Ondarroa urdinez, ostera ere

Bihar, 25. aldiz, Zapato Azule jaiaz gozatuko dute ondarroarrek. Aurtengoa ere Radixu irratiak antolatuko du, hedabidea finantzatzeko.

ONDARROAKO ZAPATO AZULE
Ondarroako Zapato Azule, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
marcos tedin
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Bihar, berriz ere, ondarroarrak urdinez jantziko dira Zapato Azule jaia ospatzeko. Lehenengo aldia orain dela 25 urte egin zuten, eta, urtero legez, ekainaren azken larunbatean, Ondarroak Euskal Herri osoko jendea hartuko du egun berezi horretan. Jaiaren lehenengo aldiak Bolo Bolo herriko aldizkariak antolatu zituen, eta 2005etik, hura itxi zenetik, Radixu irratiak hartu du ardura. 25. aldia izango da biharkoa. «Aldizkaria finantzatzeko asmatu zuten jai hau, eta, jaiaren barruan, Dinamartxa eta Euskal Herriko Kamiseta Azoka egin zituzten. Bospasei urtez antolatu zuten haiek, eta, hortik aurrera, herriko irrati libreak hartu zuen ardura, aldizkaria itxi egin zelako», esan du Radixu irratiak. «Herriko jai bat da, herritik egina, herriarentzat».

Jende asko joatea espero dute antolatzaileek: «Jende pila bat etortzen da, Euskal Herri osotik. Indar handia hartu duen jai bat da Zapato Azule». Izan ere, Ondarroara jende kopuru «izugarria» joaten denez, antolatzaileek ez dute esan nahi zer daukaten esku artean biharko: «Ez dugu ezer berezik antolatua… Beharbada, sorpresaren bat egongo da. Egon daiteke zerbait. Alde Zaharrean sorpresaren bat egongo da agian, urtero bezala». 

Hainbat ekitaldi daude egitarauan bilduta. Hala ere, Radixu irratiko kideek bi azpimarratu dituzte: Dinamartxa eta Euskal Herriko Kamiseta Azoka. Lehen alditik gaur egunera arte mantendu dira biak. «Festaren barruan zenbait dinamika egongo dira. Dinamartxa Tolosatik [Gipuzkoa] Ondarroara egingo da: Dina Bilbao herriko kirolariaren omenez egiten den bizikleta martxa bat da. Azken urteetan, jendeak oinez ere egiten du». Oinez joango direnek gaur hasiko dute bidaia. Bizikletaz egingo dutenek, ostera, bihar, 11:00etan. 

Kamiseta azoka ere oso esanguratsua dela diote: «Jaiaren beste parte bat da. Bihar egingo da Euskal Herriko Kamiseta Azoka, eta Euskal Herriko zenbait marka edo eragile etorriko dira». Azoka Latxanbre plazan egongo da. 11:00etan zabalduko ditu ateak, eta 15:00etan itxi. 

Ondarroan zabaldu da aurtengo Zapato Azule azkenekoa izango zela, baina Radixu irratiak gezurtatu egin du zurrumurrua

Dinamartxaz eta kamiseta azokaz gain, goizetik gaueko ordu txikietara arte bestelako ekitaldiez gozatzeko aukera egongo da. «Jaiak irauten duen bitartean egoten dira beste gauza batzuk. Bertsolariak, esaterako. Egun guztian zehar Radixu irratiko kide bat ere egoten da Alde Zaharreko balkoi batetik jendeari hitz egiten eta giroa alaitzen». Herriko «irrati librea finantzatzeko jai bat» dela eta, Radixu irratiak zuzeneko saioa eskainiko du. 12:00etan emango diote hasiera jaiari, eta ordutik aurrera umeentzako jarduerak, kontzertuak, txistulariak eta antzerki emanaldiak izango dira, besteak beste. 

Jaiaren eredua

Radixu irratiko kideek esan dutenez, herrian zabaldu da aurtengo Zapato Azule azkenekoa izango zela, baina zurrumurrua gezurtatu egin du: «Herrian bolo-bolo zabaldu da azkena izango dela, ez dela gehiagorik egongo. Baina azken urteetan ere horrelako zurrumurruak egon ziren, eta guk esan behar dugu ez dela egia. Irratiaren finantzaketa iturria da, eta, oraingoz, Radixu irratiak jaia antolatzen jarraitzeko asmoa du. Oraingoz, ez dago horrelako erabakirik hartuta». 

Edozelan ere, antolatzaileek adierazi dute jaiaren moldeaz eztabaidatzea garrantzitsua dela: «Jaiaren ereduaren inguruan eztabaidatzen dugu, beste jai askotan egiten duten moduan: nola konpondu zikinkeriaren arazoa, erasorik ez egoteko protokoloa nola landu, eta abar». Azpimarratu dute ez dutela eraso sexista edo homofoborik onartuko: «Hor bai, hor indarra jartzen dugu, horrelakorik ez dadin gertatu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.