Kritika. Musika

Memorian eta akustikan kiribilduta

2024ko apirilaren 30a
05:00
Entzun

ENSEMBLE ASCOLTA

Igandean izan zen Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak urtero antolatzen duen Musika Garaikide Zirkuituaren azken kontzertua, egungo musikaren interpretazioan eta estreinaldietan espezialista den Ascolta Ensemblearen eskutik. Bi obra handik osatzen zuten programa: Pierluigi Billonik 2014an idatzitako Ebe und Anders-ek eta Abel Paulen Argizaria eta memoria lanaren erabateko estreinaldiak. Azken hori izan da San Telmo museoarekin zerikusia duten musika proiektuak jasotzeko deialdian irabazle izan den konposizioa eta, bide batez, emanaldia benetan erakargarri bihurtu zuena.

Kontzertua hasi baino lehen konpositorearekin batera izandako solasaldi txikiari esker, obraren nondik norakoak ezagutu ahal izan ziren, bai kontzepzioari, bai teknikari dagokionez. Paulen hitzetan, bere lanak argizaiolek irudikatzen duten memoria eta oroimenaren metafora miatzen du, elektronikaren bidez elizaren beraren akustika berezia profitatuz. Tribunan eta kriptan kokatutako bozgorailuek ensemblearekin batera hartu-eman antifonalak eta ekoikoak sortzen zituzten, soinua goitik eta behetik proiektatuz. Gipuzkoan tradizio bizia dute argizaiolek, etxeko sua transmititzeko zein etxearen, hildakoen eta oroitzapenaren arteko loturaren sinbolo gisa. Agerikoa izan zen harreman hori Paulen lanean, iraganeko ahotsen joan-etorrian eta ensemblearen sonoritatearen lanketan, nabean zehar zabaltzen zen erreberberazioa lagun, ez etsai, Asier Pugaren gidaritza fina ere nabarmen.

Billoniren obra bortitzagoa suertatu zen aipatutako akustika-berezitasunei erreparatzen badiegu. Tronpeta, tronboia, pianoa, gitarra elektrikoa, biolontxeloa eta bi perkusio jotzailerentzako septetoa da lana, metalen soinu-aukerak hedatzen eta tenkatzen dituena, batzuetan erritu forma edota jazz kutsua hartuz, errepikapenaren mugekin jolasean. Sara Litonek, berriz, argitasun handiz ebatzi zuen obrari norabidea emateko erronka.

Denera, espazioaren, oroimenaren eta akustikaren bihurguneetan obra berriak deskubritzeko une eta gune pribilegiatua izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.