Txillidaren abstrakzioa, Ortega Muñozen paisaien ispiluan

Eduardo Txillida eta Godofredo Ortega Muñoz artisten lanak elkarrekin erakutsiko ditu Bilboko Arte Ederren Museoak irailera bitartean.

'Eduardo Txillida-Godofredo Ortega Muñoz. Aurrez aurre' erakusketako irudi bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Eduardo Txillida-Godofredo Ortega Muñoz. Aurrez aurre' erakusketako irudi bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko ekainaren 25a
17:03
Entzun

Ez dira belaunaldi berekoak. Ez dira herri berekoak. Ez dute jatorri sozial bera ere. Ez dute elkarren lanetan eraginik izan. Paisajista figuratiboa da bata, eta eskultore abstraktua bestea. Eta, hala ere, Javier Gonzalez de Durana historialari eta Ortega Muñoz fundazioaren koordinatzaile artistikoaren hitzetan, «hats artistiko» berak batzen ditu Eduardo Txillida eta Godofredo Ortega Muñoz artistak. «Batak margotzen dituen paisaiak kartografiatu egiten ditu besteak». Txillidaren margolan bat ikusiko bailuke, Duranaren hitzetan, Ortega Muñozek aurrez aurre margotutako paisaia bat zerutik ikusterik lukeenak. Eta, hain zuzen ere, sakoneko antz horiek erakusteko asmoz antolatu du Duranak Eduardo Txillida-Godofredo Ortega Muñoz. Aurrez aurre izeneko erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan.

BBKateak izeneko proiektuaren parte da bilduma, eta museoaren eraikin zaharreko hiru areto hartzen ditu. 21 artelan bildu dituzte, guztira: Txillidarenak dira haietako hamabi —zazpi eskultura eta bost margolan—, eta Ortega Muñozenak bederatzi. Irailaren 30era arte izango da ikusgai, eta haren itxierarekin amaituko da proiektua ere.

«Godofredo Ortega Muñozek margotzen dituen paisaiak kartografiatu egiten ditu Eduardo Txillidak»

JAVIER DIAZ DE DURANAArte historialaria eta komisarioa

2022an jarri zuen abian museoak. Eraikin zaharreko aretoetan, geroztik bikoteka aurkeztu ditu lehen begi kolpean elkarrekin lotura zuzenik ez duten artistak. Bikoteak aldatuz joan dira aldian-aldian, eta, guztira, 110 artistaren lanak jarri dituzte ikusgai horrela. Duela bi urte, esaterako, zuriaren eta beltzaren erabilerak uztartu zituen areto berean Txillidaren eta Albrecht Duererren lanak, eta Txillidaren eta Ortega Muñozen arteko antzekotasun eta ezberdintasunekin bukatuko da orain proiektua.

Arantzazu eta Venezia

San Vicente de Alcantaran jaio zen Ortega Muñoz (Espainia), 1899an, eta Madrilen hil, 1982an. Gazte egin zuen alde etxetik artista bokazioari jarraika, eta hala bukatu zuen Parisen lehenik, eta beste hamaika herrialdetan ondoren. Txillida baino 25 urte zaharragoa izan arren, eta bakoitzak ezagutu zuten giro artistikoa ezberdina izan arren, elkar ezagutzen zutela ziurtatu du Duranak, bai eta elkarrekin egon zirela ere, gutxienez bi une garrantzitsutan.

Godofredo Ortega Muñozen eta Eduardo Txillidaren bi lan, elkarren ondoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Godofredo Ortega Muñozen eta Eduardo Txillidaren bi lan, elkarren ondoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Batetik, 1958ko Veneziako Biurtekoan egon ziren elkarrekin Txillida eta Ortega Muñoz, Espainiaren pabiloian. Historialariak gogoratu duenez, bi artista horiek izan ziren, gainera, ordukoan artelanik gehien eraman zuten artistak: izan ere, gainerako sortzaileek bi edo hiru pieza eraman arren, Txillidak hamazazpi eraman zituen, eta Ortega Muñozek, hamasei. «Bi artistek eman zuten Espainiaren irudia», laburbildu du.

Hori batetik; baina bestetik, 1962an, Txillida eta Ortega Muñoz izan ziren Arantzazuko basilikako absidea nork egingo zuen hautatzeko epaimahaiko artista plastiko bakarrak. Eta, Duranak dioenez, haiek bultzatuta hautatu zuten Lucio Muñoz lan horretarako. Eta, hain zuzen ere, hautu horrek erakusten du bi artisten arteko gertutasuna.

Txillidaren jaiotzaren urteurren ekitaldien parte ere bada erakusketa, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak gogoratu duenez, eta sortzaileari «Ortega Muñozen» ispilutik begiratzeko aukera ematen duela aipatu du.

Pentsatutako paisaiak

Jesus Mari Lazkano pintoreak Ortega Muñozi buruz idatzitakoak hartu ditu gogoan Miguel Zugaza museoko zuzendariak aurkezpenean. Lazkanok artistari eskainitako testu batean esaten zuenez, «ezer gutxirako» balio du paisajismoari buruz jakin daitekeenak Ortega Muñozen lan baten aurrean jarritakoan. «Itxuraz paisaia bat baita ikusten duguna, baina ez da hori bakarrik, baizik eta sekula bisitatu gabeko leku batera ematen duen sarbide baten aurrean baikaude: espazio mental baterako sarbidearen aurrean». Lazkanoren hitzetan, Ortega Muñozen pintzelek «eraikuntza intelektual» bilakatzen baitute paisaia. «Ez du ikusten duena margotzen, pentsatzen duena baizik».

Argitalpen bat ere eman dute argitara erakusketaren harira. Duranaren testuak ez ezik, Txillidaren eta Ortega Muñozen lanen irudiak ere topatuko ditu bertan irakurleak. Testu guztiak gaztelera hutsean daude. Testu horietako batzuk euskaraz ere irakur daitezke, ordea, aretoetako hormetan. Zergatik ez dute liburua euskaraz ere argitaratu, orduan? Testu horiek ere webean jarri asmo dituztela azaldu du Zugazak. Esan du adostu zutela Ortega Muñozen fundazioarekin batera gazteleraz bakarrik egitea argitalpena. Ez du zehaztu zergatik ez zieten proposatu liburua euskaraz ere argitaratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.