Proposamena: errotagintza

Errota, urte askotako altxorra

Gipuzkoako Erroten III. Eguna izango da bihar, eta Azpeitian egingo dute topaketa nagusia. Hainbat jarduera antolatu dituzte horretarako, erroten historia eta funtzioa ezagutarazteko asmoz.

(ID_13836058) (/EZEZAGUNA) errotetarabisita
Iazko Gipuzkoako Erroten Eguneko bisita gidatu bat, Azkoitiko Egurbide errotan. HITZA
Iraia Oteiza
Azpeitia
2024ko maiatzaren 3a
06:00
Entzun

Errotak Gipuzkoako ondare historikoaren, teknologikoaren, antropologikoaren eta etnografikoaren parte dira. Garrantzi handia izan dute urte luzez; lurraldeko garapen sozial, ekonomiko eta industrialean, batik bat. Izan ere, iraganean gipuzkoarrek bizitzeko eta elikatzeko zuten moduaren adierazle dira. Hain justu, errotek lurraldean izan duten garrantzia kontuan hartuta, Gipuzkoako Erroten Eguna antolatzen du duela bi urtetik Ihurrita Errota elkarteak. Errotak barrutik ezagutu, daukaten funtzioaren berri eman eta haien historia ezagutarazteko antolatzen dute eguna. Lehen aldiak izandako arrakastaz jabetuta, iaz ere egin zuten Erroten Eguna, eta bihar ospatuko dute hirugarrenez. Beste herri batzuetan ere zenbait ekintza antolatu dituzten arren, Azpeitian egingo dute aurtengo topaketa nagusia. Biharko egunaz gain, askotariko jarduerak prestatu dituzte maiatzaren 8rako eta 12rako.

Tailerrak, errotetarako bisitak, erakusketak eta hitzaldiak izango dira egitarauaren barruan. Bihar, 10:00etan ekingo diete jarduerei, Azpeitiko udal ordezkariek ongietorria eginda bertaratutakoei, Basazabal jauregian, eta, segidan, Alex Rotetak emango ditu egitarauaren gaineko azalpenak. 10:30ean, Luis Juaristi Urola Bizirik taldeko kideak Azpeitiko errotak izeneko hitzaldia emango du. Juaristi ingeniari lanetan aritu da urte luzez, eta, esan duenez, «errotek makina moduan duten funtzionamendu ezin hobea» zein den azalduko du hitzaldian. «Harrigarria da duela zortziehun urte baino gehiago sortutako mekanismo batek gaur egun zenbateko indarra duen oraindik». 11:30etik aurrera, bisitak antolatu dituzte, Azpeitiko Toberagileko eta Igarako errotetara joateko.

Lurraldearen orografiak eta klima euritsuak errota industriaren garapena bultzatu zuten duela mila urte inguru. Industria horrek energia hidraulikoa baliatu izan du urte askoan herritarrentzat zereal mota batzuk ehotzeko; bereziki, artoa eta garia. Zereal horietatik ateratako irina herritarrak elikatzeko izaten zen. Ameriketatik heldutako artoa ongi egokitu zen hemengo lurretara, eta, urteak joan ahala, erroten kopurua bikoiztu egin zen Gipuzkoan. Hala, seiehun bat errota izan ziren lanean erroten garairik oparoenean. Zenbait mendetan eutsi zioten jarduera indartsuari, harik eta elektrifikazioarekin eta teknologia aurreratuagoekin batera bigarren mailan geratu ziren arte. Juaristiren ustetan, errotak, garai bateko garrantzia eta funtzioa galduta, ondare bihurtu dira.

«Harrigarria da duela 800 urte baino gehiago sortutako mekanismo batek gaur egun zenbateko indarra duen oraindik».

LUIS JUARISTI Urola Bizirik taldeko kidea

Juaristik azaldu du Azpeitian 23 errota zeudela erroten oparotasunaren garaian. Horietatik bik irauten dute egun zutik: Loiolako Igarako errotak eta Urrestillako Toberagilekoak. «Ur errotak dira biak. Bakoitzak bi errota dauzka: garai batean, bat artoarentzat erabiltzen zuten, eta bestea gariarentzat, eta biak urarekin bueltaka aritzen dira», esan du. «Ikusteko oso politak dira. Igarako errotak, gainera, prozesu osoa ikusteko aukera ematen du, ura ateratzean beheko gurpilak biraka nola hasten diren ere ikus baitaiteke. Turtukia deituriko gurpil horiek biraka jartzen dituzte gorago dauden harriak, eta bi harrien artean artoa nola sartzen den eta irina nola ateratzen den ere ikus daiteke».

(ID_13836059) (/EZEZAGUNA) 1028838_b91ddd841dc2
Iazko Gipuzkoako Erroten Eguneko bisita gidatu bat, Azpeitiko Igarako errotan. HITZA

Erroten funtzionamenduak «txundituta» dauka Juaristi. Nolanahi ere, aitortu du errotagintzan arazoak ere badirela: «Errota gutxi daude funtzionamenduan, diru asko behar baita mantentzeko. Horretan aritzen direnek ez dute inolako laguntzarik jasotzen, are gehiago, trabak jartzen dizkiete, presak kentzen ari direlako».

Errotak, gerra garaian

Maiatzaren 8an emango diote jarraipena egitarauari, beste hitzaldi batekin, Azpeitian bertan, Sanagustin kulturgunean. Joxin Azkue historialari eta ikerlariak hartuko du hitza, Azpeitiko errotak estraperlo garaian gaiarekin. Juaristik esan du gerra garaian errotetan lanean ezkutuan aritzen zireneko hainbat kontakizun izango dituela hizpide Azkuek. «Isunak jartzen zizkieten errotetan lan egiten zutenei, eta ogia kentzen zieten. Azpeitiarrek jan beharra zeukaten, ordea, eta ogia nahi izaten zuten. Beraz, hantxe aritzen ziren, gauez, ezkutuan, errotetan lanean».

«Errota gutxi daude funtzionamenduan, diru asko behar baita mantentzeko. Ez dute laguntzarik jasotzen».

LUIS JUARISTI Urola Bizirik taldeko kidea

Hitzaldiez gainera, erroten gaineko erakusketa bat ere zabalduko dute Azpeitian —Errotak, makina harrigarriak—; Sanagustin kulturgunea izango da horren erakusleiho bihartik maiatzaren 12ra bitarte. Azken egunean ere erroten funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko aukera emango dute, Igarako errotan. Bi bisita izango dira: 10:00etan eta 11:30ean. Bisita gidatuaz gain, talo tailerra ere eskainiko dute. Parte hartzaile kopurua mugatua izango da bi txanda horietan, eta hilaren 10a izango da izena emateko azken eguna.

EGITARAUA

 

BIHAR

  • 10:00. Ongietorria, Azpeitiko udal ordezkariek.
  • 10:15. Egitarauaren aurkezpena, Alex Rotetak.
  • 10:30. Luis Juaristiren Azpeitiko errotak hitzaldia.
  • 10:45. Hamaiketakoa.
  • 11:30. Toberagileko eta Igarako errotetarako bisita

MAIATZAK 8

  • 10:30. Joxin Azkueren Azpeitiko errotak estraperlo garaian hitzaldia.

MAIATZAK 12

  • 10:00. Bisita gidatua eta talo tailerra, Igarako errotan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.