Konpost: musika, barruak askatzeko

Konpost taldeak bigarren lana kaleratu du: 'GAP'. Zazpi abestirekin osatu dute diskoa, egunerokoan motibazio iturri dituzten gaiek inspiratuta. Joseba Baleztenak eta Miren Narbaizak ekoiztu dute.

Txerra Bolinaga, Ruben Sannchez, Bingen Mendizabal eta Jon Aranburu, Konpost taldeko kideak. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Txerra Bolinaga, Ruben Sanchez, Bingen Mendizabal eta Jon Aranburu, Konpost taldeko kideak. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko maiatzaren 9a
05:15
Entzun

Gasteizko Konpost musika taldeak izen bereko estreinako diskoa argitaratu zuen 2021ean, hamar kantaz osatua, aurretik makina bat kontzertu eman ondotik. Eta 2023ko hondarrean kaleratu zuen bigarren lana: GAP. Zazpi abesti, 30 bat minutu. Bi diskoen artean, «askeago» sentitzeko prozesu oso bat egon da, «loturarik gabe» aritzeko bide bat, «eboluzio bat», Ruben Sanchez Bakaikoa abeslariaren hitzetan. «Askatu egin gara nolabait». Erraiak zigiluarekin kaleratu dute bigarren lana ere.

Txerra Bolinagak (bateria, koroak), Bingen Mendizabalek (biolina, pianoa, koroak), Jon Aranburuk (gitarra, mandolina, koroak, perkusioa, teklatua) eta Ruben Sanchez Bakaikoak (ahotsa, perkusioa) osatzen dute Konpost. Durako (Araba) Gakobeltz Hit Faktorian grabatu dute bigarren diskoa ere, Joseba Baleztena eta Miren Narbaiza ekoizle, teknikari eta laguntzaile izanda. 

Taldeko kide guztiak hamaika proiektutan aritutakoak dira, besteak beste Hertzainak, RIP edo Stockholm S taldeetan, eta haien arteko «konexioak» eta elkarrekin jotzeko zuten gogoak elkartu zituen, orain sei bat urte. «Egia esateko, taldearen hazia Mercedes Sosa abeslariaren La chicharra kantak landatu zuen», Sanchezek aitortu duenez. Bizitzaren metafora bat da: txitxarra denbora batez lurpean egon ondoren eguzkitan kantatzeko azaleratzen den moduan, heriotza iritsi arte jaiki eta aurrera egin beharra dago. «Bingen eta biok momentu berezi bat igarotzen ari ginen, eta kanta horrek indarra eman zigun proiektua martxan jartzeko», kontatu du.

Ez zuten mundua jateko irrikarik, elkartu eta musika egiteko helburu soila baino ez. Bizipoza. Eta horrela, berehala hasi ziren lokalean kantuak sortzen. Abesti gehienak jo ahala galdu egiten ziren, grabatzea ahaztu egiten zitzaielako. Baina beste batzuk grabatu egin zituzten, eta diskoan bildu. «Amnesia deitu behar genion taldeari», aitortu du Sanchezek, «ez baikara akordatzen kantak grabatzeaz; ez dugu ongi gogoratzen noiz sortu genuen taldea, lehen lana noiz atera genuen...». Entsegu lokalean inprobisatzea da gustukoen dutena, «naturalki» ateratzen zaielako eta ongi pasatzen dutelako. «Eta noizbehinka, akordatzen garenean, grabatu egiten ditugu kantak».

Rocka, edo ez

Gasteizko taldea da Konpost, eta harro aldarrikatzen dute gasteiztartasun hori. Gasteizen sortu ginen edo Gasteizek sortu gintuen irakur daiteke beraien Bandcamp guneko azalpenean. Eta horixe bistaratu nahi izan dute diskoen azaletan ere; Gardelegi zabortegiaren argazki bat aukeratu zuten lehen diskorako, eta Alejo Morenok Alde Zaharrari ateratako eguzkigrafia bat bigarrenerako.  

Etiketarik gabeko zazpi kantak osatzen dute diskoa, musika estilo jakin batean ezin sailkatu daitezkeen zazpi abestik. «Ez gara asko lotzen ildo bakar batera». Baina, Konpost estilo batean kokatu beharko balitz, non? «Esan ahal dugu rocka egiten dugula, baina hain da zabala rocka...Eta zer gara gu? Zerbait izan behar ote dugu? Akaso ez. Esango nuke ezetz».

Musika estiloa ez, baina hitzak samurrago deskribatu daitezke. Kantuen atzean sarri daude taldekideen esperientzia pertsonalak, eta disko honetan are pisu handiagoa du inguruan gertatzen denari behatzeko manerak. «Bizitzen ari garen garaitik kantatzen dugu». Eta, hala, haserre, umorez, umore beltzez, atsekabez edo kritika soziala eginez kantatzen dute. Finean, musika dute barruak askatzeko terapia. «Ez gara oso bereziak, egunerokoan motibatzen gaituzten gauzei kantatzen diegu». Amodio kanta bat, ziri bat, kritika bat... denetarik topatu daiteke GAP lanean.

«Esan ahal dugu rocka egiten dugula, baina hain da zabala rocka... Eta zer gara gu? Zerbait izan behar ote gara? Akaso ez. Esango nuke ezetz».

RUBEN SANCHEZ Konpost taldeko abeslaria

«Spinning, running, aquagim, GAP, BIO, bodypump, muscles, fitness, aquaplus, yoga, txikun, depilatu, taitxi, triatlon, sauna, aerobic/ Mendi karrera, kapsuletan kafia, kubateo estandar, bifidus aktibo, soziedadia, gaur egungo gaztiak/ Jubileoaren zain bazaude, borroka kide ohi!/ Erreserbatu zure lekua obretako hesian». Diskoaren izenburuari zentzua ematen dion Hauster abestiaren hitzek ongi laburbiltzen dute transmititu nahi duten munduaren ikuskera hori: «Gure belaunaldia progrez mozorrotutako karka kuadrilla bat bilakatu da, dena kritikatzeko joera duena. Orain heldu gara gu eta zaharrei zein umeei esaten diegu hau hala da, eta hau hala da».

Kanta guztien hitzak Sanchezek idatzi ditu, Barneko matxiruloa-rena izan ezik –Zigor Olabarriak idatzi du–. «Kaixo hetero jaun/ galderatxo bat daukat./ Zer izkutatzen duen zure ipurtzoloak./ Zergatik deseroso?». Gizon heterosexual normatibo zuriei zuzendutako abesti bat da: «Gure ipurtzuloa irekitzeko gonbidapen bat», ñabartu du Sanchezek. Metafora bat da, baina ez da, badelako esplizitua, baina baduelako bestelako «zama» bat ere. Nolanahi ere, «eroso» sentiarazten dituen abestia da: «Guri dagokigu kantatzea, guri dagokigulako geure burua ebaluatzea». 

Lana kaleratuta, diskoa aurkezteko zenbait kontzertu ere lotuak dituzte dagoeneko: hurrengoa, maiatzaren 17an, Gasteizko Kitsch tabernan. Bitartean, inprobisatzen jarraituko dute Alde Zaharreko lokalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.