'Haur motxiladunen' errealitatea fikzio bilakatu du Eztizen Artolak 'Gurpilak' nobelan

Ihintza izeneko pertsonaiak 6 urtetik 13 urte bete arterako esperientziak kontatzen ditu eleberriak. Bere bizipenak ez ezik, beste hainbat lagunei bildutako esperientziak ere baliatu ditu Artolak pertsonaiaren ahotsa eraikitzeko.

Eztizen Artola Iturrate idazlea 'Gurpilak' liburua aurkezten. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Eztizen Artola Iturrate idazlea 'Gurpilak' liburua aurkezten. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko irailaren 12a
16:34
Entzun

«Euskal gatazkaz eta espetxeaz aritu garenean, nagusiki gizonak izan dira protagonistak eta erdigunean egon direnak, eta haiek izan dira kontakizun honi ahotsa jarri diotenak. Eta aspertuta bezain nekatuta nengoen errelato horretan neure burua inon ez topatzeaz, eta aprobetxatu nahi nuen liburua gainontzeko ertz horiei guztiei ere ahotsa emateko». Eztizen Artola Iturratek espetxez espetxe eman du haurtzaroa eta nerabezaroaren hasiera, aitari bisita egin ahal izateko. Haur motxiladuna izan da. Eta, hain zuzen ere, ikuspegi horretatik kontatu du euskal presoen senideek bizi izandakoa Gurpilak izeneko eleberrian. Esperientzia pertsonalak ez ezik, berak bezala, umetan gurasoak urruneko espetxeetan izan dituzten beste hainbat lagunek kontatutakoa ere baliatu du horretarako. Zehaztu duenez, ordea, fikzioa sortzeko erabili du errealitate hori guztia. Lehengai horrekin osatu du bere lehen eleberria, eta Txalaparta argitaletxeak eman du argitara.

Ihintza izeneko pertsonaia da liburuko protagonista, bai eta kontakizunaren narratzailea ere. Eta hark bizi dituenak dira eleberriaren muina.

Aita espetxetik ateratzen den eguneko euforia, kaos, inprobisazio eta beldur nahaspila deskribatzen du eleberriko lehen kapituluak, esaterako. 13 urte ditu Ihintzak une horretan, eta hala kontatzen du hainbat gorabeheraren ondoren, aitarekin elkartu eta, azkenik, guztiak elkarrekin etxerako bidean jarriko diren unea. «Konturatu orduko furgonetaren barruan gaude ama, lehengusuak eta laurok, baina baita aita ere. Lehen aldia da aitarekin bidaia bat egiten ari naizela. Hori baino ez dut buruan. Zenbat aldiz amestu, irudikatu, planeatu dugun bidaia hau, eta zeinen ezberdina izaten ari den. Sekula ez nuen hilekoarekin irudikatu».

«Euskal gatazkaz aritu garenean, nagusiki gizonak izan dira kontakizun honi ahotsa jarri diotenak. Eta aspertuta nengoen errelato horretan neure burua inon ez topatzeaz»

EZTIZEN ARTOLA ITURRATEIdazlea

Eta, hain zuzen, narratzailearen ahots hori eraikitzea izan da idazlearen erronka nagusia, Artolak berak onartu duenez. Izan ere, kapituluz kapitulu aldatzen igarriko du narratzailearen kontaera irakurleak. Haur ikuspegi itxuraz xaloarekin hasi, eta nerabe politizatzen hasiarenarekin bukatu.

Bisitak «aitaren etxera»

Sei urte inguru dituen Ihintzak, esaterako, hala deskribatzen du «aitaren etxera» egindako bidaia horietako bat. «Kontua da gaur ez dudala lo askorik egin bidaian, gure lagun berriekin joan garelako furgonetan. Kemenekin eta Ilargirekin egiten ditugu bidaiak azkenaldian. Beno, eta gidariekin, baina asteburu bakoitzean bikote ezberdin bat etortzen denez, ez dira hain lagun minak. Amak beti azaltzen dit gu laguntzera etortzen direla. Lagunak, lagun minak eta lagun kuttunak daude. Hauek lagunak dira. Uste dut Mirentxin deitzen dituztela, eta niri arraroa iruditzen zait guztiek izen bera izatea».

Liburuak umorea ere baduela nabarmendu du Artolak. Eta, neurri handi batean, haurraren ahotsak eman diola horretarako aukera.

Bilboko ZIrika gunea goraino bete da aurkezpenean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bilboko Zirika gunea goraino bete da aurkezpenean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Pasarte «hunkigarriak» eta «oso gogorrak» ere badaudela azaldu du, halere. Minbizia duelako aske utzi duten presoari emandako azken agurra deskribatzen du pasarte batek, esaterako. Ia etengabe dago presente espetxeko funtzionarioen bortizkeria ere. Amak atxilotu zutenean poliziek emandako tratu txarrez egiten dion kontakizuna biltzen du beste kapitulu batek. Eta haurtzaroko esperientzia horiek guztiek bizitza osorako uzten duten arrasto luzea ere kontatzen dute azken pasarteek.

«Egoera hori bizi izan dugunok, oraindik ere soinean daramagu motxila hori», azaldu du egileak. «Espetxeak min handiak egiten ditu, eta ez dakit inoiz uzten diogun haur motxiladun izateari edo gazte motxiladunei buruz ere hitz egiten hasi behar ote dugun».

«Gure amek magia egin zuten eta egiten dute, zeren eta lortzen zuten eta lortzen dute umeak zoriontsu joatea espetxera, espetxea, berez, ume batentzat eremu oso arrotza denean»

EZTIZEN ARTOLA ITURRATEIdazlea

Artolak azaldu duenez, ez zuen «drama absoluturik» kontatzeko asmorik. Eta azaldu du zergatik ere: «Uste dudalako gutako asko ume zoriontsuak izan garela, batzuetan harrigarria dirudien arren». Umeen «inozentzia» izan da horretarako gakoetako bat, dioenez, eta batez ere amek egindako lana izan da bestea. «Gure gurasoek asmatu dute horretan: kasurik gehienetan gure amek. Magia egin zuten eta egiten dute, zeren eta lortzen zuten, eta lortzen dute gaur egun ere umeak zoriontsu eta pozik joatea espetxera, espetxea, berez, ume batentzat eremu oso arrotza denean».

Iragaten ez den iragana

Berak bizi izandako esperientzietan oinarrituta idatzi ditu liburuko pasarteetako batzuk Artolak, baina, azaldu duenez, bere ni horretatik aldentzeko ariketa ere egin du. «Iruditzen zitzaidalako horrenbeste izan garela haur motxiladunak, nire bizipena bakarrik kontatuz gero, kontakizunak hutsune asko izango zituen». Idazten hasterako, horregatik, haurtzaroan antzerako bizipenak izan dituzten hainbat lagun ere elkarrizketatu ditu, eta bizipen horiekin guztiekin osatu du gero liburuko pertsonaiaren istorioa.

Aldarrikapena egiteko ere baliatu du liburu aurkezpena Artolak. «Erabaki nuen orain zela momentua horrelako zerbait plazara ateratzeko, badirudielako haur motxiladunak iraganeko egoera batez ari garela, edo espetxea jada ez dugula hain gordin bizi, baina ez da horrela. Ni 1999an jaio nintzen, eta 2013ra arte egon nintzen Espainiako espetxeetara bidaiatzen. Baina 2024an gaude gaur, eta, oraindik ere, 97 lagun daude euren gurasorik gabe hazten, eta horietatik 62 adin txikikoak dira». Idazleak azaldu duenez, espetxeak «hankaz gora» jartzen ditu ume horien bizitzak. «Ez dakit noiz utzi ahalko diogun hau aldarrikatzeari, baina uste dut orain badaukagula aukera bide hori leuntzekoa, aldaketa behartzeko, eta behingoz etxera ekartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.