Murat Firatoglu: «Jendearen arteko elkartasuna galduz joan da, eta bakarrik gaude 7.000 milioi gizakik betetako mundu honetan»

Veneziako Zinema Jaialdian, Orizzonti saileko Epaimahaiaren sari berezia jaso du Murat Firatoglu zuzendariak, eta, BERRIAri onartu dionez, herrialdearen irudikapen bat da filmeko protagonista: «Zorpetua, frustratua, amorruz betea».

Murat Firatoglu zinema zuzendariaren filmeko irudi bat. BERRIA
Murat Firatoglu zinema zuzendariaren filmeko irudi bat. BERRIA
Venezia
2024ko irailaren 9a
13:33
Entzun

Erditik moztutako tomate zelai ezin zabalago bat Siverek-eko eguzki galdatan erretzen, Turkia hego-ekialdeko Urfa izeneko lurralde kurduan. Odol koloreko gorriak kontrastea egiten du inguruaren kolore horiarekin eta han-hemenka ikus daitezkeen berdegune urriekin. Urdin bizikoa da zerua. Paisaia idiliko bat, goitik ikusita. Kamera hurbiltzen hasi, eta orduan hasiko da ikuslea tomateetarantz makurtutako langileak ikusten, gizon zein emakumeak. Bero itogarriaz babesteko, zapi koloretsutan bilduta dituzte buruak. Gorritasun mugagabe horretan galtzen diren figura txiki batzuk baino ez dira. Irudiak besterik iradoki dezakeen arren, hau ez da paradisua. Horrela hasten da Hemme nin Öldüğü Günlerden Biri (Egun horietako batean Hemme hilko denean) pelikula. Murat Firatogluk zuzendu du, ofizioz abokatua den arren, sekula ez baitu bere benetako pasioa ahaztu, zinema, alegia. Eta Veneziako Zinema Jaialdiko Orizzonti saileko Epaimahaiaren sari berezia jaso berri du orain film horri esker. Eta Orizzonti Extra programak osatuta, sail horretan eskaini dira aurtengo jaialdiko filmik interesgarrienak.

Firatogluk berak onartu duenez, bertute bilakatu behar izan du eskasia, eta, zuzendari ez ezik, gidoigile, protagonista eta ekoizle ere izan da, horregatik.

Eyup da filmeko pelikulako protagonista: Izmirrera dirua egitera migratu zuen bi umeren aita. Han hondoa jo, ordea, eta herrira itzuli behar izan zuen familia osoarekin. Eta arima ere xurgatzeraino iristen den eta atzerapen txikiena ere barkatzen ez duen sistema zapaltzaile batek ezarritako zorrak ordaindu ahal izateko dabil orain tomateak lehortzen zelaietan. Lan gogorra da, oso gogorra.

«Eyup pertsonaia herrialdearen irudia da: zorpetuta, frustratuta, amorruz beteta, eta etorkizuneko ziurgabetasunak estututa dago»

MURAT FIRATOGLUZinema zuzendaria

Ederrak dira irudiak, eta, plano luzeen bidez, koadro naturalisten antza hartzen dute, baina, benetan, bizitzatik zuzenean hartuak diruditen eszenak ikusten ditugu pantailan. Aurrera egiteko zailtasunak, giza harremanak eta guztia irensten duen sisteman bizirik iraun ahal izateko sortutako estrategia txikiak. Filmean ia ez dago elkarrizketarik, ez eta beharrik ere, zeren eta hitzek baino gehiago kontatzen baitigute irudiek, eta Turkiak egun dituen arazoak erakusten baitizkigute. «Eyup bera herrialdearen irudia da», onartu dio Firatogluk BERRIAri: «Zorpetuta, frustratuta, amorruz beteta, eta etorkizuneko ziurgabetasunak estututa».

Egun batez, Eyup haserretu egiten da Hemme ikuskatzailearekin, ez diolako soldata ordaintzen. Landa guneen jabeek ere zapaldua dute Hemme, nahiz eta ez duten inoiz aurpegirik ematen. Liskarra hor amaitzen da, itxuraz, baina Eyupek, etsita eta zorrak itota, mendeku hartzea erabakitzen du. Pistola hartzera joaten da etxera, Hemme hiltzeko asmoz. Tira, edo asmo hori du, joan-etorrian bizitzak berdin jarraitzen duelako, eta filmak giza miseria eta giza bertuteak erakusten dituen panoramika bat bilakatzen baitu bidaia hori, bere huskeria, zorizko enkontru, hauskorragoa den inor laguntzeko behar, eta martxan jarri nahi ez duen motor zaharraren arazoekin.

Eztei dantza debekatuak

«Jendearen arteko elkartasuna galduz joan da», azaldu du Firatogluk, «eta bakarrik gaude 7.000 milioi gizakik betetako mundu honetan. Ezkontza festak baino ez zaizkigu geratzen sozializatzeko». Eta, hain zuzen, halay izeneko dantza tradizional batekin amaitzen da pelikula. Eta esanguratsua da hori ere. Duela hilabete batzuk epaitegi turkiar batek debekatu egin zituelako hala eztei festak nola halay dantzak ere, terrorismoa bultzatzen dutela egotzita, eta hamaika pertsona atxilotu zituelako.

The edge of the night filmeko irudi bat
Gecenin Kıyısı / The Edge of the Night (Gauaren ertzean) filmeko irudi bat. MATTEO COCCO

Eta jaialdian izan da Turkiak duen ezegonkortasun politiko eta soziala erakusten dituen beste pelikula bat ere: Gecenin Kıyısı (Gauaren ertzean), Orizzonti Extra sailean eman dutena. Turker Suer da zuzendaria. Kolonian (Alemania) jaio arren, guraso turkiarrak ditu Suerrek, eta Turkiako armadan kokatu du bere kontakizuna. Testuinguru delikatuan, beraz, Mustafa Kemal Ataturk Turkiako Errepublika modernoaren aitak diseinatutakoaren arabera, hura baita estatuaren oinarrien zein haren balioen zaintzailea.

Bi anaia dira filmeko protagonistak: Sinan eta Kenan. Turkian bizi dira, baina bizi zitezkeen munduko beste edozein lekutan ere, eta pelikulan etengabe dabiltza leialtasunak (hala aberriarekikoak, familiarekikoak nola norbere buruarekikoak) esan nahi duenari buruz gogoetan, euren buruak etengabe galdekatuz balioei zein bizitzako lehentasunei buruz. Militarrak dira biak, traizioz (justuki?) akusatuta, bere buruaz beste egiten amaitu zuen jeneral baten semeak.

«Ez nuen armadari buruzko pelikula bat egin nahi, eta ez da. Turkian bizi diren bi anaiaren kontakizuna da pelikula. Baina 2016ko kolpea gertatu zen gero, eta leku garrantzitsua hartu zuen filmean»

TURKER SUERZinema zuzendaria

Egun batez, Kenanek, gaineko norbait jo, eta ihes egiten saiatu da, eta, horren ondorioz, anaia epaitegi militar baten aurrera eramateko agindua eman diote Sinan tenienteari. 2016ko estatu-kolpe saiakeraren egun berean gertatuko da hori, ordea, eta, hala, telebistako irudi bidez erakutsiko du pelikulak kolpearen garapena, eta, ispilu joko baten bidez, irudikatuko du garraioan parte hartzen duten soldaduen jarrera.

Ardura eta sakrifizioa

«Ez nuen armadari buruzko pelikula bat egin nahi, eta ez da». Hala laburbildu dio bere asmoa Suerrek BERRIAri. «Turkian bizi diren bi anaiaren kontakizuna da pelikula. Baina kolpea gertatu zen gero, eta, azkenean, leku garrantzitsua hartu zuen filmean, nahiz eta nik ez nuen asmorik gertatu zenari buruz aritzeko, ez eta arrazoia nork zuen argitzeko ere».

Eta, berez, filma ez da kolpeari buruzkoa, baina historia garatzen laguntzen du, halere, eta elikatu egingo ditu, gainera, bi anaiak ezagutu ahala ikusleak haiei buruz izan ditzakeen galderak. Ziurgabetasuna eta zalantzak gehitzen dizkio kolpeak. «Azkenean, anaiek erabaki egin behar dute ea prest dauden beren betebeharrak eta kontzientziak eskatzen dizkien sakrifizioak onartzeko». Armadan kokatuta egonik, filma ia erabat «maskulinoa» da, baina gakoa izango da emakumezkoen presentzia, eta batez ere Sinan tenientearen emaztearena, hark elikatuko dituelako Sinanek leialtasunari eta kontziente izateari buruz dituen zalantzak.

Urrian Turkian proiektatuko dituzte bi filmak, Adanako jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.