Bilboko Libros de Ruta liburu denda itxi egingo dute hilaren amaieran

2021ean ireki zuen Libros de Ruta editorialak bere liburu denda fisikoa, Ametzola auzoan. Txirrindularitzari buruzko literatura eskaintzeaz gain, askotariko kirol liburuak ere saltzen ditu. Uztailetik aurrera, soilik sarean eskainiko du zerbitzua.

Libros de Ruta Bilboko kirol liburu denda. Hilaren amaieran itxiko dute. ENEKO GARATE / LIBROS DE RUTA
Bilboko Libros de Ruta kirol liburu-denda. Hil amaieran itxiko dute. ENEKO GARATE / LIBROS DE RUTA
iraia vieira gil
Bilbo
2024ko ekainaren 24a
05:00
Entzun

Txirrindularitzazale amorratuen interesak asetzeko jaio zen 2013. urtean Libros de Ruta editoriala. Kirol horretan murgiltzeko aukera eman nahi zien irakurleei, eta txirrindularitzarekin lotutako argitalpenak saltzeko online denda irekitzea erabaki zuten orduan argitaletxe horretako kideek. «Konturatu ginen txirrindularitza jorratzen zuten liburu asko zeudela, baina askotan oso zaila zela horiek ohiko liburu dendetan topatzea», azaldu du Eneko Garate Libros de Ruta argitaletxeko editore eta zuzendariak. Negozioa ireki eta bezeroen harrera ona zela ikusi zutenean, beraz, beste kirol batzuez mintzatzen ziren liburuak bildu zituzten, eta, gaur egun, askotariko argitalpenak dituzte salgai. Are gehiago, «abagunea» aprobetxatu eta denda fisiko bat ireki zuten duela hiru urte Bilbon, Ametzola auzoan. Azken urteotan «oso gustura» ibili diren arren, hilaren amaieran itxiko dute Libros de Ruta kirol liburu denda, eta, uztailetik aurrera, online soilik eskainiko dituzte zerbitzuak.

Alde horretatik, Garatek azpimarratu du arrazoi desberdinek bultzatu dutela Libros de Rutako taldea denda ixteko erabakia hartzera. «Alde batetik, gure negozio nagusia online denda da oraindik ere. Espainiara eta atzerrira ere egiten ditugu bidalketak; batez ere, Hego Ameriketara», esan du editore eta zuzendariak. «Bezero gehiago ditugu Bilbotik eta Bizkaitik kanpo». Bizkaiko salmentei dagokienez, hain zuzen, liburu denda fisikoa irekitzea lagungarria izango zela pentsatzen zuten argitaletxeko kideek; guztiz okertu ziren. «Pentsatzen genuen jende gehiago erakarri ahalko genuela, baina oso zaila izan da. Azkenean, eta arrazoi pertsonalak ere tarteko, denda ixtea erabaki dugu. Hasi gineneko sistemara itzuliko gara; hori bai, penaz», berretsi du argitaletxeko kideak. Garatek azaldu duenez, hain zuzen, oso desberdina da liburu denda batean lan egitea, «horrek zehazten duen ordutegiarekin», edo argitaletxe bateko lan baldintza «malguei» eustea.

«Egia da gero eta liburu gehiago egiten ari direla emakumezko kirolarien inguruan, eta uste dut emakume protagonisten presentzia handitzen den heinean irakurleen artean ere hala izango dela».

ENEKO GARATELibros de Ruta argitaletxeko editore eta zuzendaria

Dena den, bezeroekin eraiki dituzten harremanak zaintzeko eta horiei hurbiltasuna erakusteko, hainbat helburu ezarri dituzte jada. Garatek berak aurreratu duenez, «gehiago mugitzeko» asmoa dute: «Pandemia aurretik, azoketara joaten ginen, eta, oro har, kalera irteten ginen. Pandemiak, ordea, egoera aldatu egin zuen, eta, ordurako liburu denda fisikoa genuenez, oso erraza egin zitzaigun dena etxetik antolatzea». Kataluniako, Madrilgo edo Asturiasko (Espainia) ekitaldietara joateko denborarik ez zuten, eta, azkenean, furgonetarekin bidaiatzeari utzi zioten. «Hori berreskuratu nahi dugu, eta liburu azoketara eta txirrindularitza ekitaldietara joan. Ez dugu webgune huts bat izan nahi; hartu-emana izan nahi dugu irakurleekin», ziurtatu du argitaletxeko editore eta zuzendariak. Gogorarazi du, gainera, irakurle gehienek eskertu egiten dutela liburua ikusteko, zabaltzeko eta ukitzeko aukera izatea, eta askotan halako ekitaldiak erabiltzen dituztela gomendioak eskatzeko. «Alde horretatik, ez dugu nahi liburu denda desagertzerik».

«Frikientzako literatura»

Ez dira gutxi kirol literatura kontsumitzea gogoko dutenak, baina, Garateren esanetan, aski «barreiaturik» daude elkarrengandik. «Nobela edo bestelako generoak kontsumitzen dituzten irakurleek bat egin dezakete herriko liburu denda berean, baina, gure kasuan, lurralde askotako irakurleak ditugu». Logikoa denez, txirrindularitza eta kirolzale amorratuak dituzte bezero nagusi, eta, haiekin batera, argitaletxearen liburu guztiak erosteko ohitura duten bildumagileak. Garatek badu kirol literatura definitzeko eta euren erosleak deskribatzeko termino propioa: «Frikientzako literatura». 

Irakurleen profil zehatza ere ezagutarazi du, eta aurreratu du ez dagoela sorpresa handirik. «Zoritxarrez, gizonezkoak dira kirol literatura gehien kontsumitzen dutenak». 40 eta 50 urte bitartekoak, gehienbat. «Nik ulertzen dut ez dela emakumeentzako hain erakargarria kirolari baten biografia irakurtzea gizonezko bat baldin bada protagonista. Inkontzienteki bada ere, erreferenteak eta ispiluak izan daitezkeen pertsonen istorioak irakurtzen ditugu», azaldu du Libros de Ruta argitaletxeko arduradunak. «Egia da gero eta liburu gehiago egiten ari direla emakumezko kirolarien inguruan, eta uste dut emakume protagonisten presentzia handitzen den heinean irakurleen artean ere hala izango dela».

Alde horretatik, eskaintza zabaltzeko hainbat saiakera egin ditu Libros de Ruta argitaletxeak, eta emakume kirolarien inguruko zenbait testu ditu salgai webgunean. Honako hauek nabarmendu ditu: Joan Negrescolorren Yo, Alfonsina, F. J. Erskineren Damas En Bicicleta edo Joane Somarribaren Sacrificio y gloria de la mejor ciclista española, pionera en un mundo de hombres autobiografia.

Irakurleak ugaritu ala prezioak garestitu?

FANDE fundazioak egindako ikerketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %67,8k libururen bat irakurri zuten iaz. Pandemiaren ostean, hain zuzen, irakurle kopurua handitu egin zen, eta oraindik ere joera hori mantentzen dela erakutsi dute aurtengo Bilboko Liburu Azokak utzitako irabaziek. Saltzaileen ustetan, ordea, irabazien hazkundeak prezioen inflazioarekin du harreman zuzena, eta ez irakurleen ohitura aldaketekin. Alde horretatik, Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkarteak jakinarazi du azken bost urteotan hamahiru liburu denda berri zabaldu dituztela Bizkaian; horietako zazpi, Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.