Nico Cuenca

Pride? Ez, ni harro

2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Behin izan naiz Madrilgo Ekainaren 28an, Harrotasun Egunean. Lagun bat asteburu-pasa joatekoa zen, eta harekin joan nintzen. Lehen aldia izan zen, eta azkena. Ezin esan gaizki pasatu nuenik. Jendearekin erraz moldatzen den tipo bat naizela uste dut, are gehiago parrandan murgilduta. Baina ikusitakoa ez nuen batere gustuko izan. Barikuan parrandatxoa bota eta gero, zapatuan manifara joan ginen. Manifa… edo dena delakoa. Marka komertzialez babestutako autobus eta karrozen desfilea izan zen ikusi nuena: Google, Durex, Grindr… mota guztietako marken publizitatea nonahi. Eskerrak bat-batean, manifa alternatibo bat ikusi eta hara sartu ginen, aldarrikapena, borroka eta festa nahastuz. Pasarte hori kontatu dudan askotan kritikoegia izatea leporatu didate. Festa bat dela eta politikan ez sartzeko. Oker daude. Argi daukat festa giroko aldarrikapena behar dugula. Txarangak eta batukadak (hori bere neurrian, ahal bada…) beharrezkoak direla, dantzatu ezin den iraultzarik ez dugulako nahi, eta irribarre egitea hortzak erakusteko modurik onena delako. Baina aldarrikapena ezin da salgai egon. Ezin dut imajinatu Tampax edo Ausoniak babestutako Martxoaren 8ko manifestaziorik. Ekainaren 28koan, berdin. 

Ekainaren 28a ospatzeko eguna eta harro egoteko eguna bada, baina oraindik borrokatzeko milaka motibo daudela aldarrikatzeko eguna ere bai. Saldu nahi diguten gizon gay zuri, normatibo eta dirudunaren irudi komertzial horren atzean bada zeharo anitza den errealitatea, aurreiritzi eta ikuspegi heteropatriarkalaren zama pairatzen duena. Bada oraindik lana inor baztertua senti ez dadin luma izateagatik, trans izateagatik edo egungo eredu kapitalistak inposatzen duen iruditegiarekin bat ez etortzeagatik.

Urte luzez gay, lesbiana, trans eta beste hainbaten eskubideen borrokan bidea egiten erakutsi diguten horiek planto egin diote borrokaren merkantilizazioari, eta jarrera kritikoa aldarrikatu dute.

Joseba Azkarraga Etxegibelek duela egun gutxi BERRIAn idatzitako zutabean LGTBI+ mugimenduaren egungo erronkak aztertu eta jasandako opresioa bestelakoekin (prekario, migrantea, emakumea, euskalduna…) konektatzeko zubi gisa irudikatu zuen. Polita izan zen Azkarragaren artikulua, borrokan bidaide izandakoak gogoan. Polita bezain beharrezkoa pinkwhasing-a nagusi den egungo egoeran. Erakundeek, alderdiek, enpresek… guztiek zabalduko dituzte ortzadarraren banderak egun hauetan, borrokaren funtsezko aldarrikapenari muzin eginez. Badira gay eta lesbianen kontura bere irudia garbitu nahi duten estatuak, Israel bezala, giza eskubideak inpunitate osoz zapaltzen dituzten bitartean. 

Gurera ere merkantilizazio hori heldu zaigu. Aspaldi ari dira gure erakundeak Bilbo gay turismoaren jomuga gisa saldu nahian, gizon zuri eta dirudunaren bila. Politikoa behar duen jarrera erabat despolitizatuz. Estrategia horren adibide garbia dugu hainbat Turismo sailek babestutako Bilbao Bizkaia Pride festibala. Sexu askapenerako borrokan aitzindari izan den EHGAM elkarteak, ordea, gogor salatu du ekimena, aldarrikapena eta borroka ez daudelako salgai. Urte luzez gay, lesbiana, trans eta beste hainbaten eskubideen borrokan bidea egiten erakutsi diguten horiek planto egin diote borrokaren merkantilizazioari, eta jarrera kritikoa aldarrikatu dute. Burura datorkit iaz utzi gintuen Mikel Martin Mikela, milaka borroken partaide. Bidegile horiez guztiez harro gaude, harro egoten erakutsi zigutelako. Horiengatik argi dugu harro ez dela pride.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.