Aurten mende erdia ospatzen du Bunuztar Xoriak elkarteak, eta hura da 'Askaot' ikusgarriaren eramaile. Dantza, musika, antzerkia eta kantua uztartuko dituen sorkuntza uztailaren 12an eta 14an emanen dute Bunuzen berrehun parte hartzaile inguruk.

Oztibartarrek ‘Askaot’ emanen dute

Askaot ikusgarria Oztibarren
Oztibarreko helduen dantza errepika, iragan ostiral arratsean, Donaixti-Ibarreko ezker paretan. JOANES ETXEBARRIA
Joanes Etxebarria.
Donaixti-Ibarre
2024ko uztailaren 7a
05:10
Entzun

Oztibarren agerikoa da emulazioa sortzen duela Askaot ikuskizuna publiko aitzinean aurkezteko egun batzuk eskas izateak. Iragan ostiralean, Donaixti-Ibarreko herriko gelan, haur eta gazteen ohiko dantza kurtsoak bazuen seriosetik; has eta arra has, dantzarien koordinazioa irakasleen gustukoa izan arte. Gazteenen kurtsotik landa, ezker paretan, helduen errepika egiteko tenorea zuten. Uztailaren 12an eta 14an aurkeztuko dute Askaot, Bunuztar Xoriak elkarteak prestatu ikuskizuna. Dantzez gain, kantu, antzerki eta musika sorkuntzak plazaratuko dituzte berrehun bat oztibartarrek.

Bost hamarkada bete ditu aurten Bunuztar Xoriak elkarteak, eta, hamarkadak ospatzean, abantzu ohikoa bilakatu zaie sorkuntza zerbait plazaratzea. Elkartea 1973an sortu zen, Bunuzen, «tokiko kulturari atxikimendua lantzea helburu» harturik, elkarteko kide Jenofa Bachoren erranetan. 2004an, elkartearen 30 urteak ospatzeko, West Ibarre Side Story sorkuntza plazaratu zuten; 2014an, 40 urteentzat, kabalkada. Eta, aurten, Askaot emanaldia.

Dantzaren zentzuaz

Iragan ostiralean, izan gazteenen errepikan ala helduenean berantago, Joana eta Jenofa Erdozaintzi Etxart ahizpa gazteak ziren irakasle. Ikusgarriko dantza sorkuntzak pentsatzea ere bien lana izan da. «Dantzaren bilakaeratik abiatu gara: nork dantzatzen zuen eta zerendako, eta gaur egun nork dantzatzen duen eta zerendako. Bilakaera horretan ere, gu baxenabartarrak izanik, gure tokia non den xerkatu dugu», zehaztu du Joana Erdozaintzi Etxartek. Dantzaren partean barnatzeko, Oier Araolaza eta Gari Otamendiren hitzaldiak antolatu zituzten. «Horietatik informazioak hartzen hasi ginen, eta gure hari gorria egiten», esplikatu du dantza irakasleak. 

«Jendeak prest dira elkartzeko, eta espero dugu dinamikak segituko duela 'Askaot' ikusgarritik landa ere». 

JENOFA BACHOBunuztar Xoriak elkarteko kidea

Gaur egun, 70 haur eta gazte ari dira dantza eskolan Bunuztar Xoriak elkartean. Baina COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren, «gazte anitz galdu ziren, eta horiek berriz biltzeko sorkuntza tiki batekin abiatu» zirela oroitarazi du Bachok. Azkenean, hamahiru gazte dantzarik egin zuten Laminosine ikuskizuna, euskal dantza eta dantza garaikidea uztartuz; gazte gehiago agertu zen horren ondotik dantza eskolara. Dinamika handituz joanen dela espero du Bachok: «Jendeak prest dira elkartzeko, eta espero dugu dinamikak segituko duela ikusgarritik landa ere. Zergatik ez, kurtsoak helduei ere emanez, oraingoz haurrentzat baizik ez baitira dantza kurtsoak». Irakasleen aldetik ere, segida prestatzen ari direla zehaztu du Jenofa Erdozaintzi Etxartek: «Ari gara besteak motibatzen, eta bada transmisio lan bat ere: nola irakasten den, nola egiten diren harremanak haurrekin. Badira motibatuak direnak erreleboa hartzeko».

Dantzaren inguruan Askaot prestatzeko egin duten gogoetaren emaitzaz galdeturik, irri artean ihardetsi du Jenofa Erdozaintzi Etxartek ez dela «erantzun finkorik». Uste du «problematikak pausatzen» dituztela, gero «bakoitzak gogoeta dezan bere etxean, goxoki». Errepikek erantzunaren parte bat badute, halere, aste hondar oroz eta batzuetan astean behin baino gehiagotan biltzen baitira dozenaka oztibartar errepikatzeko. Dantzak bereziki Erdozaintzi Etxart ahizpek sortu badituzte ere, Bachok gehitu du proiektu parte hartzailea izan dela: «Gauzak elkarrekin egiten dira, eta harremana lantzen da hola. Ez dugu erranen sinple dela, baina interesgarria da, eta harremanak azkartzen dira».

Ibarra tauladara

Elkarteko kide gehiagorekin ere marraztu da eszenara eramanen duten kontakizuna. Jenofa Erdozaintzi Etxarten erranetan, antzerkiarekiko lotura badute gazteek ere: «Duela urte zenbait hasi ginen Libertimenduak egiten; beraz, antzerkia ere garatzen hasi gara. Enbeia genuen antzerkia ere sartzea». Antzerkia aipatzeko eta gaia barnatzeko, Antton Lukuren eta Jojo Bidarten hitzaldiak antolatu zituzten herrian.

120 dantzari, erdiak haurrak eta beste erdiak helduak, hamabost antzerkilari, 30 kantari, bederatzi musikari, zortzi dendari... Ikusgarriak jende andana mobilizatuko du ibarrean: berrehun bat, orotara. Eramaileak ere dantza irakasleak baino gehiago dira: Eztitxu Laskor eta Maider Kurutxet dantza laguntzaile, Jean-Marie Irigoin antzerki laguntzaile, Ekaitz Costa kantu gidaritzan, Xabi Leon musikarien eramaile eta elkarteko bulego kideak alde administratiboarentzat. 

Ikusgarriaren izendatzeko, argi zuten herriko hitz bat nahi zutela, eta horregatik hautatu dute askaot hitza: «Belarretan ari zirelarik, bero sapa badelarik, haize firfira bat da, belarrak altxarazten dituena», esplikatu du Jenofa Erdozaintzi Etxartek. «Hizkuntzaren inguruko kezkak ere taularatzen ditugu. Dantza eta hizkuntza lotzen baititugu, nahi genuen Oztibarreko hitz zahar bat baliatu», gehitu du Bachok. Uztailaren 12an 21:00etan emanen dute emanaldia, eta uztailaren 14an 11:00etan, biak Bunuzeko Aozteiko pentzean, herriko etxetik hurbil.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.