Amaia Arenal

Bilbo, 'strike city'

2024ko ekainaren 24a
05:00
Entzun

Udako oporrak hastear daude, eta, honekin batera, Bilbo turistaz beteko dela aurreikusten da. Modu honetan, dekorazio eta karta berdintsua duten xarmarik gabeko tabernak hasi dira euren barrak pintxoz betetzen, eta ikurrinaren koloreak leit motiv moduan dituzten oroigarrien dendek hasi dituzte euren basque starter pack delakoak prestatzen. Denda eta taberna horien gainean zeuden etxebizitzak pisu turistikoak bilakatu dira, eta gelditzen diren auzokide apurrek maleten gurpilen joan-etorrien zaratarekin partekatzen dute euren eguneroko bizitza. Abiadura handiko Bilbo da gure Bilbo turistikoa, Abandoko tren geltokira helduko omen den AHT bezain azkarra. 

Baina badago beste abiadura bateko Bilbo bat: badaude turistei banatzen zaien Bilboko mapatik at geratzen diren auzoak. Auzo horietan bizi den jendeak ere igaroko du uda gure hirian, baina ez dituzte beharrak asetuta izango. 

Auzo horietako jendea ezingo da igerilekura joan, Bilbo Kirolak enpresa publikoak zerbitzua kudeatzeko guztion diruarekin kontratatu duen enpresa pribatuak ez dituelako langileen eskubideak bermatzen. Beraz, hilabeteak daramatzate greban eta, ondorioz, zerbitzua etenda dago. Horren aurrean, langileak babestu beharrean, udal gobernuak enpresarentzat bitartekari lanak egitea erabaki du. Instituzio publiko batekin duen kontratua bete ez duen enpresari erantzukizuna exijitu beharrean, honen bitartekari moduan agertu da. 

Gobernuak ulertu ez duena zera da: lan eskubideak bermatzen ez dituen enpresa batek ezingo du inoiz zerbitzu publiko bat ondo kudeatu

Auzo horietako jendeak bi hilabete baino gehiago daramatza euren egunerokotasunean ezinbestekoa den autobus zerbitzua etenda. Kasu honetan, Bilbobuseko langileak dira greban daudenak, urteetan lan hitzarmena negoziatu barik daude eta. Alsa-Biobide enpresak, Bilboko udal bus zerbitzua kudeatzeko udal gobernutik urtero milioika euro jasotzen dituenak, urteak daramatza langileei lan hitzarmena adosteko negoziazioa ukatzen, beharginen eskubideak urratuz. 

Formula bera errepikatzen da: diru publikoarekin kontratatzen den enpresa batek ez ditu lan baldintza duinak bermatzen, eta, ondorioz, zerbitzu publikoa eten egiten da. Horren aurrean, udal gobernuak kontratua bertan behera utzi beharrean edo aukera hori negoziazioan langileen alde egiteko erabili beharrean, langileen aurkako adierazpenak egiten ditu, enpresaren alde agertuz. Gobernuak ulertu ez duena zera da: lan eskubideak bermatzen ez dituen enpresa batek ezingo du inoiz zerbitzu publiko bat ondo kudeatu, enpresa horren jokabideak etekin ekonomikoen logikan mugitzen direlako, eta zerbitzu publikoek ez dute, edo ez lukete behintzat, etekin ekonomikoa lortzeko helbururik izan behar.

Momentuz, udako denboraldia hastear dagoela eta turistifikazioaren eragina gero nabariagoa den hiri honetan, espero dugu dena kapitalizatu nahi dutenek langileekiko elkartasuna ere kapitalizatzen ez saiatzea, Bilbo strike city moduan saltzeko intentzioarekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.