Musika

William Parker kontrabaxu jotzaileak jasoko du Donostiako 59. Jazzaldiaren saria

Musikari estatubatuarrak hiru kontzertu emango ditu jaialdian, hiru agertokitan eta talde desberdinekin. Guztira 76 kontzertu izango dira jaialdian.

William Parker jazz musikari estatubatuarra. DONOSTIAKO JAZZALDIA
William Parker jazz musikari estatubatuarra. DONOSTIAKO JAZZALDIA
mikel lizarralde
2024ko ekainaren 26a
13:29
Entzun

William Parker kontrabaxu jotzaile estatubatuarrak jasoko du aurten Donostiako Jazzaldiaren sari nagusia. Parker (New York, 1952) abangoardiako jazzeko izen handienetakoa da, eta, jazzaldiko arduradunek azaldu dutenez, haren ibilbideagatik ez ezik, beste jazz belaunaldi batzuen erreferente izateagatik ere saritu nahi dute modu horretan. «Berrikuntzarekin eta sormen askatasunarekin hartua duen konpromisoak, baita lengoaia musikalaz duen ezagutza sakonak ere, funtsezko figuren artean kokatzen dute jazz garaikidean». Donostiako 59. Jazzaldia uztailaren 23tik 28ra egingo da.

Parkerrek hiru kontzertu emango ditu jazzaldian, hiru agertokitan, eta, hain zuzen, horietako bakoitzean musikari formazio batekin arituko da. Uztailaren 25ean, Eri Yamamoto pianistarekin bikotea osatuta joko du San Telmo museoan; 28an, Yamamotorekin berarekin eta Ikuo Takeuchi bateria jotzailearekin ariko da Viktoria Eugenia antzokian, eta 27an, berriz, Rob Brown (saxo altua) gehituko zaio hirukoteari, eta laukote formazioarekin emango du kontzertua Parkerrek Trinitate plazan.

Aurten, guztira, 76 kontzertu programatuko ditu jazzaldiak; horietatik 41 doakoak izango dira. Jaialdian jazz musikari ezagunak izango dira, tartean Diana Krall, John Zorn, Gregory Porter, Scofield-Holland Duo, Lakecia Benjamin eta Youn Sun Nah; baina baita bestelako musika generoak lantzen dituzten artistak ere, Marisa Monte, Rufus Wainwright eta Silvia Perez Cruz, besteak beste.

Eta, ohi bezala, Zurriolako hondartzako Keler agertokian rocketik, bluesetik, popetik eta hip-hopetik hurbilago lan egiten duten musikariak ariko dira: Larkin Poe, North Mississippi Allstars, Izaro, Shinova, El Columpio Asesino, Les Amazones d'Afrique, Merina Gris eta Chill Mafia.

Euskal taldeak

Aurten ere tokiko taldeen hautaketa prozesua egin du Donostiako Jazzaldiak, eta horren bidez aukeratutako hamar talde eta bakarlari izango dira jaialdian. Honako hauek dira: Iñar Sastre, Nacho Soto Trio, Oscar Garrido Quintet, Gregario de Luxe, Nhil, Les 4 Saxes & Co, Alex Haro's Freedom, Fran Serrano 4tet 0202, Euskal Hot Club eta Motelas.

Gainera, beste hainbat euskal artista izango dira jazzaldian: Iñaki Salvador, Elkano Browing Cream, Noa & The HellDrinkers, The Fake Cousins, Itziar Yague eta R.S. Basque Faktor, FEMM & Band eta Donostiako Musika eta Dantza Eskolako Big Banda.

Horiei gehitu behar zaizkie Keler gunean izango diren euskal musikariak: Izaro, Shinova, El Columpio Asesino Merina Gris eta Chill Mafia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.