benat sarasola
Lauhazka

Literatura komunitatea?

2024ko ekainaren 23a
05:10
Entzun

Berriki bertso- eta trikiti-munduko lagun banarekin solasaldi aski bizi bat izatea egokitu zitzaidan. Nahiko lan izan nuen haien sentipentsatzeko belozidadeari jarraitzen, baina gustura entzun nituen mintzatzen bakoitzaren elkartearen eta komunitatearen poz eta penez, harik eta halako batean, bietako batek galdetu zidan arte, «honek ere zerbait esan beharko dik» begiradaz: «Bueno, eta literatur munduan zer?». «Hotz» uste dut erantzun niela; oro har, hotz dagoela giroa, alegia.

Orain urte batzuk, ziur aski, kezka handirik gabe pentsatuko nuen idazletza kontu indibiduala dela funtsean eta komunitatearen zera horiek hutsal samarrak zaizkiola. Hau da, ez dela larritzekoa literaturaren bueltan ez egotea bertsolaritzaren edo trikitiaren bueltan dagoen saretzerik, literaturaren praktikarekin berarekin loturiko zerbait delako: idazleak bakardadean sortzen du, idazle mukerraren tradizioari dago loturik, sentimenez agoniko izan ohi da festarakoa bainoago…

'Poesia mailu bat da' literatura jaialdiaren irudi bat Gasteizko gaztetxean. AZPIMARRA IRAKURLE TALDEA
'Poesia mailu bat da' literatura jaialdia, Gasteizko gaztetxean. AZPIMARRA IRAKURLE TALDEA

Egia da literaturak, printzipioz, ez duela soslai performatibo markaturik, eta horrek praktika bakartiagoa izatera bultzatzen duela, eta hartzailearekin duen harremana ere aski ezberdina dela bertsoarekin eta trikitiarekin alderatuz; kontu horiek gorabehera, esango nuke azken urteotako literaturaren saretze eta komunitate(en) falta kontu aski kezkagarria dela.

Historiari erreparatzen badiogu, zertarako bildu izan dira idazleak? Funtsean, nago, bi arrazoigatik: elkarri testuak irakurri eta «testeatzeko», eta argitara-bideak sortzeko. Lehenengoaren adibide dira XIX. mendearen bukaerako literatur saloi, tertulia, kafe eta bestelakoak; bigarrenarenak literatura aldizkariak, argitaletxe txiki eta enparauak.

Ezaguna da gurean literatura aldizkariek izan zuten garrantzia aurreko mendean, zeinek, oro har, historia antzekoa izan baitzuten: literatur zale eta idazle-gaiak elkartzea erabakitzen dute haien idazkiak argitara emateko. Argitaletxeekin ere antzeratsu: Lur argitaletxea belaunaldi berri baten lanak publikatzeko sortu zen (Euskalelerti 69 lan kolektiboa izan zen lehen liburua); Haranburu-Altunak Xabier Montoiaren Anfetamiña ezpublikatzea erabaki zuenean jarri zen martxan Susa argitaletxea. Hor dira Ustela, Pott, Maiatz, Korrok, Plazara, Lubaki Banda eta abarrekoak, hain garrantzitsuak izan zirenak bertan parte hartu zuten idazleen sendotze eta garatze literariorako. Ramon Saizarbitoriak berak, Aurreiritziaren Eskolak idazle burgesaren etiketa ezarri dionak, sarritan aipatu izan du behiala izan zuen inguru literarioa (Ustela,Oh! Euzkadi) biziki faltetsi izan duela gerora.

Gaur egundik begiratuta, iruditzen zait mundu digitalerako jauziak kalte egin zuela mundu literarioaren saretzean, eta idazleak oraindik isolatuago egotera egotzi gintuela. Ez da iragan-min txepela edo joandako garai idealizatuekiko mira gehiegizkoa. Duela pare bat hilabete, Egan aldizkariak antolatutako jardunaldi batzuetan, Ibon Egañak bikainki aletu zituen garai digitaleko zenbait multzo, blogetan antolatuak: Volgako Batelariak, Sareinak, Elearazi… Esan daiteke blog haiek talde literario edo antzekoen beltxargaren kanta izan zirela, nolabait, geroko zenbait salbuespen eskergarri (Itu Banda) salbuespen. Ni ere, azken batean, mundu digitalean hezi nintzen idazle gisa, eta alderdi positibo ukaezinak izan arren (eduki literario libreetarako sarbidea), saretzeari dagokionez atzerapausoa izan zen ni baino hogei-hamar zaharragoak diren idazleekiko. Eta blogen aroa iragan eta sare sozialena iritsi zenean zer esanik ez. Zergatik dira egun ditugun argitaletxe nagusiak 1980-1990 hamarkadetan sortuak? Zergatik ez da gai izan nire belaunaldia bere argitaletxe egonkorrak sortzeko? Paperezko aldizkariak iraganak jota omen daude, blogak arkeologia-gai bihurtuta; non publikatu daitezke hain beharrezkoak diren okasiozko poema, ipuin, artikulu suizida, ez hain suizida, eta bestelakoak?

Egia da literaturak, printzipioz, ez duela soslai performatibo markaturik, eta horrek praktika bakartiagoa izatera bultzatzen duela, eta hartzailearekin duen harremana ere aski ezberdina dela bertsoarekin eta trikitiarekin alderatuz.

Horregatik ez da gutxiestekoa bestelako diziplinetan komunitatea egiteko duten gaitasuna, hori gabe idazle batek egin behar duen esfortzua titanikoa baita, eta bestela ere aski petral baitago mundua balentria gehigarritan hasteko. Eta ez da kasualitatea azken urteotako saretze literario bakanak, neurri handi batean, militantzia politikoaren bueltan (izan feminista, izan sozialista) zertu izana, inork ondo ezagutzen badituzte komunitatearen premia (eta haren mikatzak) herri mugimenduak baitira.

Dena ez baita makur, poza hartu nuen iazko Durango Azokan kaier-meta bat aurkitu nuenean stand-aren ertzean. Halaxe ezagutu genuen Behe Banda izeneko talde berri bat dela. Aurten sortu da, halaber, Pomada banda. Duela aste batzuk, Azpimarra irakurle taldeak sortu duen Poesia mailu bat da jaialdian jendez lepo ikusi genuen Gasteizko gaztetxea; jendez lepo, hezur eta azal. Gure enborretik zein besterenetatik, sortu bitez berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.