Juan Luis Zabala
Iritzia

Seme-alabentzat onena, inor atzean utzi gabe?

2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Azkoitiko San Martin auzoan hazitako lagun batek kontatu zidan behin, bera gaztetxo zen garaian, duela lauzpabost hamarkada, kuadrillakoek Txalon Errekako auzoko adinkideei harriak botatzen zizkietela, «Castellanos» oihu eginez, iraindu nahian.

San Martin auzoa zeharo euskalduna zen garai hartan, ia erabat azkoitiarrez osatua, baserritik kalera jaitsitako andre-gizon gazteek osatutako familien bizilekua. Txalon Erreka, aldiz, Extremaduratik eta Espainiako beste bazter batzuetatik etorritako familientzat eraikitako auzoa zen, Azkoitiko erdaldunena, eta baita pobreena ere.

Garai hartako Azkoitian ez zen prestigio sozialerako lagungarri maketo, belarrimotz, mantxurriano, txurriano, koreano edo hezurbeltz izatea. Tira, kaxero edo borono ere ez, baina hori beste ukuilu bateko simaurra da.

Beste garai bat zen. Medikuak pazientearen aurrean zigarroak erre zitzakeen kontsultan. Kalean txinitoentzat limosna biltzen zen, baina txinitoak urruti bizi ziren. Ezer ez zen politikoki zuzena, eta inork ez zuen sumatzen inoiz gorroto delitua deitutako ezer izan zitekeenik ere.

Gaur egun, arrazismoa edo xenofobia ikusiko genuke duela lauzpabost hamarkadako Azkoitia hartan; edo aporofobia akaso. Ez dut uste izendapen horiek arazoa errotik esplikatzen dutenik. Azaleko arrazismo, xenofobia edo aporofobia haren sakoneko zuloan batez ere beldurra zegoelakoan nago. Norberak ontzat emandako bizimolde bat eta nortasun kolektibo kohesionatu bat zalantzan eta galbidean ikusteak eragindako beldurra. Beldurra da, Peter Gabrielek Mother of Violence kantuan dioen moduan, indarkeriaren ama, bai fisikoarena, bai hitzezkoarena eta bai sozialarena.

Baina zer esaten —eta zer izaten— ari gara esaten dugunean immigrazioa onuragarria dela datozenek guk egin nahi ez ditugun lanak egiten dituztelako?

Europa osoan eskuina izaten ari den gorakadan ere arrazismoa, xenofobia eta aporofobia ikus daitezke, baina sakonean beldurra dagoela uste dut. Susmoa dut eskuinera eta are ultraeskuinera lerratu diren boto emaileetako asko ez direla benetan arrazistak eta xenofoboak, ezta aporofoboak ere, baina blindatua uste zuten bizimoldea immigrazioaren ondorioz zalantzan eta galbidean ikusteak beldurtzen dituela. Beldur horri ezkerrak baino askoz ere diskurtso argiago eta efektiboago batekin erantzun diote eskuinak eta ultraeskuinak, zuzentasun politikoa urra lezakeen oro apalduz eta disimulatuz, gainera. Gero eta emakume eta arrazializatu gehiago dituzte, adibidez, hautagaien artean. Ezkerra, aldiz, erabat zatituta egoteaz gain, zalantzaren eta lausotasunaren hodeian kulunkatzen sumatzen dute, konponbide sinesgarri bat eskaintzeko ezinduta.

Gaur eta hemen, gehienok ez gara arrazista, xenofobo edo aporofobo, berdinzaletasun unibertsal erabatekoan inor atzean utziko ez duen gizarte guztiz inklusibo baten aldekoak baizik. Politikoki zuzenak. Baina zer esaten —eta zer izaten— ari gara esaten dugunean immigrazioa onuragarria dela datozenek guk egin nahi ez ditugun lanak egiten dituztelako? Eta ez al dugu sarri samar esaten gure seme-alabentzat onena nahi dugula, benetan esan nahi dugunean pagatu behar dena pagatzeko prest gaudela immigranteen —edo, sinpleki, pobreen— seme-alabekin nahas ez daitezen?

Gure seme-alabentzat onena nahi dugu, inor atzean utziko ez duen gizarte batean. Baina nola? Eta, aizu, badaezpada ere, dena ezinezkoa baldin bada, zeri emango diogu lehentasuna?

Gai batzuetan, ez dago aldi berean burua eta oinak estaliko dizkigun ez mantarik, ez mantrarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.