Herri guztietako soinu banda

Aurtengo udan ere, dantzaz eta jai giroz bete dira Bizkaiko plazak erromeriei esker. Urteek aurrera egin ahala, indarra galduz joan dira, baina erromeria taldeek jakin dute garai berrietara egokitzen.

Bilboko Aste Nagusia
Bilboko Aste Nagusiko erromerietako bat, Plaza Barrian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Euskal Herriko jaietako osagai garrantzitsua dira erromeriak. Gutxienez halako bat egon ohi da herri askotako festetan. Garaiak aldatu diren modu berean, baina, erromeriek ere gainbehera izan dute, eta sasoi berrietara egokitu behar izan dute, nahi eta nahi ez. Trikitia eta panderoa soilik zeuden lehen, eta askotariko musika tresnak txertatu dituzte gero, baita musika estilo asko nahastu ere. Oraindik ere, asko dira Bizkaiko eta Euskal Herriko plazak alaitzera joaten diren erromeria taldeak, baina zer pertzepzio dute haiek? 

1

Gautegun erromeria

Iaz egindako afari batean sortu zitzaien erromeria talde bat eratzeko ideia Mikel Ipiña eta Iker Mendaza kideei: «Harri, orri, har jokoa galdu nuenez, Ixil-ixilik dago abestia kantatzen hasi nintzen a cappella guztien aurrean, eta jendea animatu egin zen», kontatu du Ipiñak. Segidan hurreratu zitzaion Mendaza, eta hurrengo afarira panderoa eta trikitia eramateko proposamena bota zion: «Apurka-apurka modu informalean hasi ginen trikiti eta panderoagaz», dio Ipiñak. Alabaina, Gozategiren kontzertu bat izan zen mugarria taldea eratzeko garaian. «Kontzertua ikusten ari zela, mezu bat bidali zidan Mendazak: 'Erromeria talde bat egin behar dugu'».

Hasieran haiek biak bakarrik ziren, baina berehala batu zitzaizkien elkarren ezagunak taldera. «Ondo pasatzea da gure helburua. Parrandazaleak gara, eta gustuko dugun hori egiten gozatzen dugu». Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abesten dute, eta kantu tradizionalak eta boladan dauden horiek tartekatzen dituzte emanaldietan. Publikoari dagokionez, askotariko jendea joaten da: «Lekuaren eta orduaren arabera asko aldatzen da ikusleen profila».

Garai batekoarekin alderatuz, nabarmen aldatu da erromerien pertzepzioa, Ipiñaren ustez: «Lehen, erromeria eta euskal dantzak eskutik oratuta joaten ziren. Gaur egungo erromeriak euskal berbenak dira: garai berrietara eta herritarren beharretara moldatu dira». Alabaina, erromerien formatua «osasuntsu» dagoela iruditzen zaio: «Erromeria talde asko gaude, eta plazak bete egiten dira». Era berean, uste du bestelako formatu batzuk nahastea ere bateragarria dela: «Ni oso erromeriazalea naiz, baina erromerien ostean DJak jartzea ondo ikusten dut. Estilo aldaketa hori asko eskertzen da».

(ID_17253564881235) Gautegun erromeria
Gautegun erromeria taldeko kideak, artxiboko irudi batean. GEURIA

2

Lehian erromeria

Lehian erromeriaren proiektua 2013. urtean abiatu zuten arren, nagusiki azken hiru urteetan egonkortu dute taldea, Maitane Etxegarai kidearen arabera: «Familia polita sortu dugu. Ordu asko igarotzen ditugu elkarrekin, eta giro onean egotea eta etxean bezala sentiaraztea ezinbestekoa da guretzat». Ohiko erromerien aldean, baina, badute ezberdintasun nagusi bat: ez dute ez trikiti, ez pandero fisikorik. «Trikiaren soinua teklatuaren bitartez lortzen dugu, haizeena edo biolinena bezala». Funtsean, baina, erromeria talde bat da haiena ere, Etxegarairen ustez: «Betiko erromerien esentzia hor dago, nahiz eta fisikoki ez ikusi».

Publikoak egin izan dizkie kritikak alde horretatik: «Jotzen dugun herriaren edo publikoaren arabera, badago trikitia, panderoa eta euskal dantzak besterik ez dela uste duenik. Hori ere bada, noski, baina, gure kasuan, antzinakoa eta gaur egungoa uztartzen saiatzen gara, euskara ardatz hartuta betiere». Izan ere, publikoarekin konektatzea da haien lehentasunetako bat: «Publikoak eskatzen duenera ondoen egokitu daitekeen kantutegia edo emanaldia antolatzen dugu». Askotariko publikoa izan ohi dute, eta boladan dauden kantuak eta klasikoak jotzen dituzte.

Etxegaraik zuzeneko musikaren «xarma» nabarmendu du, baina bestelako formatu batzuk ere «bateragarriak» direla iruditzen zaio: «Leku askotan, erromerien ostean DJa jartzen dute».

(ID_17252741526215) Lehian erromeria
Lehian erromeria taldeko kideak, uztailaren 30ean, Itzubaltzetako jaietan. LEHIAN ERROMERIA

3

Garilak 26

Urte berria hastearekin batera, bira amaiera iragarri zuen Garilak 26 erromeria taldeak. 2011 amaieran sortu zuten taldea, eta urte hauetan guztietan herririk herri aritu dira kontzertuak ematen.

Erromeria taldea izanagatik, abesti propioak ere sortu izan dituzte. Horren erakusgarri da 2016. urtean kaleratu zuten Adrenalinaren zain diskoa. «Zerbait ezberdina egiteagatik argitaratu genuen diskoa, baina taldekideok argi izan genuen erromeria talde bat izaten jarraituko genuela. Gauza puntual bat izan zen», adierazi du Alain Gutierrez taldeko egungo abeslariak.

Erromerietan euskal artisten zein taldeen kantuak jotzen dituzte, baina gaztelaniazko batzuk ere txertatzen dituzte: «Kantu horietako entzuleen profila, baina, antzekoa da; entzule mota beraren ezaugarrietan sartzen diren taldeak edo estiloak jotzen ditugu, azken finean». Kantutegia bera ere entzuleen arabera aukeratzen dute: «Jendeak entzun nahi duen hori eskaini behar duzu, horretara egokitu behar duzu kantutegia».

Urte amaieran «kontzertu berezi batekin» agurtuko dute Garilak 26 taldea, baina Gutierrezek ez du saio horren informazio askorik eman nahi izan: «Laster emango dugu horren berri».

(ID_17252825291625) Garilak 26
Garilak 26 erromeria taldea, abuztuaren 21ean, Bilboko Aste Nagusian. GARILAK 26

4

Aiko taldea

Euskal dantzen transmisioak etenik ez izateko asmoz sortu zuten Aiko taldea. Dantza ahalik eta herritar gehienengana zabaltzea dute helburu, eta, horretarako, hainbat tailer eta ikastaro antolatzen dituzte urte osoan.

«Dantza hizkuntza gisa ulertu behar da; herri bakoitzak bere hizkuntza propioa du. Azken boladan, galdu egin da hizkuntza hori, utzi egin diogu hitz egiteari, dantzatzeari. Dantzatzeko ohitura berreskuratu nahi dugu, eta, aldi berean, dantzatzeko gure hizkuntza propioa sortu nahi dugu», azaldu du Patxi Laborda Aikoko dantza maisuak. «Ez ditugu dantzak irakasten; dantzan irakasten dugu», argitu du: «Jendeari baliabideak ematen dizkiogu edozein dantza dantzatzeko. Gero eta gehiago ari da gailentzen koreografiaren sistema, eta guk transmititu nahi dugu garrantzitsuena musika sentitzea eta gozatzea dela».

Horrekin batera, erromeriak tradizioarekin lotzeko joera ezabatu beharra dagoela uste du Labordak: «Askotan, existitzen ez diren nostalgia batzuetan oinarritzen ditugu gure tradizioak. Lehen, harremanak egiteko bide bakarrenetarikoa zen dantza, baina gaur egun ez da hala inondik inora ere, eta harremantzeko beste modu batzuk daude. Tradizioa aldatuz doa, eta dantza modu zabalean ulertu behar da». Finean, «dantzarako guneak sortzea» da garrantzitsuena Aiko taldearentzat: «Zuzeneko musikarako eta dantzarako guneak sortzea beti da aberasgarria».

AIKO
Aiko taldearen erromerietako bat, Durangoko Plateruena kultur aterpean. BIZKAIKO HITZA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.