Hizkuntzalaritzan doktorea

Borja Ariztimuño: «Ondorioak behar baino lehenago ateratzen direnean, atsekabeak izaten dira gero»

Irulegiko Eskua ez ezik, azken hogei urteetan egindako beste aurkikuntza filologiko esanguratsu batzuk ere aztertuko ditu Ariztimuñok Udako Euskal Unibertsitatek Iruñean antolatutako Hizkuntzalari Euskaldunen VII. Topaketen barruan.

Borja Ariztimuño, Hendaian. GILLAUME FAUVEAU
Borja Ariztimuño, Hendaian. GILLAUME FAUVEAU
Inigo Astiz
2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Aurkikuntzak pitz dezakeen euforiaren aurrean, lan zientifikoaren patxada eta zorroztasuna aldarrikatzen ditu babes neurritzat Borja Ariztimuño Euskal Herriko Unibertsitateko hizkuntzalaritza doktoreak (Tolosa, Gipuzkoa, 1986). Irulegiko Eskuarena izan da azken urteetako kasurik entzutetsuena, baina gehiago izan dira azken hogei urteetan, eta haietako batzuk hartuko ditu gogoan gaur Iruñeko Katakraken emango duen hitzaldian. UEUk antolatutako Hizkuntzalari Euskaldunen VII. Topaketen arituko da, eta harena izango da eguneko hitzaldi nagusia: Zer egin, nola jokatu aurkikuntza filologiko (ustez) handien aurrean?.

Aurkikuntzekin ongi jokatzeko gida moduko bat iragartzen du hitzaldiaren tituluak. Ez da ongi jokatu orain arte?

Nik uste dut gauzak, oro har, ondo egin direla gurean. Azken hamarkadetan egin diren aurkikuntza handi edo handi samarretan nola jokatu den aztertuko dut, hortik hobeto zer egin daitekeen ikasteko. Kontuan hartu behar delako ez dela gauza bera Irulegiko Eskua, edo XVII. mendeko poema bat. Kasuan-kasuan ikusi behar da zer garaitako eta zer motatako testua den.

Eta zer kasu aipatuko dituzu?

Azken hogei urteetan egindako aurkikuntzak dira. Lazarragaren eskuizkribua izan zen sona izan zuten lehen aurkikuntzetako bat [2004an aurkeztu zuten Joan Perez Lazarraga idazleak gutxi gorabehera 1567-1602 bitartean idatzitako testu sorta]. Azkoitiko poemak ere aipatuko ditut [1508 eta 1521 bitartean dokumentu baten ertzetan euskaraz idatzitako poema anonimoak], baita Irulegiko Eskua eta orain agertu den aldarea ere. Baina hainbesteko oihartzuna izan ez duten beste kasu batzuk ere aipatuko ditut: Le Dauphin itsasontzian topatutako lapurterazko gutunak [1757koak], esaterako.

Hitzaldiaren tituluan parentesi artean dator aurkikuntzak batzuetan «ustez» direla handiak. Iruña-Veleiako kasuaren aipamena dago horren atzean?

Ez dakit Iruña-Veleia aipatu ere egingo dudan. Ustezkotasuna aipatzen dut tituluan, zerbait aurkitzen duzunean ez dakizulako zenbateraino izango den garrantzitsua. Eta, gainera, aurkikuntza ez duelako beti filologoak egiten, baizik eta, kasu horretan bezala, agian arkeologoak.

Eta nola jokatu behar da aurkikuntzekin, beraz?

Hiru alor bereizi ditut. Aurkikuntzarena da lehena, ez baita gauza bera zerbaiten bila aritu eta azkenean topatzea, edo beste zerbaiten bila zabiltzala aurkikuntza kasualitatez egitea. Aurkikuntzaren ostean dator bigarren alorra, eta ikerketan hurrengo urratsak zein izan beharko liratekeen aztertu behar da hor. Eta, azkenik, jendarteratzearena da azken esparrua, dibulgazioa. Azken batean, izan duten oihartzunagatik direlako garrantzitsuak aipatuko ditudan kasurik gehienak. Jendearen espektatibak ere sartzen dira hor, eta Irulegiko Eskuarekin gertatu dena da horren erakusgarri. Izan ere, aurkezpena egin ostean egin ditugun ikerketekin, batzuk haserretu ez dakit, baina atsekabetu egin ziren gure lanarekin. Horregatik aztertu behar da ondo zer motatako testua den, eta zer erakutsi diezagukeen benetan eta zer ez. Lekukotasun bakoitzak dituelako mugak euskarari buruz eta euskaldunei buruz eta bestelakoei buruz aritu ahal izateko. Ez dago errezeta magikorik, beraz, baina hiru esparru horiek dira zaindu beharrekoak.

Ikerketarako lagun arriskutsua da euforia?

Bai. Ikertzaile moduan ondo zaindu behar da nola azaltzen den aurkikuntza bakoitzaren balioa. Gero, komunikabideek egiten duten transmisio horretan gerta daiteke ikerlariak zerbait ez duela ondo adierazi, hedabidean beste modu batera transmititzen da, eta jendeak hala jasotzen du. Kontuan hartu beharreko faktore bat da, are gehiago gaur egun, ematen duenez halako aurkikuntzek interes handia pizten dutelako.

«Agian ez zuten asmatu Irulegiko Eskuak euskararekin zuen loturaren behin-behinekotasuna adierazten, eta ikerketa gehiago behar zirela adierazten».

Aipatu izan duzu zientziaren eta dibulgazioaren denborak maiz ez direla bateragarriak izaten.

Adibidez, Lazarragaren eskuizkribuen kasuan, nahiko azkar jendarteratu zen, testua sareratu zen, baina horrez gain Joseba Lakarra ikerlariak lan nahiko handia egin zuen hizkuntzaren behin-behineko azterketa bat egiteko. Aurreko lan bat eginda aurkeztu zen aurkikuntza, eta informazio nahiko fidagarri batekin. Baina ez da gauza bera XVII. mendeko eskuizkribu bat edo duela 2.000 urteko zerbait. Irulegiko Eskua ere denbora nahikoz eduki zuten isilpean, patxadaz lan egin ahal izateko, baina agian ez zuten asmatu aurkikuntza hark euskararekin zuen loturaren behin-behinekotasuna adierazten, eta oraindik ikerketa gehiago behar zirela adierazten. Baina, hitzaldia prestatzeko, aurkezpeneko bideoak berrikusi ditut, eta, orduan ere, zalantzak azaldu zituen [Joakin] Gorrotxategik [idatziak aztertu zituen hizkuntzalariak], eta egin zuen patxadarako deia ere. Baina emozionatu egin ginen, eta...

Aurkikuntzaren liluraren aurrean, patxadarako deia egitea ez da hain erakargarria.

Botere harremanak zein diren ere sartzen da hor. Politikariak, erakundeak eta ikertzaileak. Zenbaterainoko marjina uzten zaion ikertzaileari egin behar duen eta egin nahi duen guztia egiteko aurkezpena egin baino lehen.

Euskaldunok dugun baieztapen beharra ere erakusten du halako aurkikuntzen harrerak.

Ziur. Ez dut uste gure kontua denik bakarrik. Edozein nazio eta kulturatan pizten dute arreta halako aurkikuntzek. Baina, klaro, garai bateko testu gutxi ditugu, eta horrek ere eragina du. Hizkuntza erromantzeetan gehiago direlako testu zaharrak, eta XVI. mendeko poema batengatik ez dira txoratzen jartzen. Eta, noski, nahasten da abertzaletasuna ere. Beti egongo da halakoen beharra sentitzen duen jendea. Ulertzekoa da hori, baina ondorioak behar baino lehenago ateratzen direnean atsekabeak izaten dira gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.