Musikaria

Ekhi Lambert: «Musikarekin arriskua hartu dut, eta melodiarekin segurtasuna»

Orkestra konponketak eta rock taldeen elementuak uztartuz osatu du bere bigarren diskoa Ekhi Lambert musikariak: 'Inbasioak'.

Ekhi Lambert musikaria.
Ekhi Lambert musikaria.
Inigo Astiz
2024ko maiatzaren 16a
05:05
Entzun

Pop orkestrala. Hitz bikote horrekin aurkeztu dute Ekhi Lambertek (Irulegi, Nafarroa Beherea, 1990) kaleratutako bigarren diskoa: Inbasioak (Forbidden Colours). Eta badu bere zergatia. Batetik, maiz egiten dituelako konposizio eta moldaketa lanak beste artista eta orkestrentzat, eta, bestetik, kantari zein gitarra jotzaile lanetan ere aritzen delako beste zenbait proiektutan. Eta bi adar horiek enbor bakarrean lotzea erabaki du oraingoan. Oiasso Kameratako orkestra musikariak ez ezik, rock formatuan aritzen diren Joseba Irazoki gitarra jotzailea, Felix Buff bateria jotzailea, Vincent Mougel multi-instrumentista, Oihan Oliarj-Ines baxu jotzailea eta Yoan Aroztegi perkusio jotzailea ere batu ditu horretarako.

Lehen diskoan erakutsitako kantugile izaerari kolore paleta zabalagoa gehitu diozu oraingoan orkestrazioarekin. Hori izan da erronka?

Lehen diskoan, idatzi aitzin ere, gitarra klasikoarekin jada estetika batean mugatua nintzen. Jakin gabe, ze egia da lehen diskoarekin ez dakizula sobera nora zoazen eta badituzula baliabide aski murriztuak. Eta bigarren diskoarentzat nahi nuen pixka bat atera estetika zehatz horretatik, eta, bestalde, egiten baititut orkestrazioak eta batzuetan banabilenez rock proiektu batzuetan, baliabide horiek nahi nituen nire musikan sartu, eta ikusi zer emanen zuen estetika horien nahasteak. Hori izan da partitzeko ideia.

Detaile asko eta konponketa konplexuak dituzte kantek. Zein izan da haiek sortzeko lehen urratsa? Gitarrarekin hasi zara, pianoarekin, testuarekin...?

Metodologia berezi eta zorrotza izan dut. Lehena izan da entzutea maite nituen hainbat musika, izan klasikoa edo rocka, eta dena analizatzea: akordeak, irudiak... Egin dut sekulako bilketa lan bat. Hortik partituz, entseatu naiz giro batzuen sortzen, eta hori ordenagailuarekin egin dut. Badut programa bat partiturena, ematen dizkit soinuak, eta horretan hasi naiz idazten gauzak piano soinu batekin, nahiko sinple. Musika guztia horrela egin dut, melodiak idatzi gabe. Gero ibili naiz instrumentuak gehitzen eta moldaketak egiten, eta, bestalde, testuak ere idatzi ditut, hori ere melodiarik gabe. Eta azken etapa izan da testuen inprobisatzea musikaren gain.

Ekhi Lambert musikariaren, 'Inbasioak' diskoko, 'Ezpata' kantaren bideoklipa.
Maiz giroak du pisurik handiena kantuetan.

Xerkatu ditut giro batzuk, melodiak baino gehiago, bai. Beldur nuen melodiarekin hastera, horrek testua baldintzatuko zuela eta baita ere musika. Melodia bat duzularik, kantua egina da. Eta nahikoa da hori kantu batentzat.

Hausturak izan zen aurreko diskoa, eta, bertan, esaterako, a cappella eman zenuen Itzalak kanta. Haren antonimoa dirudi disko honek.

Kontrako puntua eta, aldi berean, ez hainbeste, zeren eta, zuzenean, disko berriko kantuak ere ematen ditut Vincent Mougelekin bakarrik, pianoarekin. Disko honetan melodia azkenik egin badut ere, sekulako garrantzia eman diot, eta, azkenean, emaitzan, iruditzen zait lehentasunak aski gertu direla bi diskoetan.

Inprobisatzean propioen diren esparruetara jo ohi delako agian? Seguruen zaigunera jotzen dugu halakoetan.

Horrentzat egin nahi izan ditut musikak hastapenean. Pixka bat terreno arriskutsu bat hartu, eta gero melodiarekin berriz hartzeko segurtasuna. Zeren eta hasten banintz melodiarekin zuzenean, egingo nituzke beti egiten ditudan gauzak.

Nola aurkeztuko duzu diskoa zuzenekoan?

Baditugu formula desberdinak. Badut taldeko formula bat bateria, gitarra elektrikoa, baxua eta teklatuarekin. Badut beste bat Oiasso Kameratako laukote batekin. Eta beste bat binakako formatuan, Vincent Mougelekin.

«Hitzetan beti bilatzen dut musikaltasuna, hori da poesiaren irizpide bat niretzat. Hitzek berez badute mundu bat, eta musikan hizkuntzaren dimentsio hori berreskuratzen dugu»

Orkestrako musikariekin zein rock taldeetan aritzen diren musikariekin egin duzu lana. Nolakoa izan da prozesua? Idatzita bidali diezu dena?

Guztiek bazituzten partiturak, eta, gero, rock musikariei eskatzen nien asmatzea ere. Bateria da idatzia ez nuen bakarra, baina Felixek [Buffek] izugarri ongi ulertu du musika, eta egin dituen proposamenak izugarri egokiak izan dira. Joseba Irazokiri ere galdegin nion inprobisatzea, eta jakin izan du bere gauzak ekartzen. Batzuetan partituratik sobera hurbil zen, eta saiatzen zen nik egin dudana errespetatzen, baina nik egindakoa uzteko esaten nion, eta ateratzen zen askoz hobeto.

Oso iradokitzaileak dira hitzak. Musikarekin bezala, giroak bilatu dituzu hitzetan ere?

Hitzetan beti bilatzen dut musikaltasuna. Hori da poesiaren irizpide bat niretzat. Gero entzuleak eraikitzen du zentzua. Hitzek berez badute mundu bat, eta musikan hizkuntzaren dimentsio hori berreskuratzen dugu. Idaztean egiten ditut amets batean bezala lotura pixka bat libreak. Adibidez, ez dut uste behar denik hastapenetik gai bat finkatu. Banoa hitz batetik bestera eraikitzen zentzua, eta gaia da azkenik ateratzen den zerbait.

«Amets batean bezala». Izan daiteke hori disko osoarentzat laburpen bat ere?

Badu gauza oniriko hori. Influentzia ezberdinak hartzea ere, hori da amets baten prozesua. Amets egiten dugularik, badira hainbat elementu, eta ez da koherentziarik. Edo bai, ametsak, azken finean, koherentzia bat sortzen du, baina arrunt desberdin diren elementuekin, eta horrek egiten du ametsaren giro bitxi hori.

Kontzertuak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.