Itsaso oso bat tarteko

Giorgos Seferisen poemak bildu ditu Susa argitaletxeak, euskaraz.
'Giorgos Seferis'. SUSA
Irati Majuelo.
2024ko apirilaren 28a
05:10
Entzun

'Giorgos seferis'

Giorgos Seferis poetaren hautaketa lana egin eta euskarara itzuli du Maite Lopez Las Herasek. 30eko Greziako hamarkadako belaunaldiaren parte eta Literatura Nobel sariaren irabazle, heleniarren artean XX. mendeko poeta ezagunenetakoa da. Greziarra bai, baina Urlan –gaur egungo Turkian– jaioa, gaztetan erbesteratu zen lehen aldiz, eta ordutik batetik bestera mugitu zen atzerrian, kontsul, kontseilari eta enbaxadore lanetan, batik bat. Hain zuzen ere, haren herriarekin distantzian zuen harremanak norabidetu zuen Seferisen idazkera. «Nire etxea irla bat da», esan omen zuen behin, eta bere poesia ulertzeko metafora ederra sortu zuen horrela.

Bakardadea, etsipena, arroztasuna, itzulera; poeta greziarraren obra zabalean behin eta berriz aurki daitezkeen gaiak dira horiek. Erbesteak eragindako oinazea eta desesperantza dira, beraz, Seferisek aberria pentsatzeko, sentitzeko eta adierazteko aurkitzen duen bidea. Izan ere, nostalgiatik urrun, gerlen ondoriozko deserriak ez du idealizazio eta ameskeriatarako tarte handirik uzten. Itzulera posibleak irudikatzean ere, etxera iristen ez diren gutunak edota arraunak hautsita dituzten txalupak baino ez ditu imajinatzen.

Sinbolismo nabarmeneko poesia da Seferisena, eta aipaturiko bidetik, haren jaioterri zen Mediterraneoko ezaugarri nagusiek presentzia handia dute: ura, itsasoa, hego haizea, argia, hondartzak. Alabaina, poetaren atsekabea transmititzeko, mugimendurik ezarekin edo blokeoarekin lotzen dira sarri elementu horiek. Putzu hutsak, ur geldiak, iturri lehorrak aipatzen ditu Seferisek, «gelditutako oihartzun hutsa, gure bakardadearen pareko/ gure maitasunaren pareko, gure gorputzen pareko». Kontraste horren adibide da bilduma honetan aurki daitekeen Uharka poema, adibidez.

Itsasoa da, esan bezala, erbestea azaltzeko poetak darabilen beste motibo garrantzitsuetako bat. Itsasoaren bidez azaleratzen dira bidaia posibleak, handitasunean txiki sentitzearen ideia, bakardadearen sakontasuna edota urruntasunak eragindako mina ezin ulertzea. Oroitzapenetako itsasoa, deserriko distantzia markatu duena eta helduaroan Greziara itzultzean topatzen duena desberdinak dira, ordea: «Itsasoa: nola bihurtu zen horrelakoa itsasoa?».

Ez da poesia erreza poeta greziarrarena, erritmo zatikatu eta sintaxi konplexukoa sarri, bildumako lehen erdiko poemetan, bereziki. Hala ere, edo horregatik, merezi du patxadaz murgiltzea paisaia mediterraneotan, ahal dela idazlearen nondik norakoak apur bat irakurrita, Seferisen irrikaz eta minez zein itzultzailearen esfortzuaz gozatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.