Zerua goibel, giroa arrai

Besta gogoak gaina hartu dio EHZn euriari eta lohiari. Palestinako poesia, Anarirena, bertsolari eta musikari belaunaldi berriaren garra, aspaldiko musika taldeenarekin batean bildu ditu larunbatak.

Punttu Kakotx txaranga EHZn, plazako gunean, larunbat arrastirian
Punttu Kakotx txaranga EHZn, plazako gunean, larunbat arrastirian. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko ekainaren 30a
05:00
Entzun

Bazterrak busti iratzarri da Euskal Herria Zuzenean larunbat honetan. Kontzertuak ederki iragan ziren gauean, lantzurda xehe batekin. Baina gauaren hondarreko euri uharrek aparkaleku, kanpaleku eta kontzertu guneko pentzeak lohi bilakarazi zituzten. Heldu nahi ez duen udarik ez agerturik ere EHZren zaleak ez dira lotsatu. 11:00etako plazara bilduak ziren jadaneko, askaltzeko, lehen tragoen hartzeko.

Euri fin baten pean hasi ziren kantuan Maialen Akizu, Haira Aizpurua eta Irantzu Idoate bertsolariak, bertso musikatuen saioan. Patxi Amulet eskusoinuan eta David Arriola saxofoian zituzten lagun gibeletik. Karpatxo pare bat hurbildurik horien aitzinera bertsozalea aterpetua zen. Eguerdi on denoi, esperientzia bakarra dugu bizitzan; zenbat kolore ikus daitezkeen gaur dugun estanpa grisan; erdibidean aterpe bila nahiz ta alferrik gabiltzan; euskaldun batek ezin du busti gabe euskalduna izan; umoretik agurtu zituen Maialen Akizuk begitartea arrai zatxikaten bertsozaleak.

Umorez egiten dute baita ere EHZko komunikazio batzordekoek hiru egunez jalgitzen duten Titau aldizkaria. Larunbatekoak, azaletik, erreferentzia egin dio bezperako Frantziako jendarmeriaren kontrol dispositiboari. Asterixen irudia desbideraturik, Waze aplikazioko mapa bat ikusten da lupatik, zeinetan atzoko jendarme kontrolguneez inguraturik agertzen baita EHZko gunea. Umorez josi aldizkaria izanagatik, kinka politikoaren azterketa egin dute. «Eskuin muturraren munduaren ikuskera arrazista, matxista, autoritarioa eta zapaltzailea normalizatu egin da leku guzietan». Eta horren aitzinean erne egon nahi dute. «Euskal Herritik, EHZtik, hemendik, eskuin muturra eta bere aliatuak borrokatzeko engaiatzen gara, haren ideiak garatzen diren espazio guzietan».

«Poesia artean jaio nintzen»

Arberatze-Zilhekoako eskolako kanpo aterpean plantatu dira Eider Beobide Urkizar eta Xalba Ramirez, Rifqa: honengatik egiten dugu dantza Palestinako poesia irakurraldi musikaturako. Beobidek itzuli duen Mohammed El-Kurd poeta palestinarraren Rifqa olerki bilduma. Ramirezek soinuak eta musika jarri dizkie gainetik, Beobidek irakurtzen dituenean.

«Poesia artean jaio nintzen, Nakbaren 50. urteurrenean, ospitaleko gela kanpoko askapen kantek esan zioten amari bultza egiteko». Zapalkuntza baten errateko olerki sarkorrak dakartza, sortzetik horretarik edan duela dioen El-Kurdek. «Gaza. Emakumea [...] Haren ospitaleko ohea, haren etxeko hondakinak dira [...] Ez dago bizitzarik, bultzarik gabe. Ez da bizitzarik setioan [...] Emakumeak negar egiten du. Beste norbaiten heriotza negartzeko ezintasunaz egiten du negar» esaldi gordinak, Nina Simoneren Four Women kantuaren doinuz beztiturik. Baina zutik eta kantuz eta irria erakutsiz irauten duen herriaren hitza da el-Kurdena: «Aitak esan zuen: ‘haserrea onartu ezin dugun luxua da. Egon lasai, bare [...] Egin irribarre hitz egiten dutenean; erantzuiezu'».

Xalba Ramirez eta Eider Beobide «Rifqa.honengatik egiten dugu dantza» poesia irakurraldian.
Xalba Ramirez eta Eider Beobide «Rifqa.honengatik egiten dugu dantza» poesia irakurraldian. MELI ETXEBERRI LARZABAL

Tokia antzerki taldearen Otonaia lanak jendea harriturik utzi du kanpoan. Hogei bat auto lerrokatuak dira, eta auto bakoitza antzokitxoa bilakatu da barnean jarri diren hiruzpalau ikus-entzuleentzat.

Arrastirian Anarik berotu ditu bihotzak, Kantatu, Maitatu eta Dantza dakarren pankarta marrazkiduna gibelean daukala apaingarri. Punttu Kakotx taldeko gazte gazteek beren buraso izateko adinean diren Buuzbukoen eskuetan utzi dute EHZko publikoa, beroturik. Titau baliatu da arraileriarako: «Zure zenbatgarren EHZ izanen da? Punttu Kakotx: hirugarren festibala. Buuzbu: Edizio guziak egin ditut, laguntzaile, festibalari, eta artista».

Oholtza nagusiek Gorka Urbizu, Su Ta Gar, Nakar edota Harat taldeak hartu zituzten gauean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.