Yoshitomo Nararen Europako lehen erakusketa handia antolatu du Bilboko Guggenheim museoak

Artista japoniarrak lau hamarkadaz sortutako lanak biltzen ditu bildumak, eta haren margolan identifikagarrienekin batera, eskulturak eta instalazioak ere batu dituzte.

Yoshitomo Nara artista, bere eskulturetako bati begira, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Yoshitomo Nara artista, bere eskulturetako bati begira, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko ekainaren 27a
15:58
Entzun

«Ez al da gezurra izango?». XX. mendearen amaierako arte garaikideak eman dituen izen esanguratsuetako bat da Yoshitomo Nararena (Hirosaki, Japonia, 1959), eta identifikagarriak dira haren koadroetan agertu ohi diren neskatila begi handiak. Japonia iparraldean jaio, arte ikasketak egin, eta berriz ere arte ikasketak egitera jo zuen Alemaniara —Dusseldorfera lehenik, eta Koloniara ondoren—, alemanez ez jakin arren. Neoespresionismoaren puntako izen ziren hainbat artista izan zituen irakasle han, eta, dioenez, leherketa betean aritu zen koadroak pintatzen, bata bestearen atzetik, haurtzaroan izandako bakardade sentsazio ez beti garratza gogoan hartu nahirik. AEBetan hasi zuen nazioartekotze bidea, Los Angelesen, eta hamaika erakusketa izan ditu geroztik, hamaika herrialdetan. Baina sekula ez zuen atzera begirako handirik izan Europako museo handi batean, eta, erdi irribarrez, onartu du horregatik mesfidantza puntu batekin jaso zuela Bilboko Guggenheim museoak bakarkako erakusketa handi bat antolatzeko egin zion proposamena. Egia zen, ordea, eta zabalik da lau hamarkadako ibilbidea biltzen duen atzera begirako zabala. Azaroaren 3ra arte egongo da ikusgai.

1984tik 2024ra arteko lanak ikus daitezke erakusketan, sei aretotan banatuta, baina ibilbideak ez dio ordena kronologikoari jarraitzen. Lucia Agirre izan da erakusketako komisarioa, eta, azaldu duenez, Narak berak hautatu du bere koadroak erakusteko modua. «Konposizio musikal bat bezalakoa da», laburbildu du. Bisitariak atea gurutzatu, eta Nararen unibertsoaren barruan topatuko du bere burua kolpean.

Nire marrazki gela izeneko etxola itxurako instalazioa ikusiko du, lehen-lehenik aurrez aurre, eta Nararen pertsonaiek inguratuko dute ezker eta eskuin, koadro batzuk horman gorago eta beste batzuk beherago zintzilikatuta, artistak irudikatutako erritmo eta konposizio jolasek gidatuta.

Azalekoa baino gehiago

Haren margolanetan maiz agertzen dira begi handiko neskatoen irudiak. Begi bat ubeldurik izan dezakete tarteka, zauri bat edota are baita keinu garratz xume bat ere, eta horrek ñabartu egiten du nolabait lehen begiratuan ematen duten itxura atsegina. Eta, hain zuzen ere, hori nabarmendu nahi izan du komisarioak. Agirre: «Irudi dezakeen baino konplexuagoa eta sakonagoa da haren obrek erakusten duten unibertsoa. Izan ere, Narari buruzko interpretazioak oso azalekoak izaten dira batzuetan, baina margolari bikaina ez ezik, giza esentzia islatzen duen artista bat ere bada».

«Narari buruzko interpretazioak oso azalekoak izaten dira batzuetan, baina margolari bikaina ez ezik, giza esentzia islatzen duen artista bat ere bada».

LUCIA AGIRREKomisarioa

Sakontasun horren lagin txiki bat eskaini du Narak ere kazetarientzat egindako aurkezpenean. Barkamena eskatuz bukatu ditu ia erantzun guztiak —«oso gaizki azaltzen ditut nire obrak, eta nahiago nuke obrei hitz egiten uztea»—, baina tantaka bada ere, agerian utzi du artearen historiari buruz duen jakintza zabala. Italiar artistek eragin zioten liluraz aritu da, esaterako, eta Piero de la Francescak sortzen dituen itzal arinez. Eta hizpidera ekarri du Japonian hainbat hamarkadaz arte ofizialak baztertutako Ukiyo-e izeneko arte generoak pizten dion lilura ere.

Yashitomo Nara artistaren artelanetako bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Yashitomo Nara artistaren artelanetako bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Margotzen dituen pertsonaiak zergatik margotzen dituen galdetu dio kazetari batek, eta orduan azaldu du argien zergatik ihes egin nahi izaten dien bere lana azaltzeko eskariei. Erantzuna hitzez eman ahalko balu margotzeari utziko liokeela esan du lehenik, eta sakonago jo du gero. «Artearen historiaren liburuan edo psikologiaren historiaren liburuan kokatuko ninduketen azalpenak badakit zein diren, badakit zer esan ahalko nukeen galdera horri erantzun ahal izateko, eta erantzun on bat izango litzateke, agian. Kanpotik eskatzen zaidan galderari erantzungo nioke horrela, baina hori ez da bihotzetik ateratako erantzuna, jendeak eskatzen didan erantzuna da».

Eta barkamena berriz ere, hori esan ondoren.

Jario apalagoa

Sailkaezintasun hori nabarmendu du komisarioak ere. «XX. mendeko handien artean egon da beti. Figura bakana da. Batzuetan hemen edo han sailkatzen saiatzen gara, baina Narak ihes egiten dio sailkapen horiei guztiei».

Agirrek aipatu duenez, kutsu «narratiboa» dute Nararen 80ko hamarkadako margolanek zenbaitetan. Atzealdeak oraindik ere elementuz beteta ikus daitezke, eta lore bat ematen dio ume batek beste bati, esaterako. Denborarekin desagertuz joango dira elementu horiek guztiak, ordea, eta pertsonaia bihurtuko da erdigune bakar. Eta haren garapen artistikoarekin batera, haren musikazaletasuna eta bakezaletasuna argi erakusten duten lanak ere topatuko ditu bisitariak museoan.

«Alemaniakoa izan zen nire sasoirik zoriontsuena. Ez nuen erakusketak egiteko proiekturik ere izaten, eta, halere, 120 artelan pintatzen nituen urtean».

YOSHITOMO NARAArtista

Garai bateko jario artistikoa apaldu egin zaiola esan du Narak. «1980ko hamarkadan nire sentimenduak esploratzen ari nintzenean, 120 obra baino gehiago pintatzen nituen urtean. Iaz, aldiz, bi obra handi baino ez nituen egin. Kontua ez da ezin nuela pintatu, baizik eta denbora gehiago dudala gogoeta egiteko eta pentsatzeko».

Unibertsitate garaian zuen espiritu horretara itzuli nahi lukeela ere gehitu du Bilbon. «Beldurra ematen dit aldatzeak», onartu du. «Bankuko kontu korrontean akaso badaude zenbaki batzuk orain, eta badira nirekin lan egin nahi duten galeria garrantzitsuak. Baina horrek aldatuko nauen beldur naiz. Alemaniakoa izan zen nire sasoirik zoriontsuena. Inork ez zidan ezer eskatzen, eta ez nuen erakusketak egiteko proiekturik ere izaten, eta, halere, 120 artelan pintatzen nituen urtean. Goizera arte egoten ginen hizketan lagunekin; oraindik gogoan ditut, eta haiekin harremana dut egun ere. Hori guztia ezin da erosi. Hori da altxorrik handiena niretzat».

Bilboko Guggenheim museoak Alemaniako Frieder Burda museoarekin eta Londresko Hayward galeriarekin elkarlanean antolatu du erakusketa. Horregatik, Bilbon ez ezik beste bi gune horietan ere erakutsiko dituzte Nararen lanak; baina Bilbon egin bezala, artistak kasuan-kasuan moldatuko du erakusketa.

Yashitomo Nara artistaren 'Bizitzaren iturria', Bilboko erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Yashitomo Nara artistaren 'Bizitzaren iturria', Bilboko erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.