Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak irabazi dute Etxepare saria, ‘Mamuki’ albumarekin

Guztira, 31 lan aurkeztu dira aurten, eta Rosende eta Ariznabarretaren lana nabarmendu du epaimahaiak, argudiatuta Gau Beltzean girotutako lan umoretsu «bikaina» dela, beldurrari buruzkoa.

Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta egileak, Etxepare sariaren irabazleak. BERRIA
Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta egileak, Etxepare sariaren irabazleak. BERRIA
Inigo Astiz
2024ko ekainaren 26a
16:15
Entzun

Lan handiko eguna da Gau Beltza mamuentzat. Sustoak eman eta ikara eragin behar, baina mamu txikia gaixotu egin da, eta hainbat lagun azalduko zaizkio laguntzera, zein baino zein beldurgarriagoa: banpiroa, zonbia, Zakuzahar eta Otsoko tartean. Baina ezer ez. Edo akaso bai. Beldurrari buruzko album umoretsua osatu dute Maite Rosende ilustratzaileak eta Nerea Ariznabarreta idazleak kontakizun horrekin: Mamuki. Etxepare saria jaso dute hari esker. 5.000 euro jasoko dituzte, eta udazkenean emango du argitara Pamiela argitaletxeak.

Guztira 31 lan aurkeztu dira aurten. Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute epaimahaia, eta, azaldu dutenez, Rosenderen eta Ariznabarretaren lana «bikaina» da. Besteak beste, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa «aparta» da, eta hala testuaren nola irudien paralelismo jolasak eta soiltasuna ere nabarmendu dituzte.

Biko-teka topaketak

Ezaguna da bi sortzaileen izena lehendik ere. Rosende 1991n jaio zen, Donostian, eta diseinu grafikoan, argazkigintzan eta bideo edizioan aritu da. Freelance gisa egiten du lan egun, eta kartelak eta ilustrazioak ez ezik hainbat album ere ilustratu ditu. Antton Kazabon idazlearekin batera sortutako Maddiren aireplanoa (Denonartean) liburua da argitaratu dituen azken lanetako bat. Ariznabarreta, berriz, Eibarren (Gipuzkoa) jaio zen, eta ipuin kontalaria eta antzerkigilea da, besteak beste. Londresen eta Berlinen egin ditu ikasketak, Zurrumurru izeneko konpainia sortu zuen 2008an, eta Naita Produkzioak izenekoa, berriz, 2017an.

Iruñeko Udalak antolatzen duen Biko-teka topaketetan parte hartu zuten bi egileek aurtengo urte hasieran, eta han landutako lana da orain saritu dutena.

Nafarroako 23 herritako udaletxeek antolatzen dute sariketa, eta Pamiela argitaletxeak eta Galtzagorri elkartea dira laguntzaileak. Saritu duten hamazazpigarren lana izango da aurtengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.