Bea Sever: «Sexua ez da aldatzen; pertsona horri begiratzeko modua aldatzen da»

Haurtzaroaz eta transexualitateaz 2013. urtean hasi ziren hizketan komunikabideetan. Gaia ikusaraztea lortu den arren, Severrek dio giroa «gaiztotuta» dagoela.

Bea Sever, joan den asteko ostegunean, Ordizian. JON URBE / FOKU
Bea Sever, joan den asteko ostegunean, Ordizian. JON URBE / FOKU
jone arruabarrena
Ordizia
2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Bederatzi urtetik gora daramatza jada Bea Severrek (Londres, 1973) haurtzaroko transexualitatean trebatzen eta gero beste batzuei formakuntza ematen. Naizen adingabe transexualen familien elkarteko bozeramailea da —Getxon (Bizkaia) bizi da—, eta ekainean formakuntzak emango dizkie gaztetxoei zein adineko pertsonei Gipuzkoako hainbat lekutan, Kutxa fundazioak antolatutako Hitzetatik Ekintzetara jardunaldietan. Oñatin, Ordizian eta Errenterian izan da, eta astelehenean eman zuen azken saioa, Ordizian.

Nola hasi zinen transexualitatearen inguruan ikertzen?

Nire seme txikiarengatik izan nuen lehen kontaktua transexualitatearen munduarekin. Hasieran uste nuen neskatoa zela, eta bi urtez ibili nintzen pediatrarenera, eskolara zein LGTBI elkarteetara joaten, zer gertatzen zitzaion ulertzeko. Inork ez zidan informazio hori eman. 2015. urtean Chrysallis elkartea sortu genuen, gero Naizen izango zena, eta erabaki nuen beste familia batzuei lagundu behar niela, niri gertatu zitzaidana haiei ez gertatzeko. Familia berriren bat agertzen zenean, behar zuten arta ematen saiatzen ginen. Garai hartan oraindik kazetari gisa lan egiten nuen, baina obsesionatuta nengoen gaiarekin, eta alde batetik bestera ibiltzen nintzen: hitzaldietara eta formakuntzetara joaten, pertsona trans helduekin hitz egiten...

Profesional gisa hasi zinen orduan gaiaren inguruan ikertzen?

Sexologia ikasi nuen, baita suizidioari eta psikologiari buruzko graduondokoak ere, arta hori profesionalizatzeko, eta geroz eta gehiago murgildu naiz pixkanaka. Orain familiak artatzen jarraitzen dut, eta, beraz, ehunka familiaren istorioak dakizkit, baina, aldi berean, formakuntza teorikoa ere badaukat.

Trans legeak agintzen du administrazioko langileek formakuntza horiek jaso behar dituztela. Horien ardura hartzen duzue?

Bai eta ez. Aurtengo otsailean atera dute Euskadiko trans lege berria, eta hor ezartzen da administrazioko langileei formakuntza eman behar zaiela, baina administraziotik ez dute ezer egin hori betetzeko. Beraz, guk formakuntzak eskaintzen dizkiegu udalei eta eskolei, eta haiek erabakitzen dute egin edo ez.

Lortu duzue gaia gizarteratzea?

2013an hitz egin zen lehen aldiz [Espainiako] estatuko komunikabide batean transexualitateari eta haurtzaroari buruz, Canal Surreko Madres saioan. Duela 11 urte. Hori baino lehen ematen zuen helduen kontu bat zela. Beraz, gu 2015ean komunikabideetara informazioa bidaltzen hasi ginenean, izugarrizko arrakasta izan zuen. Garai horretan interes handia zegoen. Ezjakintasun handia ere bai, baina baita interesa ere; jendeak harriduraz hartzen zuen kontua. Baina ez zeukan halako iritzi negatiborik. Gerora sortu da iritzi negatiboa; Espainiako trans legeak ekarri duen polemikaren harira, giroa gaiztotu egin da.

Autobus transfoboaren kanpainak ere oihartzun handia eragin zuen garai hartan.

Bai, baina jende guztia gure alde jarri zen. Eta gaur egun hori gertatuko balitz, zalantza daukat ea horrenbeste jendek babestuko gintuen. Garai horretan oso jarrera positiboa zen, baina gaur egun gezur asko zabaldu dira. Jendeak uste du ebakuntzak egiten dizkietela umeei, eta tratamendu medikoak ere bai.

Zabaldu diren informazio horiek diote erraza dela orain generoa aldatzea.

Generoa estereotipoei buruz hitz egiteko erabiltzen dut nik. Niretzat, sexua gu garena da. Horregatik diot sexua ez dela aldatzen, pertsona transexualak benetan diren bezala jaio direlako, baina besteok ez dugu ikusi. Ez da lehen mutila zela eta orain neska. Beti izan da neska eta orain arte ez dugu jakin, edo hark ere ez du ulertu eta ezin izan du adierazi. Hau da: sexua ez da aldatzen; pertsona horri begiratzeko modua aldatzen da. Hortik aurrera, gerta daiteke pertsona batek bere itxura aldatzea edo ez, izena aldatzea edo ez, tratamendu medikoa nahi izatea edo ez... Nik beti nire semea jartzen dut adibide gisa: nire semearen argazkiak erakusten badizkizut, trantsizioaren aurrekoak eta ondorengokoak, itxura aldaketarik ez da egon, izena ez du aldatu, eta ez du jaso inongo tratamendu medikorik. 5 urte zituen trantsizioa egin zuenean. Beraz, ez bazuen ezer aldatu, zergatik esan dezakegu kasu horretan trantsizio bat izan zela? Gure begirada aldatu zelako. Lehen uste genuelako neska zela, eta konturatu ginen ezetz, mutila zela. Beraz, jendeak sexua aldatzeari buruz hitz egiten duenean, galdetzen diot zer esan nahi duen horrek haientzat.

«Gezur asko zabaldu dira. Jendeak uste du ebakuntzak egiten dizkietela umeei, eta tratamendu medikoak ere bai»

Eta zer da jendearentzat sexua aldatzea?

Batzuentzat, NAn ageri den sexu aipamena aldatzea da, eta beste batzuek sexu aldaketa kontzeptua erabiltzen dute genitalen ebakuntza bati buruz hitz egiteko. Dokumentazioa aldatzeari buruz ari bagara, euskaldunok ondo dakigu dokumentazioa aldatzeak edo ez aldatzeak ez duela pertsona ezertan aldatzen. Hain zuzen, atzerapausoa eman dugu arlo horretan estatuko legearekin, 12 urtetik beherakoek orain ezin baitute sexu aipamena aldatu, eta lehen, bai. Dokumentazioa ez aldatzeak kalte egiten dio bere intimitateari, bere egoera ikusgai jartzen du edozein tramite egin behar duenean, eta abar.

Zabaltzen ari diren beste gezurretako bat da lege berriak bide ematen diela umeei genitaletako ebakuntzak egiteko.

Batetik, kontuan izan behar da pertsona trans gehienek ez dituztela ebakuntza horiek egiten. Bestetik, genitalen ebakuntza baterako itxaron zerrenda batean jartzeko 18 urte izan behar ditu pertsona horrek. Nafarroan, adibidez, Malagara bideratzen dituzte. Bederatzi urteko itxaron zerrenda dago han, eta Osakidetzan, lau urtekoa. Beraz, 18 urterekin ere ez dituzte halako ebakuntzak egiten, normalean.

Zer ondorio ditu ingurukoek begirada ez aldatzea?

Haurrak nahi duena da, beste guztiok bezala, besteok bera den bezala ikustea eta onartzea. Pertsona ezkertiarrekin paralelismoa egiten dut askotan. Garai batean nola behartzen zituzten eskuina erabiltzera, ulertu arte berezkoa zutela ezkerra. Bakean utzi zituzten, eta akabo arazoa. Orain umeak diren trans belaunaldikoei lehenengo aldiz utzi zaie benetan direna izaten, eta lehenengo aldiz ari dira bizitza normala egiten: ikasketak aurrera ateratzen, lagunak egiten, kirola egiten, bikotea izaten... Beraz, zein da arazoa? Ez zirela onartuak eta ez zituztela ikusten benetan ziren moduan.

Trantsizioak zer onura ekartzen ditu?

Zenbat eta lehenago bizi zure izatearekin bat, orduan eta ongizate maila altuagoa duzu. Milaka ikerketa daude horren inguruan. Eta ikerketak baino gehiago, hor dago jendea. Askok esaten dute ez dutela pertsona transik ezagutzen, eta nik beti esaten diet: «Ezagutzen dituzu, ziur, baina ez dakizu transak direla». Leku guztietan daude, eta herri guztietan.

«Gaur egun ezin da onartu genero unitatera joan eta artatzen zaituen psikiatrarenean epaiketa baten gisako arta bat jasan behar izatea»

Zer balorazio egiten duzue trans legeari buruz?

Estatuko legean, aurrerapauso batzuk eman baziren ere, guretzako atzerapauso bat izan da erregistroan izen aldaketa bakarrik onartzea eta sexu aipamenarena ez. Hala ere, estatuko legeek ez digute hainbeste eragiten, eskuduntzak ditugulako; Nafarroan, berdin. Bestalde, legeak bortxakeria sinboliko asko ekarri digu, legearekin piztutako polemikek giroa asko gaiztotu baitute.

Transexualitatearen despatologizazioa izan zen legearen bueltan egin zenituzten aldarrikapenetako bat.

Bai. Gaur egun ezin da onartu genero unitatera joan eta artatzen zaituen psikiatrarenean epaiketa baten gisako arta bat jasan behar izatea. Galdetzea, adibidez, nola izango zaren mutil bat azazkalak margotuta badauzkazu. Gogoratu behar dugu Munduko Osasun Erakundeak transexualitatea 2018an atera zuela buruko gaitzen katalogotik, eta oraindik buruko gaitz gisa tratatzea ez da onargarria. Beraz, guk eskatzen genuen beste leku batetik artatzea. Alde batetik, eskatu genuen genero unitatea psikiatriatik kendu eta endokrinologian jartzea. Bestetik, ordu gehiago jartzea jendeari unitate horretan, azkarrago artatzeko. Horiek bete zituzten. Hirugarren aldarrikapena izan zen psikiatria guztiz kentzea, garai hartan urtebete egon behar zutelako psikiatrian. Esaterako, gai honetan formakuntza daukan erizain batek artatzea, ez psikiatra batek. Baina Euskadiko trans legearen inguruko eztabaidan esan ziguten psikiatrarekin gutxienez saio bat egin behar zutela, bestelako buruko arazoren bat ote zegoen aztertzeko. Hori ez da guztiz zuzena, pertsona transek ere izan ditzaketelako, beste guztiek bezala, buruko arazoak. Are gehiago, transexual gisa onartua ez izateak ekar ditzake antsietate edo depresio egoerak, eta, beraz, buruko gaixotasunengatik trantsizioa egiten ez uzteak areagotu egin ditzake buruko eritasun horiek. Uste dugu hori ez dela eredua.

Azkenean, psikologo batek emango die arta.

Bai, psikologo bat izango da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bana egongo da. Kontua da esaten dutela arlo honetan ez dagoela formakuntza daukan psikologorik. Guk eskaini diegu psikologoak formatzeko aukera, baina kostatu egiten zaie. Hala ere, otsailean onartu zen legea, eta sei hilabete dituzte legeak esaten duen hori betetzeko; oraindik itxaroten gaude.

Adinekoentzako izango dira Gipuzkoan emango dituzuen hitzaldi batzuk. Nola begiratzen diote adinekoek transexualitateari?

Haurrek edo adinekoek, oro har, oso ondo hartzen dute. Tartean dago arazoa. Adineko askok esaten didate jendeak zoriontsu izan behar duela, eta bakoitzak, den modukoa. Askotan, aurreiritzi asko dugu, eta pentsatzen dugu gaizki hartuko dutela, baina gero ez da horrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.