo baliza Val d’Azunen zuten, Frantziako Pirinioetan. Bigarren egunean, Gabriel Jansen brasildarrak ezustekoa eman eta ia-ia balizaraino iristea lortu zuen hegan, faborito guztiak atzean utzita. Gainerakoak erdibidean sakabanatuta geratu ziren. «Hirugarren eguna izan zen giltzarria. Argeles inguruan zirenek hegan egiteko baldintza onak aprobetxatu zituzten, eta Pirinioen hegoaldera igarotzea lortu zuten. Egun horretan faborito denak aurreratu ziren, eta Simon Oberrauner austriarra lehen postuan jarri zen», jakinarazi du Mattin Iñiguizek. Atzerago zirenek, ordea, ez zuten hain baldintza onik aurkitu hegan egiteko. Iñigo Aisek, haien artean.

Ormaiztegiko txakurrarena, ia

Boi Taullen zuten hirugarren mugarria; Monte Perdidon laugarrena —airean mendebalderantz jira hartuta— eta Vall de Nurian bosgarrena, Puigmal tontorraren azpian. «Laugarrena ekaitz eguna izan zen, eta eguerditik aurrera, Andorra inguruan, muturreko baldintzetan egin behar izan zuten hegan. Piloturen bat edo beste ekaitzak harrapatu zituen, eta, halakoetan, lainoek xurgatu egiten zaituzte. Zorionez ez zen ezer gertatu, eta ondo lur hartu ahal izan zuten», jakinarazi du Jon Arruti antolakuntzako kideak (Zarautz, Gipuzkoa, 1981). Bosgarren egunean, ekainaren 27an, heldu ziren Santa Helena de Rodeseko helmugara lehenbizikoak, Simon Oberrauner buruan. Austriarra larri ibili zen, ordea. Christian Schugg alemaniar gazteak, hegan, Ormaiztegiko txakurrarena egin zion ia, harrapatu eta pasatu. «Oberraunerrek La Jonquera inguruan lur hartu zuen, 50 bat km zeuzkan korrika egin beharrak, eta Schuggek, iparraldeko mendizerra batetik, hegan aurreratu zituen Shane Tighe australiarra eta Pierre Remy frantsesa, bigarren eta hirugarren zihoazenak, eta Oberrauner bera ere bai, ia-ia», jakinarazi dute Arrutik eta Iñiguezek.

«Laugarrena ekaitz eguna izan zen; Andorra inguruan, muturreko baldintzetan egin behar izan zuten hegan. Pilotu batzuk ekaitzak harrapatu zituen, eta, halakoetan, lainoek xurgatu egiten zaituzte». JON ARRUTIAntolakuntzako kidea

x-Pyr 2024 proba
Simon Oberrauner austriarra, probaren irabazlea, Vall d’Nurian lurreratzen. X-PYR

Atzerago, beren abentura bizitzen jarraitzen zuten Aisek, Intxaurragak, eta, haiekin batera, Bittor Baquero eta Aner Etxezabal laguntzaileek. Egunez egun, Tourmalet inguruan, «zerua erori» zitzaien gainera, Urdicetoko lepotik mendikatearen hegora igaro eta San Juan de Planera iritsi zen egunean, «festa emozional handia» bizi izan zuten, hainbat orduz estaldurarik gabe eta elkarren berririk izan gabe ibili eta gero. Azkenik, ekainaren 29an, probaren azken egunean, Boi Taulleko balizatik igaro ondoren, euria, trumoia eta giro eskasa zela ikusirik, zeharkaldia hantxe amaitutzat ematea erabaki zuten. «Gure helburua zen zazpigarren egunera iristea, ondo iristea, ez hankak txikituta eta zauriekin... Helburu hori bete dugu, eta oso pozik gaude. Partaide bakoitzak bere erronkak ditu, eta Iñigok bete ditu bereak. Niretzat ere esperientzia ederra izan da. Esfortzuak eraginda, emozio asko dira aldi berean, onak, txarrak... Ahal izan dugun guztia eman dugu. Zenbaitetan, ez gara egon egon behar genuen lekuan eta momentuan hegan egiteko, baina horrelakoa da parapentea, erabakiak hartu behar dira, eta batzuetan erabaki zuzenak hartzen dira, eta beste batzuetan, ez. Baina beti aurrera jarraitu behar da, hori da filosofia», nabarmendu du Intxaurragak.

Ane Intxaurraga eta Iñigo Ais parapenteko hike&fly modalitateko x-Pyr probako partaideak
Ane Intxaurraga eta Iñigo Ais, probaren zazpigarren egunean, Kataluniako Castello de Tor herrian. ANE INTXAURRAGA

«Partaide bakoitzak bere erronkak ditu, eta Iñigok [Ais] bete ditu bereak. Niretzat ere esperientzia ederra izan da. Esfortzuak eraginda, emozio asko dira aldi berean...»

ANE INTXAURRAGAHegalaria, Iñigo Aisen laguntzailea

Mendia, parapentea, mendiko parapentea, «bizimodu bat da» Gabiria, Ais, Intxaurraga, Iñiguez, Arruti eta kirol honetan dabiltzan guztientzat. X-Pyr amaitu da, baina aurrerantzean ere zerura begira ibiliko dira, hegaztiei begira, haizearen joerari antzemateko. Izan ere, hein handi batean, hegazti dira haiek ere, eta ez gero txori bati hegorik ebaki! «Hegazti batzuek, saiek batez ere, gure moduan egiten dute hegan, edo guk haien moduan: termikak hartzen dituzte gorantz egiteko, eta askotan elkarrekin egiten dugu hegan. Saiekin oso ondo moldatzen gara. Termikaren arabera, zenbaitetan sai askorekin elkartzen gara, eta denok ordenatuta ibiltzen gara jira eta buelta. Ikusgarria izaten da! Haietako beste bat garela sentitzen dugu», laburtu du Gabiriak hegalari guztien sentimendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.