Arabako harribitxiak ezagutuz

Kuartangoko ibarrean txangoa egin dute hainbat BERRIAlagunek, Josean Gil-Garcia gidari, eta harribitxi batzuk ezagutzeko aukera izan dute: La Encontrada, Ganaltoko gailurra, Badaia mendilerroko parajeak, Eskolunbeko santutegia, trikuharri miresgarriak...

BERRIAlagunen irteera Arabako Koartangoko ibarrera
Taldekideak Ganalto gailurrean. UXUE BARRENETXEA
Uxue Barrenetxea - Ramon Olasagasti
2024ko ekainaren 20a
12:30
Entzun

Ekainaren 15eko goizeko bederatziak dira, eta bete da Abornikano (Araba) herriko aparkalekua. Han biltzekoak dira BERRIAlagunak eta Josean Gil-Garcia Mendia kanaleko kolaboratzailea. Garaiz heldu dira Gil-Garcia bera eta Joxepi Monge, haren txangoetako ohiko bidelaguna. Ibilian-ibilian, zenbat ibilbide landu ote dituzten urteotan guztiotan! Euskaldunon Egunkaria-ko garaian hasi, duela 30 urte ia, eta hor jarraitzen du, Gil-Garciak, nekaezin, Arabari eta mendiari buruz duen ezagutza agorrezina irakurleei helarazten.

Arabako Gorbeialdeko paraje eder hauek zer ekarriko duten jakiteko gogoz daude BERRIAlagunak. Baina ez dira izan bildu diren bakarrak: Abornikano bertako herritar batzuk ere batu dira, herrian ohikoa baino mugimendu gehixeago sumatuta. Mendi buelta zirkularra hasi aurretik, biribilean jarri eta Gil-Garciak hartu du hitza. Altxor kutxatik harribitxiak nola, hainbat liburu atera ditu BERRIAren motxilatik, inguruotako berri ematen duten bibliografia kozkorraren aleak. Jakiz eta edariz ez ezik, halakoez ere zamatzen da Gil-Garciaren motxila, eta halakoez elikatzen haren jakin-mina, ondoren irakurleena asetzeko. Eskertu dute, eskertu dutenez, txangora bildutakoek: hasiera-hasieratik, inguruko bitxikerien berri eman digu bertaratutakooi, eta ibilbidean zehar zer topatuko dugun aurreratu digu.

Aurkezpenak eginda, Montegrandeko haritz zahar eta itzaltsuen artean, Baia ibaiaren bila abiatu dira ibiltariak. Gorbeiaren magalean sortu eta zehar-mehar bidea egin ondoren, Miranda de Ebron Ebrora isurtzen ditu urak Baiak.

BERRIAlagunen irteera Arabako Koartango ibarrera
Josean Gil-Garcia eta Alberto Delgado Fernandez de Ganboa azalpenak ematen La Encontradan. Atzean, begi bakarreko zubia. UXUE BARRENETXEA

La Encontrada

Pixkanaka goranzko joera hartzen hasi da ibilbidea, eta bihurgune batean pistatik atera eta La Encontrada paraje misteriotsua ezagutzeko etenalditxo bat egin dute taldekideek. Baia ibaiaren gainetik begi bateko zubia igaro eta hortxe da garai bateko dorretxea, egun baserri berritua. Ingurua ongi ezagutzen du BERRIAlagunetako batek, Alberto Delgado Fernandez de Ganboak, eta historiako lezio bat eman dute Gil-Garciaren eta bien artean. Lekuaren izena dela eta, hainbat hipotesi daudela azaldu dute. Kondaira baten arabera, ihesean zebilen Zuria Nafarroakoa printzesa dorretxe horretan hartu zuten Gereñako jaun-andreek. Egun batzuetara, Karlos anaiak, Vianako printzeak, bertan aurkitu omen zuen, eta «¡Encontrada!» oihukatu. Henrike Knör Joseanen irakasle izandakoaren arabera, berriz, frantseseko contrée hitzarekin (eskualdea) izan dezake zerikusia lekuaren izenak. Mikaela Portilla historialariaren lana ere ekarri du Gil-Garciak: «Hark dio inguru hau bidaiari eta bidazti askoren bidegurutze izan zela, hemendik igarotzen baitira Ribabellosatik kostaldera doan iparraldeko bidea, eta ekialdetik mendebaldera doazen hainbat bide ere».

La Encontrada atzean utzi eta goranzko bideari heldu diote, Arnateko lepoa jomuga. Mendiaren gainazalera iritsi eta argitu da ingurua. Urtaro ederra dela aipatu dute batzuek, zuhaitz basatiak zein larreak lorez beteta daude eta. Ganaltoko gurutzera bidean, Oroko Andramari Santutegia bistaratu dute. «Han ezkondu ginen emaztea eta biok», jakinarazi du Iñaki Martinez de Luna soziologo eta Garabideko lehendakariak.

BERRIAlagunen irteera Arabako Koartango ibarrera
Basoan zabaldutako argiune batean, Arabako geografiari buruzko ikasgaiak jasotzen. UXUE BARRENETXEA

Heldu dira Badaia mendilerroko goi lautadara. Endika izeneko mugarria altxatzen da balkoi honetan, eta bertan besarkatzen dira Kuartango, Urkabustaiz eta Zuiako udalerrietako bazterrak. Gain hauetatik begiesten den paisaiari begira, Araba laua zelako ustea kraskatu zaio bakarren bati. Zenbat mendi eta ibar han eta hemen! Geografiako lezioa ere eman digu Gil-Garciak: «Ekialdetik mendebaldera hiru mendilerrok zeharkatzen dute Araba: Altzania-Aratz, Elgea eta Gorbeialdeak iparraldean; Entziak, Iturrietako eta Gasteizko mendiek erdialdean; eta Kantabria edo Toloño mendilerroak hegoaldean. Baina bada iparretik hegora hedatzen den beste mendilerro bat ere, gu gauden hau hain zuzen, Badaia».

Gain honetan, duela urtebetera arte belar bidea zena hartxintxarrezko pista bat da egun; mendia erabat otzantzeko ahalegin horretan, beste orbain bat paisaian. Pistaren ondoan oinez, konturatzerako iritsi dira ibilbideko puntu garaienera, Ganaltoko gurutzera. Mendiko txirrindulari ugari daude goian, urrunean begiesten den Gasteiztik igota.

Mokadutxo bat jan bitartean, Martinez de Lunak mutil kozkorra zeneko oroitzapen bat ekarri du gogora: aita eta biak mendian ziren batean nola hegazkin batetik halako paskin batzuk bota zituzten, alde batetik gaztelaniaz idatziak eta bestetik hizkuntza ezezagun batean. «Esto es vascuence» jakinarazi omen zion aitak, lurralde honetako berezko hizkuntza, alegia. Eta Martinez de Lunari gogoan iltzatuta geratu zitzaion hori. Hari beretik, Koldo Zuazoren teoria berritu du Gil-Garciak, nola mendebaldeko euskara Arabatik hedatu zen beste herrialdeetara. «Beraz, arabarroi esker ari gara hemen euskaraz», bota du serio demonio. Usteak berriro ustel, beraz, Araba laua delako ustea bezala, erdalduna zelako mitoa ere desegin da Ganaltoko gain honetan. Harribitxi ezkutu ugari ditu Arabak, zinez.

BERRIAlagunen irteera Arabako Koartango ibarrera
Josean Gil-Garcia gidaria eta Iñaki Martinez de Luna soziologoa elkarrekin hizketan, Eskolunbeko santutegiaren inguruetan. RAMON OLASAGASTI

Historiaurreko Guggenheimak

Tontorrean taldeko argazkia atera eta Katadiano herrirako bidea hartu dute ibiltariek. Abaroko atakara bidean, pendiz handixeagoko bidezidorrean barrena iritsi dira Eskolunbeko santutegira. Eskolunbe errekaren inguruko zabaldi ederrean dira, Santutegiaren ondoan, eta gerizpean kokatutako mahaiez hornituriko paraje honetan hasi da Josean bere txikitako bihurrikeriak kontatzen. Irribarre xalo bana marraztu du bertaratu direnen aurpegietan; istorio horiek entzundakoan bakoitzak bere txikitako abenturak oroitu dituela bistakoa da. Parketxoaren irteeran, gogoan hartzeko mezu hauxe taula batean: Araba, zaindu, bizi, maita!

Errekaren bideari jarraituz, pagadian barrena iritsi dira Katadiano herrira eta handik minutu gutxira trenbidea pasata bistaratu dute Kuartangoko estazio megalitikoko lehen trikuharria. San Sebastian izenekoa. «Hauek ziren garai hartako Guggenheimak», iradoki du gidariak. Historiaurreko harribitxiak. Duela bi urtera arte aritu zen Aranzadi zientzia elkartea inguru hauetan ondare megalitiko hauek bistaratzeko lanetan. Lau dira orain arte azaleratutako trikuharriak eta zinez parke interesgarria atondu dute. Brontze garaitik gaurdaino iraun duten monumentuok herritarrei gerturatzeko asmoz, azalpenerako hainbat euskarri topa daitezke bertan, panelak eta QR kodeak, esaterako.

BERRIAlagunen irteera Arabako Koartango ibarrera
Anda herrirako zubia gurutzatzen. UXUE BARRENETXEA

Eguzki galdatan, azken kilometroak luzexeagoak egin zaizkie taldekideei, baina Anda herri ederra gurutzatuta indarrak hartu eta erromatarren garaiko harbide ederrean barna, errenkadan eta pagadiaren itzalpeko freskotasunean, iritsi dira Abonikanora, abiapuntura. Esker oneko hitzak besterik ez dira egon Joseanentzat. Ibilaldi gozagarria eskaini die BERRIAlagunei. Arabaren puska txiki bat erakutsi die, lurralde honek eskaintzen dituen harribitxietako bat. Ibiltariak gehiagorako gogoz geratu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.