Literatura

'Murmur', urak bere bidea egiten duenean sortzen diren istorioak

Peru Abarka lehiaketako bi irabazleak dira 'Murmur' album ilustratuaren egileak: Ane Labaka eta Raquel Samitier. Itoizko (Agoitz, Nafarroa) urtegiak aurretik eramandako herrien istorioa du oinarri liburuak.

Raquel Samitierrek eta Ane Labakak 'Murmur' album ilustratua aurkeztu dute gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Raquel Samitierrek eta Ane Labakak 'Murmur' album ilustratua aurkeztu dute gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko urriaren 30a
17:00
Entzun

Liburu «laburra», baina era berean «sakona». Horrela deskribatu dute Murmur album ilustratua haren egileek: Ane Labakak eta Raquel Samitierrek. Labakak irabazi du aurtengo Peru Abarka lehiaketa narrazio sailean, eta Samitierrek ilustrazioarenean. Hemeretzigarren aldia da aurtengoa, eta aho batez aukeratu du epaimahaiak Murmur, Labakaren istorioa. Erein argitaletxearen eskutik kaleratu dute. «Gogo handia nuen Itoizko urtegiak ur azpian utzi zituen herrien istorioa kontatzeko, eta Peru Abarka lehiaketa leku aproposa iruditu zitzaidan», esan du Labakak.

Hamalau narrazio aurkeztu dira aurtengo deialdira, eta Igor Idoeta lehiaketaren antolatzaileak adierazi du epaimahaiko kideei asko interesatu zitzaiela hasieratik Labakaren istorioa. Ilustratzaileei dagokienez, bestalde, hiru aurkeztu dira: «kalitate handikoak», Idoetaren ustez. Samitier izan da garailea, eta haren ilustrazioekin bete du Labakaren liburua; horrela, album ilustratu bat osatu dute bien artean.

Testua tristuraz beteta dago. Oroitzapenak, nostalgia, herrimina... testuan irudikatzea lortu du Labakak. Ama bat eta haren alaba dira protagonistak, Itoizko urtegiak bereganatutako herri bat atzean utzi behar izan dutenak. Labakak erabaki zuen urak presentzia handia izango zuela liburuan: «Liburu osoan badago lur azpiko erreka moduko bat. Lanarekin hasi baino lehen, urarekin zerikusia zuten hitz batzuk zerrendatu nituen, eta liburuan erabili ditut haietako hainbat». Era berean, bere sormen prozesua lurpeko errekarekin alderatu du idazleak: «Irratian albiste bat entzun nuen, eta horrek klak bat egin zidan buruan. Orduan, nire ideiak lur azalera atera nituen, erreka kanpora irteten den moduan, eta hor hasi nintzen liburua lantzen».

Murmur ez da soilik liburuaren izenburua. Idazleak beste hainbat esanahi eman dizkio, hala nola liburuko amaren eta alabaren arteko «isiltasuna, inkomunikazioa edota esanezina». Era berean, Samitierrek pertsonaia bilakatu du Murmur: «Testuan horrela agertzen ez den arren, pertsonaia bilakatu nuen Murmur: bakoitzaren herria atzean uzteak dakarren tristura irudikatzen du. Iraganeko mamu bat dela esan daiteke». Idazleak adierazi du hasieran ustekabekoa izan zela Samitierren erabakia. Halere, gaia elkarrekin landu ondoren, liburuan sartu-irtenak egiten dituen pertsonaia bat bilakatu da Murmur azkenean. «Pertsonaia sinple bat da, eta beste irudien errealismoarekin kontrajarria», azaldu du Samitierrek.

Marrazketa pertsonala

Ilustratzaileak egindako lanak testua biribildu eta sakondu duelakoan dago Labaka. Samitier: «Testua ikusi nuenetik, oso interesgarria iruditu zitzaidan. Istorio pertsonal bat da, oso intimoa». Testua eskuetan izan bezain laster, irudiak sortu zitzaizkion ilustratzaileari buruan, eta haiek garatzen hasi zen. «Hitz bakoitzarekin irudi bat etortzen zitzaidan burura. Imajinazio handia piztu zidan Aneren istorioak».

Hain lan pertsonala izanik, Samitierrek erabaki zuen koloreak, estiloak eta konposizioak orekatuak egon behar zutela. «Eskuzko teknikak erabili ditut marraztean, izaera pertsonal hori errespetatzeko. Ikatz marrazkiaren teknika erabili dut, eta margo akrilikoak ere bai». Ilustratzaile moduan ikasten jarraitzeko aukera «paregabea» izan da Samitierrentzat. Idoetak gogora ekarri ditu epaimahaiak ilustrazioen inguruan emandako iritziak: «Koloreak indar narratzaile handia du liburuan, eta kontakizuna plano ezberdinetan konposatu du, haien artean jolas moduko bat eginez».

Albumaren bi egileak bat datoz lehiaketaren formatuak askatasuna ematen diela biei. «Lehenengo, testua egiten da, eta, ondoren, ilustratzaileak haren gainean marrazten du», adierazi du Labakak. Horren harira, Samitierrek adierazi du formatu horrek modua ematen duela «askatasunez» sortzeko, bakoitzak bere esparrua baitu. Halere, idazleak argi du testuaren eta marrazkien artean «elkarrizketa bat» sortzea lortu dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.