Literatura

'Leiho bat bihotzean' poema liburua kaleratu du Aintzane Galardi Portuk

Koloreak «bidaide» hartuta idatzi ditu poemak egileak, eta, osotasunean hartuta, «margolarien paleta koloretsu batekin» alderatu du liburua. Galardiren bosgarren poema liburua da, eta Balea Zuria argitaletxeak plazaratu du.

Aintzane Galardi poeta, Donostian, 'Leiho bat bihotzean' liburuaren aurkezpen egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Aintzane Galardi poeta, Donostian, 'Leiho bat bihotzean' liburuaren aurkezpen egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2024ko uztailaren 2a
05:30
Entzun

Guztien aurretik jarri duen izenburu gabeko poema batek biltzen du Leiho bat bihotzean poema liburua, haren egile Aintzane Galardi Porturen ustetan. Hala dio poemak: «Bihotzean atsedentzen zaizkidan koloreak idazten ditut/ eta begi-ninietan pausaturiko poemak margotzen.I Idatzi, Margotu/ finean ez al dira bada gauza bera?». Henri Matisse margolari frantsesaren hitzen oihartzuna gordetzen du poemak, eta hala gordetzen du, halaber, liburuaren izenburuak berak ere. «Nire bihotzak ikusten dituen koloreak margotzen ditut» eta «Leihoak beti interesatu izan zaizkit, kanpoaldearen eta barrualdearen arteko pasarteak direlako» utzi zuen esana margolariak, eta Leiho bat bihotzean izenburua sortzeko eta barruko poemei «batasun bat» bilatzeko balio izan diote orain Galardiri (Oiartzun, Gipuzkoa, 1969).

Poetaren bosgarren liburua da hau, eta argitaletxe baten bitartez plazaratu duen aurrenekoa. Aurretik, Itoti urdinaren azpian (2005), Zirrikituak (2007), Mendafin usaineko iluntzeak (2015) eta Hegodun poemak (2018) liburuak ditu plazaratuak, eta guztiak jaso dituzte sariak —Euskaltzaindiaren Felipe Arrese Beitia lehen biek; Blas de Otero-Bilbo Uria saria hirugarrenak eta Iruña Hiria III. Nazioarteko Poesia Saria azkenak—. Oraingoan, ordea, Balea Zuriak plazaratu du idazlearen lan berria, eta Galardi «euskal letren panoramako poeta saritu bat» dela nabarmendu du argitaletxeko kide Juan Ramon Makusok. Balea Zuriak argitaratutako Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko (2019) antologian ere hartu zuen parte.

«Poema bakoitza margolan bat bezala, postal bat bezala, irudi bat bezala azaldu nahi izan dut. Irudi hori gero izan daiteke olioa, akuarela, horma irudia, xilografia... baina nik horixe ikusten dut, eta, gero, irakurleak ikusiko duena dago».

AINTZANE GALARDI PORTU Idazlea

Oinarrian koloreak izanda, osotasunean, liburua «margolarien paleta koloretsu batekin» konparatu du egileak. «Koloreak izan ditut bidaide proiektu honetan», esan du, «bihotzak agindu dizkidan koloreekin margotu ditut liburuko poemak». Hala, beste erreferentzia batzuen artean, margoei eta margolariei leku esanguratsua egin die, eta adierazi du «margotzea eta idaztea liburu honetan gauza bera» direla. «Poema bakoitza margolan bat bezala, postal bat bezala, irudi bat bezala azaldu nahi izan dut. Irudi hori gero izan daiteke olioa, akuarela, horma irudia, xilografia... baina nik horixe ikusten dut, eta, gero, irakurleak ikusiko duena dago».

Polikromiak eta monokromiak

Bi ataletan banatu du liburua egileak, eta termino piktorikoak baliatu ditu biak izendatzeko: Polikromiak atalean, «kolore ugaritako poemak» sartu ditu; eta Monokromiak atalean, berriz, kolore bakar bati lotuago ikusten dituenak. Denera, 68 dira poemak. Eta gaiak, «asko». Errepikatzen direnen artean, bere herriko zein eskualdeko parajeak eta txoko kuttunak, kultura klasikoaren erreferentziak —«egindako bidaiek pisu handia dute horretan»— eta Japoniari lotutako erreferentziak aipatu ditu. «Egia esan, Ekialde Urruna oso erakargarria egiten zait; kultura haren harmonia eta sosegua asko gustatzen zaizkit, eta saiatzen naiz hori poemetan islatzen».

Badira, halaber, serie labur modura idatzi dituenak. Liburuaren hasiera aldera datozen Hadrianoren oroitzapenak I, Hadrianoren oroitzapenak II  eta Hadrianoren oroitzapenak III poemak, esaterako. «Kasu horretan, adibidez, triptiko bat ikusten dut nik», esan du.

Bere ezaugarritzat dituen beste bi elementu ere aipatu ditu egileak aurkezpenean. Bata, gustuko dituen askotariko pertsonaia historikoekin «elkarrizketan» aritzea. «Hadriano enperadorea, Virginia Woolf, Guillaume Apollinaire, Safo, Marie Kroyer... Gozatu egiten dut horrekin, ze benetan haiekin nagoela iruditzen zait». Eta, bestea, poemak «aipuz janztea». Ia guztiei erantsi die aipu bat edo gehiago, eta poemen parte direla azaldu du. «Besteak irakurri ahala, beti joaten zara azpimarratzen, eta ikusten zoaz aipu hori edo bestea ze ondo datorkizun. Hemen ere asko sartu ditut; abiapuntua ematen diote poemari, aberastu, edertu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.